Herbarioa

Intsusa

t: @txiribita_mundi / a: Wikipedia 2023ko uzt. 7a, 12:27

Sambucus nigra. Euskal Herriko landarerik ohikoenetariko bat da. Adar askoko zuhaixka da eta 6-8 metro luze izan daiteke. Bere loreak zuriak dira, oso txikiak, eta multzokatuta daude luku-eran. Lantza-puntaren itxurako hostoak ditu, hortzdunak, eta txikiak eta mamitsuak diren fruitu beltzak, purpura koloratzaile pupura dutenak. Intsusa martxotik ekainera bitartean loratzen da, eta fruituak udan ematen ditu. Loreak, hostoak, fruituak eta bigarren azala biltzen dira.

Sukaldean

Baia heldu-helduak jan behar dira; bestela, mingotsak dira. Fruituak erabilita prestatu daitezke marmeladak, xarabeak eta ardoak. Loreak ere jan daitezke: arrautza-irinetan pasatu eta olio berotan frijituko ditugu; azukrea botako diegu gainetik.

Ezaugarri sendagarriak

Barne-erabilera:

Loreak espektoratzaileak eta hanturaren aurkakoak dira. Era berean, baliagarriak dira arnasbideetako gaixotasunak arintzeko. Fruituak erabilita xarabeak prestatu daitezke, eta loreak erabilita, infusioak. 

Infusioa egiteko, sutan katilukada bat ur ipiniko dugu. Irakiten denean, sua itzaliko dugu eta koilarakada bat intsusa-lore gehituko dugu. Hamar minutuan jalkitzen izango dugu. Kantitate handiagoa egin nahi izanez gero, 20-30 g lore erabiliko dugu ur litro bakoitzeko. Infusioa baliagarria da eztula arintzeko, flemak kanporatzeko, defentsak igotzeko eta gaixotasun biralei aurrea hartzeko eta aurre egiteko. Egunean bizpahiru katilukada hartu behar dira.

Arnasketa-arazoak arintzeko errezeta egiteko, bestalde, sutan bi katilukada ur ipiniko dugu. Irakiten denean, sua itzali, eta gehituko ditugu bi koilarakada intsusa-lore, milorri-adar txiki bat eta menda-adaxka bat. Hamar minutuan jalkitzen utziko dugu. Limoi baten ura eta koilarakada bat ezti lagunduta hartuko dugu. Egunean sei aldiz hartu daiteke. Infusio hau baliagarria da gripea, eztula eta bronkitisa arintzeko. 

Kanpo-erabilera:

Infusioa erabilita begiak garbitu daitezke, lagungarria baita konjuntibitisa eta begitxindorrak arintzeko. Infusioa ondo iragazi behar da gaza fin batek lagunduta. Beste aldetik, adarren azal sekundarioa erabilita ukendua egin daiteke erredurak, kolpeak eta ospelak sendatzeko.

Intsusa-ukendua egiteko, 300 g azal sekundario ipiniko dugu litro erdi oliotan. Berotuko dugu, baina erre barik. Ondoren, nahasia iragazi eta 50-60 g erle-argizari gehituko dugu. Urtzen utziko dugu, poliki-poliki, eta poto garbietan gordeko dugu; potoei ukendua hozten denean ipiniko diegu estalkia.

Erabilera kosmetikoak

Aurpegiko larruazala garbitzeko, lore-infusioa egin eta lurrunak hartu daitezke. Poroak zabaldu eta garbitzen ditu, eta aldizka egiten bada, aurpegiko larruazala leuntzen du.

Ortuan

Hosto- eta lore-infusioa xaboi apur batekin (detergenterik ez) nahastu daiteke, eta landare-zorriei aurre egiteko erabili. 

Kontraindikazioak

Haurdun daudenek edo titia ematen dabiltzanek neurriz hartu behar dute. Azukrea kontrolatzeko botikak hartzen dituzten pertsonek, berriz, ezin dute hartu.  

Ez erratu

Intsusa eta akamailua nahasi daitezke batzuetan, oso landare antzekoak izateaz gainera, bata bestearen ondoan hazi dira eta. Ez erratzeko, hauek dira haien arteko ezberdintasunak: akamailua urteko landarea da, eta intsusa ez; akamailua intsusaren azpian hazten da; intsusaren adarrak gorantz hazten dira eta gero beherantz zintzilikatzen dira; akamailuaren adarrak, aldiz, gorantz hazten dira eta bere hostoak zuzenagoak dira.  

Belarrak eta landareak batzeko aholkuak

Orokorrean: hartu ondo ezagutzen duzuna; hartu neurriz eta soilik lekuan asko badaude; ez eraman dena, utzi beti zerbait; hartu bakarrik erabiliko duzun landarearen zatia; ez atera sustraitik, moztu ondo hazten jarrai dezaten; ez moztu loreen % 20 baino gehiago, zuhaitzak edo zuhaixkak badira; hartu bakarrik erabiliko duzuna, geroago itzuli zaitezke, edo beste leku batzuetara joan; ez jaso gune babestuetan edo parke naturaletan.

Non: larreetan eta autorik pasatzen ez den bide-ertzetan; goldatu gabeko basoetan; toxikorik erabiltzen ez den ortuetan eta lorategietan; INOIZ EZ areketan, fumigatutako landetan eta ibaiertz kutsatuetan.

Noiz: goizean, ihintza sikatu ondoren; hartu hostoak erabiliko ditugun egunean berean; hartu loreak goizean eta sustraiak arratsaldean; landareak gorde edo sikatzeko, hobe da ilbehera denean jasotzea.

Materialak: eskularruak, artaziak, paperezko oihalezko poltsa, zumezko saskiak…

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).