Nolanahi ere, hilak gogoratzeaz gainera, historian zehar hilarrien antzeko monolitoak erabili dira legeak jakitera emateko, norbait ohoratzeko, mugak jartzeko edo beste gauza askotarako, hala nola Ekialde Hurbilean, Egipton, Afrikan, Txinan eta Amerikako zibilizazioetan.
Gurera etorrita, Euskal Herrira, tradizio handikoak ditugu hilarriak. Hilekin zerikusia dute, eta beti horrela ez bada ere, gehienek disko-itxura dute. Haietan irudikatzen dira lauburuak, edo hiru buru, eguzkiak, ilargiak, irudi antropomorfoak, mota askotako gurutzeak… Era berean, ohikoa da hildakoaren lanbideko tresnak zizelkatzea, eta horrela dakigu, esaterako, errementaria zen, hargina, laboraria, joskilea edo etxekoandrea (azken horren kasuan, giltzen giltzarrapoa erabili izan da Iparraldean).
Munduko disko-formako hilarri-kontzentraziorik handiena Euskal Herrian dago: 3.000tik gora aurkitu dira berton; gehienak Iparraldean ( % 65) eta Nafarroan (% 25). Gehienek 40-50 cm-ko diametroa dute, 20 cm-tik 90 cm-ra bitarteko diametroa dutenak ere egon arren; lodiera zortzi cm-tik 25 cm-ra bitartekoa da. Nahikoa da Iparraldeko zein Nafarroako Pirinioetako edozein elizaren ondoko kanposantura hurbiltzea, hainbat hilarri eder ikusteko: batzuk zahar-zaharrak dira; beste batzuk, berriagoak. Txorierrin ere badugu ohore txiki bat: Berreagako kastroan, Zamudio eta Mungia artean, aurkitu ziren orain arte topatutako hilarririk zaharrenak, 2.000 urtetik gora dituztenak. Bilboko museo etnografikoan daude ikusgai, beste hilarri askorekin batera.
Ibilbide proposamena
Hil honetako proposamena ez da antzinako hilarriak bisitatzea, baizik eta ikustea merezi duen kanposantu bitxi bat bisitatzea. Bermeoko Mañu auzoko kanposantua disko-formako hilarriz beteta dago, bertan mota horretakoak baino ezin baitira jarri.
Bermeoko portuan hasiko dugu 14 kilometro eskaseko ibilbidea. Saiatuko gara kale artean GR marka zuri-gorriei jarraitzen, Bakioranzko norabidean; Bermeoko kiroldegia igarota, une batean Bakiora doan errepidetik egingo dugu zati txiki bat. Markek ezkerretara egingo dute handik gutxira, eta baserri-txalet batzuetatik pasatu ondoren pinudiko pistan sartuko gara, mendian gora. Bidegurutze batera helduko gara: eskuinaldera eginez gero, Burgoa mendira eta Gaztelugatxera joan gaitezke; hala ere, ezkerretara egingo dugu eta altuerari eutsita pista erraz batetik, azken zatia asfaltatuta duena, Cannon jatetxera helduko gara, Sollubeko aldapan. Itsasoko eta Bermeoko bista paregabeak gozatuko ditugu bidean zehar.
Antenara doan errepidea hartuko dugu, eta, laster, eskuinera eta behera, Mañu auzoko eliza eta kanposantua ikusiko ditugu. Bertaraino hurbilduko gara, baina lasai, zeren denbora hilarrien ikonografia misteriotsuak deszifratzen joango zaigu. Irudien ondoan, lehen ohitura zen legez, baserrien izenak daude, hildakoen izen-abizenen ordez. Azken urratsak atzera egin, eta antenarantz jarraitu beharrean, beherantz doan errepide estua hartuko dugu Bermeoraino. Bidetik Almike auzoa dago, inoiz herria izandakoa eta ermita, eliza dotore eta erretegia dituena; kontuan hartu behar da Bermeotik Bilbora zihoan galtzada bertatik pasatzen zela. Denbora izanez gero, arrantzaleen museoa bisita dezakegu Bermeon.