Erabilera medizinalak
Alkaloide-kopuru handia duenez, ahoz ez hartzea aholkatzen da, gonbitoa eta zorabioa eragin dezake eta. Belar-biltzaileek nahiago dute iodo-belarra kanpo-erremedioak egiteko erabiltzea, garatxoak kentzeko, adibidez, oso eraginkorra da eta. Latex freskoan dago azido zelidonikoa, garatxoen kontrakoa dena eta propietate antimikotikoak eta birusen kontrakoak dituena. Eraginkorra da atzamarretan ateratzen diren garatxoak kentzeko zein oin-zolan, lepoan, besapeetan eta buruan ateratzen direnak kentzeko.
Errezeta: Iodo-belarraren krema
Osagaiak: 80-100 g hosto fresko, katilukada bat glizerina begetal natural eta koilarakada bat ur destilatu. Eskularruak ipini beharko ditugu, zikintzeaz gainera, larruazala erre dezakeelako. Hostoak txiki-txiki egingo ditugu eta 15 minutuan egosiko ditugu; lurrunari adi egon beharko diogu, narritagarria izan daiteke eta. Hogei minutuan izango dugu jalkitzen. Ondoren, su motelean egingo dugu berriro, 20 minutuan, likidoa gutxi gorabehera erdira urritu dadin. Glizerina gehituko dugu eta apur bat gehiago egingo dugu, harik eta baselina-testura hartzen duen arte. Ontziratuko dugu, eta hozten utzi. Ontzian data ipini, eta hozkailuan gordeko dugu; kontserbagarririk ez duenez, hiruzpalau aste igarota, bota beharko dugu.
Nola erabili: kotoi-zotz batek lagunduta, garatxoan ezarri ahal dugu, inguruko larruazala ukitu barik (baselina, esparatrapua edo gaza bat erabili dezakegu larruazala babesteko). Egunean bi aldiz ezarri dezakegu, garatxoa desagertu arte.
Kontuz: ezin da zaurietan edo erroitzetan ezarri; narritadura sortu dezake, eta larruazalean babak agertu. Latexa larruazalera erortzen bazaigu, ur hotzetan garbitu behar dugu.
Bitxikeriak
Chelidonium izena grekotik dator, chelidon hitzetik hain zuzen, enara adierazi nahi duena. Dioscóridesen arabera, izen hori ipini zioten “landarea enarak etortzen direnean sortzen delako, eta enarek alde egiten dutenean, sikatu eta zimeltzen delako”.