Garraiska

t: @txiribita_mundi / a: Edgar Rodrigo 2023ko uzt. 24a, 13:26

Melissa officinalis L. Europako landarea da eta bere izena grekotik dator: erle-eztia. Izatez, eztiak dituen propietate orbaintzaile eta sendagarri berberak dituela esaten da. Hosto gazteak hazkunde-fasean biltzen dira, eta aireko zatiak, udan zabaldu aurretik. Itzalpean sikatu behar dira leku ondo aireztatu batean, eta beirazko ontzietan gorde.   

Sukaldean

Gehienbat infusioetan erabiltzen da, edo, askotan mendarekin batera, izozkiak eta karameluak usaineztatzeko, limoi-aroma atsegina du eta. Era berean, entsaladetan eta tortilletan erabili daiteke, hegazti edo haragi erreen betegarrietan, eta arrain- edo oilasko-gisatuetan; hala ere, batez ere postreetan erabiltzen da: fruta-mazedonietan, tartetan, gozokietan, kontserbetan, marmeladetan eta jeletan. Bestalde, te hotz-hotza garraiska erara egin daiteke, bakarrik garraiska erabilita edo hura mendarekin nahastuta. Gainera, garraiska-pestoa prestatu daiteke, eta plater gazituetan erabili. Ezti- eta limoi-zaporea duenez, oso egokia da prestatzeko, adibidez, madariak ardoarekin eta profiterolak.

Udan gaudela aprobetxatuta, azenario-sorbetea garraiska-aroma erara egin dezakegu, oso freskagarria delako. Hurrengo osagai hauek beharko ditugu: 250 ml laranja-ur, 500 g azenario (zurituak eta xerretan moztuak), 750 ml ur, 200 g azukre eta garraiska-zotz bat. Lehenengo eta behin, almibarra prestatuko dugu ura, azukrea eta garraiska erabilita. Horretarako, ura eta azukrea nahastu, eta sutan izango dugu irakin arte. garraiska-hostoak txiki-txiki egingo ditugu, eta urtetara bota; su ertainean izango dugu 8-10 minutuan. Almibarra giro-tenperaturan hoztuko dugu. Hozten denean, almibarra iragaziko dugu hosto-zatiak kentzeko (hala ere, nahi izanez gero, apaingarri moduan utzi daitezke). Beste aldetik, azenarioa 20 minutuan egosiko dugu samur egon arte. Uretatik atera, eta epeltzen denean laranja-urarekin nahasi, eta pure suabea egingo dugu. Hozten utziko dugu. Azenario-purea eta garraiska-almibarra nahastuko ditugu, eta ahal bada, izozkiak egiteko makinan ipiniko dugu; bestela tuper batera bota, estalkia jarri, eta izozkailuan sartu dezakegu; 30-45 minutuero hozkailutik atera beharko dugu, eta sardexka bat erabilita izotz-kristalak apurtu. Sorbetea gozoago egoteko, erdi izoztuta dagoenean, elur-punturaino irabiatutako zuringo bat gehitu ahal zaio. Garraiska- edo menda-hostoak erabili daitezke apaingarri moduan.

Propietate sendagarriak

Lasaigarria da, eta nerbio-sistema birsortzen du. Antsietatea arintzeko erabiltzen da, depresioa, tentsio nerbiosoa eta horiek sortzen duten digestio-ondoeza. Digestioa estimulatzen du, eta karminatiboa da, antibirala eta bakterioen kontrakoa. Infusioa hartu daiteke lasaitzeko eta insomnioari aurre egiteko. Hileko mingarriak arintzeko ere egokia da, erreumarako, kolpeetarako eta hainbat minetarako: infusioaz gainera, masajeak egin daitezke garraiska-olioa erabilita, edota landare-konpresak ipini. Larruazaleko zauriak eta ezpainetako herpesa arintzeko ere erabili daiteke infusioa, eta hortzetako mina arintzeko (azken kasu horretan, kamamilarekin, mendarekin eta iltze-belarrarekin nahasi daiteke).

Erabilera kosmetikoak

Kremak egiteko erabiltzen da. Kremak baliagarriak dira zauriak osatzen laguntzeko, pupak eta intsektuen ziztadak. Gainera, oilo esentziala erabilita intsektuak uxatzeko lozioak egin daitezke, baita masaje lasaigarriak egiteko ere. Intsektuak uxatzeko lozioa egiteko, ozpina hiru laurden behar dugu, 20 g alkohol eta hurrengo landare hauetako bakoitzaren koilarakada bat: garraiska, menda, erromeroa, salbia eta izpilikua. Nahasia 7-10 egunean mazeratu behar da, egunero eraginez. Lozioz eskuak, aurpegia eta gorputza igurtzi behar dira.   

Ortuan

Landare ezti-emailea da, erleak erakartzen ditu eta beste intsektu polinizatzaile batzuk.

Beste erabilera batzuk

Hostoak koltxoiaren gainean ipiniz gero, arkakusoak uxatuko dira; hortaz, maskoten ohean erabili daitezke.

Belarrak eta landareak batzeko aholkuak

Orokorrean: hartu ondo ezagutzen duzuna; hartu neurriz eta soilik lekuan asko badaude; ez eraman dena, utzi beti zerbait; hartu bakarrik erabiliko duzun landarearen zatia; ez atera sustraitik, moztu ondo hazten jarrai dezaten; ez moztu loreen % 20 baino gehiago, zuhaitzak edo zuhaixkak badira; hartu bakarrik erabiliko duzuna, geroago itzuli zaitezke, edo beste leku batzuetara joan; ez jaso gune babestuetan edo parke naturaletan.

Non: larreetan eta autorik pasatzen ez den bide-ertzetan; goldatu gabeko basoetan; toxikorik erabiltzen ez den ortuetan eta lorategietan; INOIZ EZ areketan, fumigatutako landetan eta ibaiertz kutsatuetan.

Noiz: goizean, ihintza sikatu ondoren; hartu hostoak erabiliko ditugun egunean berean; hartu loreak goizean eta sustraiak arratsaldean; landareak gorde edo sikatzeko, hobe da ilbehera denean jasotzea.

Materialak: eskularruak, artaziak, paperezko oihalezko poltsa, zumezko saskiak…

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).