Menditik patxadaz

Kastroak

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 9a, 12:10

Aranzadiko arkeologoek opari ederra egin ziguten 2022an: Irulegiko eskua. On­do azaldu zuten “sorioneku” famatua non eta nola aurkitu zuten. Eskua Iruñea on­doko kastro batean aurkitu zuten, Irulegin hain zuzen. Baina zer dira kastroak edo oppidumak? Antzinako herrixkak dira, mendi-kaskoetan eraiki ohi zirenak. Haie­taz arituko gara. 

Brontze Aroan eraikitzen hasi, eta ge­hienbat Burdin Aroan zabaldu ziren. Zer­gatia argi ez egon arren, orduko biz­tanleak babes handiagoa bilatzen hasi zi­ren eta herrixkak gero eta altuago erai­kitzen zituzten; harresiak eta defentsa-sistemak ere gero eta altuagoak eta ho­beak ziren. Euren babespean zeuden, bes­teak beste, etxeak, animaliak eta hilo­biak. Horrela bospasei mende bizi ostean hasi ziren kastroak uzten, harik eta guztiz abandonatu zituzten arte. Hori Kristo au­rreko 100. urtearen inguruan izan zen, erro­matarrak agertu eta batera. 

Luzaro uste izan da isurialde kantauria­rrean, gure inguruan, oso herrixka gotortu gu­txi egon direla. Izan ere, orografiak, lan­daretzak, lurraren azidotasunak… ez du­te lagundu ez kastroak mantentzen, ez aurkitzen. Hala ere, hainbat kastroren be­rri dugu gaur egun, Gipuzkoan zein Biz­kaian. 

Txorierrin bertan Berreagako kastroa du­gu, Mungia eta Zamudio artean. Egia esan, han bertan ez da askorik ikusten, baina orain dela hainbat urte indusketa egin zen, eta aurkitutako objektuak eta es­tela ederrak Bilboko Etnografia Mu­seoan daude. Era berean, baliteke La­rra­betzuko Gaztelu auzoan ere kastro bat eraiki izana. Bestalde, Zallako Bo­lun­bu­ruko kastroa bisitatzea merezi du: ha­rre­siko zatirik handiena berreginda dago men­di-tontortxo batean.  

Baina baten batek bisita merezi badu, ho­ri Arrolako kastroa da. Marueleza izenez ere ezaguna, Nabarniz eta Arratzu he­rrien artean dago. Handia da, itzela, eta Urdaibaiko bista ezin hobeak daude ber­tatik. Kastroko “ate nagusiko” hormak ikus­garriak dira, bihurgunean, bospasei me­troko altuerakoak; haien gainean egu­rrezko hesi bat egon zen ustea dago. Ba­rrura sartu, eta etxeen aztarnak ikusi dai­tezke. Aurrera jarraituta, hegoaldeko atea topatuko dugu 300 metrora bai­no ge­hiagora. Sorpresak ez dira hor amai­tu­ko: ate horretatik behera eginez gero, zu­zen eta une batean eskuinaldera, Gaz­ti­buru aurkituko dugu kilometro batera. Zer da edo zen leku hori? Bada, ez dago ar­gi. Kastroaren garai berekoa da, eta lau har­maila izan litezkeenek plaza bat in­gu­ratzen dute. Batzarretarako erabiltzen zu­ten? Erritualetarako? Ez da beste inon ha­lakorik aurkitu, eta leku misteriotsua da, du­da barik. Beste aldetik, Arratzun da­go Arro­lagune interpretazio-zentro interes­garria. 

 

Ibilbide proposamena

Hainbat lekutatik hurbildu daite­ke Arrolako kastroraino, baina gu Nabar­niz­etik hurbilduko gara eta bederatzi ki­lometroko joan-etorria egingo dugu. Eli­zatik irten, eta beheko errepideko bi­ribilgunera eta beherago dauden ba­se­rrietara joango gara asfaltotik. Han GR98ko markak topatuko ditugu: Urdai­baiko bira. Markei jarraituta, ezkerretara egin­go dugu bidezidor batetik. Une ba­tean errepide nagusia gurutzatu, eta hor­migoizko pista batetik jarraituko du­gu. Esan beharra dago, zati hori erre­pide nagusitik egin daitekeela, baina men­dizaleontzat as­koz politagoa da GRi ja­rrai­tuta egitea. Pistatik 700 metro egin on­doren, kontuz ibili beharko dugu: markek ezkerretara egingo dute, baina guk au­rrera jarraituko dugu. Hirurehun bat metrora, pista nagusia utzi, eta eskuinetik jarraituko dugu: laster helduko gara Arro­lako kastroko ate nagusi ikusgarrira. 

Ate nagusi ederretik sartuko gara; etxe­bizitzak izandakoen hondarrak ikusi­ko ditugu bertan; gotorlekura igoko gara eta bista ederraz gozatuko dugu; eta au­rrera jarraituko dugu bidezidorretik. Kon­tuan hartu kastro barrutik goazela, eta oso garbi ez dagoen arren, eskuinetara harresiak jarraitzen duela. Laster, 300 me­trora, hegoaldeko atea ikusiko dugu. Kas­trotik atera eta Gaztiburura joan na­hi badugu, behera egin beharko du­gu; aldapa gogorra da. Kilometro er­di­ra, eskuinean, baserri batera doan pis­ta ikusiko dugu. Guk, berriz, aurrera ja­rraituko dugu, eta eskuinetara egi­ten duen hurrengoa hartu. Beste kilo­me­tro erdi bat eginda ailegatuko gara hel­mugara. Gaztiburu alanbrez itxi­ta da­go ezkerraldean. Leku eta harri mis­te­riotsuak topatuko ditugu bertan. Itzul­tzeko, ia leku beretik egingo dugu he­­goaldeko ateraino. Hor eskuinetara egin­go dugu; baserri baten ondotik pa­sa­tuko gara; eta kastroa iparraldetik in­gu­ratuko dugu zuhaitz artean. Azken za­tia, Nabarnizera heltzeko, errepidetik egin­go dugu oraingoan. Domeka goiza ba­da, ez ahaztu Arratzuko interpretazio-zen­troa bisitatzea. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).