Herbarioa

Kamamila

t: @txiribita_mundi / a: Zydea Osika (Pexels) 2023ko eka. 30a, 08:55

Matricaria chamomila, Recutita… Oso landare ezaguna da Euskal Herrian, eta apiriletik-maiatzetik aurrera mendira joan ohi da hura biltzera. Kamamila-mota asko daude, baina guztiek dituzte propietate eta erabilera berberak; nolanahi ere, gehien erabiltzen dena da Matricaria chamomila.

Loreak loraldiaren hasieran biltzen dira. Udaberrian eta udaren hasieran mendietan topatuko dugu kamamila, zereal-laboreetan, bide-ertzetan… Biltzeko modurik onena hau da: lore-ernamuina eskuz moztu, zurtoinaren edo adarraren ahalik eta zati txikiena hartuz. Loreak fresko zein siku daudela erabili daitezke. Sikatzeko, leku aireztatu eta siku batean ipini behar ditugu, gerizpean; ondo sikatuta daudenean beirazko ontzietan gorde behar ditugu. 

Sukaldean

Kamamila-ardoa lagungarria da digestioa hobetzeko. Honela egingo dugu: ardo zuri litro batean 100 g kamamila-lore ipiniko dugu aste batean. Ondoren iragaziko dugu eta likidoa botila batean gordeko dugu. Oso digestio astunak izanez gero, katilukada bat edan daiteke.

Propietate sendagarriak

Batez ere digestio-minak arintzeko erabiltzen da, eta nerbioak lasaitzeko. Infusioa honela prestatuko dugu: edalontzi bat ur lapikora botako dugu, irakin, eta 6-8 lore gehituko ditugu; 10 minutuan estaliko dugu eta gero iragaziko dugu. Egunean hiruzpalau edalontzi txiki hartu daitezke. Umeek ere edan dezakete.

  • Baliagarria da digestio-kolikoak eta haizeak arintzeko. Infusioa hartu behar da.
  • Hainbat min arintzen ditu: haginetakoa, hilekoak sortzen duena, erreuma, artritisa… Infusioa hartu behar da, eta olioaz edo ukenduaz masajea eman.
  • Antsietatea gutxitzen du, eta lasaitu. Infusioa edan behar da.
  • Hantura-kontrakoa da eta zauriak orbaintzen ditu. Odoluzkiak izanez gero, olioa edo ukendua jarri dezakegu azalean.
  • Eztarriko mina arintzeko, gargarak egin ditzakegu infusioarekin. Baita hortzoia handituta badugu edo beste aho-arazo batzuk baditugu ere.

Erabilera kosmetikoak

Kamamila-xanpuak zahia gutxitzen du eta infusio kontzentratuak ilearen kolorea argitzen du. Oinarrizko osagaia da olioak edo hantura-kontrako ukenduak egiteko. Intsektuen ziztadetan ipini daiteke, zaurietan, ekzemetan eta gune minduetan. Kamamila-olioa honela egingo dugu: bederatziren bat kamamila eta zortzi bederatziren olioa ipiniko dugu Maria bainuan, ordu pare batean eta su eztian. Iragazi, eta hozten denean botilatuko dugu.

Ortuan

Oso landare onuragarria da orturako, landareen onddoak uxatzen laguntzen du-eta, adibidez azen, brokolien, azaloreen eta tomateen kasuan. Lurreko nutrienteak eragiten ditu, eta laboreetarako onuragarriak diren hainbat intsektu erakarri. Gainera, fungizida da: prestakina egin, eta onddoak dituzten landareen hostoetan bota daiteke.

Belarrak eta landareak batzeko aholkuak

Orokorrean: hartu ondo ezagutzen duzuna; hartu neurriz eta soilik lekuan asko badaude; ez eraman dena, utzi beti zerbait; hartu bakarrik erabiliko duzun landarearen zatia; ez atera sustraitik, moztu ondo hazten jarrai dezaten; ez moztu loreen % 20 baino gehiago, zuhaitzak edo zuhaixkak badira; hartu bakarrik erabiliko duzuna, geroago itzuli zaitezke, edo beste leku batzuetara joan; ez jaso gune babestuetan edo parke naturaletan.

Non: larreetan eta autorik pasatzen ez den bide-ertzetan; goldatu gabeko basoetan; toxikorik erabiltzen ez den ortuetan eta lorategietan; INOIZ EZ areketan, fumigatutako landetan eta ibaiertz kutsatuetan.

Noiz: goizean, ihintza sikatu ondoren; hartu hostoak erabiliko ditugun egunean berean; hartu loreak goizean eta sustraiak arratsaldean; landareak gorde edo sikatzeko, hobe da ilbehera denean jasotzea.

Materialak: eskularruak, artaziak, paperezko oihalezko poltsa, zumezko saskiak…

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).