Herbarioa

Loreen hilabetea

t: txiribita_mundi / a: David Bartus, Pixabay eta Karolina Grabrowska (Pexels) 2023ko mai. 26a, 10:40

Maiatza da loreen hilabetea. Aitzakia ona da lore jangarrien mundu ezezagunera eta liluragarrira hurbiltzeko eta, bide batez, loreez gozatzeko eta gure errezetetan erabiltzeko.

Lore guztiak dira jangarriak? Ez. Loreak gure errezetetan erabili eta jan baino lehen, ziur jakin behar dugu jan daitezkeela. Orokorrean, lorategietan, errepideetan, loradendetan eta mintegietan daudenak ez dira jangarriak eta produktu kimikoak dituzte, adibidez, pestizidak. Edonola ere, ziur ez bagaude, hobe da ez jatea. Era berean, poleni alergia dioten pertsonek kontu handiz ibili behar dute.  

Nola bildu eta fresko mantendu? Loreak lorategian badaude, haiek biltzeko unerik onena goiz-goizean da, eguzkiak zuzenean jo baino lehen. Berehala jan ezean, zurtoina uretan sartu behar dugu loreak kontsumitu arte. Hozkailuan gordetzeko, paperezko ahozapi bustiz bildu ditzakegu; horrela astebete ere iraungo dute. Erabili baino lehen, ur freskotan pasatu ditzakegu, eta sukaldeko paperaz sikatu kontu handiz.

Non erosi? Tokiko merkatuetan daude salgai, denda espezializatuetan eta gourmet dendetan. Galdetu produktu kimikorik erabilita hazi diren. Egokiena da haziak erostea eta etxean modu organikoan haztea.

Mitxoleta (papaver rhoeas): Azkenburukoetan eta entsaladetan erabili ditzakegu haziak eta lorea. Apur bat goxoa da, eta fruitu lehorren antzekoa.

Laranja-lorea (citrus aurntium e sinensis): Laranjondoaren lorea da. Perfume-aroma berezia du, eta zapore goxoa. Azkenburukoak eta koktelak egiteko erabili dezakegu. Era berean, hainbat plater usaingozatzeko erabili dezakegu laranja-lorearen ura.

Begonia (begonia x tuberhybrida, b. semperflorens): Zapore apur bat garratza du, limoiaren zaporearen antzekoa. Fruta eta entsaladekin batera hartu daiteke.

Hilerri-lilia (calendula officinalis): Gomendagarria eguerdian batzea. Hori- edo urre-kolorekoa izan daiteke, edo laranja biziko kolorekoa. Zapore garratza eta mingotsa du, iltzeak bezala. Ohikoa da infusioetan hartzea eta azkenburukoetan erabiltzea, zapore goxoa areagotzeko eta koloratzeko.

Kalabazina (curcubita pepo): Zapore suabe eta goxoa du, eta edozein barazkirekin batera prestatu daiteke. Lore freskoak bete ohi dira.

Hibiskoa (hibiscus rosa sinnensis): Masusta gorriak bezala, zapore garratza du eta oso ondo uztartzen da azkenburukoekin eta fruta freskoarekin. Ohikoa da infusioetan erabiltzea, eta oinarrizko osagaia da Jamaikako ura izeneko edaria prestatzeko.

Txiribita edo bitxilorea (bellis perennis): Urte osoan hazi daitekeen lorea da. Zapore mingotsa du eta plater askotan erabili daiteke, zuri-kolorekoa denez janariari argitasuna ekartzen dio eta.

Pentsamendua (viola wittrockiana): Zapore goxoa du eta ondo uztartzen da era askotako platerekin eta azkenburukoekin.

Arrosa (rosa spp.): Lore-hostoek aroma bizia eta zapore goxoa dute; eta lore-hosto ilunagoek, askoz goxoagoa. Entsaladak prestatzeko erabili ditzakegu, txokolateetan eta edariak apaintzeko. Arrosa-urak aroma ematen die azkenburukoei, eta dotorezia-ukitua.

Tulipa (tulipa spp.): Zapore suabe eta goxoa du. Egia esan, platerei ez die oso zapore bizirik ekartzen, eta horregatik, batez ere, platerak apaintzeko erabili ohi da. Lorea ontzitzat erabili dezakegu, eta haren barruan izozki-bola bat ipini. 

Espero dut gida txiki hau zuretzat baliagarria izatea eta animatu zaitezela lore jangarrien mundu koloretsua eta goxoa probatzera. On egin!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).