Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak enpresa bat kontratatzen du etxez etxeko laguntza-zerbitzua emateko, eta langileek hainbat mobilizazio egin dituzte urtarriletik hona, euren lan-baldintzak salatzeko. Besteak beste, badira zortzi urte soldata-igoerarik ez dutela, eta goizeko 6etatik gaueko 10ak arte egon behar dute lan egiteko moduan. “Ez digute horregatik plusik ordaintzen. Gainera, laguntza-zerbitzua bailarako edozein herritan egin behar dugu, eta leku batetik bestera ibili. Hori ekiditeko, langile bakoitzari dagozkion laguntza-zerbitzuak herrika antolatzeko eskatu dugu, baina ez digute onartu”.
Era berean, etxez etxeko zerbitzuko langileek euren autoa erabili behar dute mendekotasuna duten pertsonak artatzera joateko. “Txorierriko udal-ordezkariekin batu ginen gure egoeraren berri emateko, eta prest azaldu ziren autoaren mantentzeagatik plus bat ordaintzeko; hala ere, enpresak ezetz erantzun zuen”. Bestalde, azaldu dute antzinatasunari dagokionez hirurtekoak kobratzen dituztela eta horiek oso igoera txikia izan dutela. “Zentimo banaka batzuk baino ez. Guk badakigu enpresari zenbat diru ordaintzen zaion, eta badakigu guri zenbat diru ordaintzen diguten; baten bat onura ateratzen ari zaio etxez etxeko laguntza-zerbitzuri”.
Beste aldetik, Txorierriko etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileek adierazi duten moduan, enpresa-eremua sortu dute eta horri esker laster enpresarekin zuzenean negoziatu ahalko dute lan-baldintzak hobetzea, hitzarmena alde batera utzita. “Irailetik aurrera jo ta ke ibiliko gara gure errebindikazioak lortu arte”.