Kirikiñausiak

t/a: Iñaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka 2023ko ira. 26a, 13:22

Gaur egun lantzean behin eta ia-ia kapritxoz jaten ditugun arren, gaztainek gosea kentzeko balio izan zuten garai batean. Izan ere, Amerikatik artoa, patata, indaba… ekarri eta jateko horiek orokortu aurretik, ez zegoen hainbeste aukera landatu eta jateko. Garia zen oinarria, baina gariz egindako ogiari aberatsen ogia esaten zitzaion leku askotan, eta pobreek, bestalde, gaztaina-ogiarekin konformatu behar zuten. Jateko era bat zen gaztainak birrindu eta ogi-antzeko bat egin; eta beste erak gaur egunera arte heldu dira: egosita edo erreta. Apurka-apurka gaztainak erretzeko danbolinak asmatu ziren beheko suan ipintzeko.

Baina gosea kendu ahal izateko, lehenengo eta behin gaztainak batu behar dira, eta iraunarazi. Horretarako, orain dela ehunka urte kirikiñausiak erabiltzen hasi ziren; horiei kirikino-hesiak edo eskortak ere esaten zaie. Kirikiñausiak dira harrizko hesiak, metro batetik bi metrora arteko altuerakoak eta zortzi metroko diametroa ere izan lezaketenak; egurrezko atea jartzen zitzaien. Makilak erabilita gaztainak zuhaitzetatik bota ostean, han gordetzen ziren kirikinoak eta guzti. Han ia urtebete mantendu ahal ziren. Gainera, hesiek basoko animalietatik babesteko ere balio zuten: basurdeetatik, txerrietatik, ahuntzetik…

Garai batean garrantzi handiko merkataritza egon zen gaztainen inguruan, eta esportatu ere egiten ziren. Gaztainondo ugari zeuden gure basoetan, baina XIX. mendearen amaieratik aurrera desagertuz joan dira gaixotasun baten erruagatik. Datu bat, zeukaten garrantziaz konturatzeko: Gorbeia inguruan 40 kirikiñausitik gora aurkitu dira.

Ibilbide-proposamena

Orozkoko Usabel auzo ostean dagoen aparkalekuan hasiko dugu zazpi kilometroko mendi-ibilaldia. Erreka gurutzatuko dugu; Olarte ola izandakoaren ondotik pasatuko gara; eta ezkerreko pista hartuko dugu, antaparara doan kanal zabalari jarraituta. Erreka berriro gurutzatzen dugunean porlanezko pista utziko dugu; eta ezkerretara ikusten den baso bidexkatik jarraituko dugu, errekarantz. Bertan hasiko gara ikusten ibilbide osoan lagunduko diguten seinale-makilak: “Gaztaina eguna” jartzen du makil guztietan.   

Bidea ondo hartu badugu, segituan Arearrietako teileria zaharra ikusiko dugu, teilak egiteko erabiltzen zen labea hain zuzen. Aurrera egingo dugu makilei jarraituta. Leku zoragarria da: erreka-bazterra eta era guztietako zuhaitzen gerizpea. Kontuz ibili beharko dugu egurrezko zubitik zein ondorengo eskaileretatik igarotzean, oso egoera egokian ez daude eta. Errota zahar baten aztarnak utziko ditugu eskuinean, eta laster helduko gara Atxurikolanda kirikiñausira. Erdi estalita dago bidearen eskuinean. Bi kilometro egin ditugu ibilaldiaren hasieratik.

Apur bat aurrerago aukeratu beharko dugu: aurrera jarraitu ala ezkerreko pista hartu, gorantz doana, eta kilometro bateko joan-etorria egin, Suakudui kirikiñausia ikusteko. Nahiko aldapa gogorra da, baina esfortzuak merezi du. Azken metrotan kontuz ibili beharko dugu, zeren goazen bidexka utzi eta gaztainondo zaharren ilarei jarraituz heldu beharko baitugu. Ez da erraza aurkitzea.

Lehengo lekura itzulita, errekari jarraituko diogu. Beste aldera zubi batetik pasatuko gara, eta Lastrabe kirikiñausi handia topatuko dugu, harritzarrez eginda dagoena. Hortik aurrera malda gora hasiko da bidezidorra, sigi-saga batzuk eginez eta une batzuetan Itxinako mendien bista ezin ederragoaz gozatuko dugu. Adi joanez gero inguru honetan beste hiru edo lau kirikiñauzi ikus daitezke, erdi estalita eta apurtuta. Beherantz egingo dugu eta porlanezko pistara helduko gara. Leku honetan ere merezi du beste aldetik Irukusigieta kirikiñausiraino joan-etorri laburra egitea: hura ere ederra. Porlanezko pistatik beherantz, hasierako aparkalekura helduko gara. Atzean oso ibilbide polita utzi dugu.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).