Jakina denez, baserriak egiteko ere egurra erabili izan da, era bikainean, gainera; hala ere, hurrengo lerroetan elizetako egurrezko arkitekturan ipiniko dugu arreta. Eraikuntzak harrizkoak izan arren, arotzek beti hartu dute haietan parte, zeren edozein arku edo bobeda egin aurretik egurrezko euskarria egin behar baitzen, harriak bere gainean jartzeko. Kasu batzuetan, ez askotan, dena egurrez egiten zen eta horrela ailegatu dira gaur egun arte. Egurrezko benetako artelanak dira. Azken errematea eskaiolazkoa izan zitekeen, egurra estaliz, edo agerian uzten zuten. Gehienetan polikromiaz apaintzen zuten, gaur arte beti horrela heldu ez badira ere.
Markina aldera joango gara, Barinaga auzora hain zuzen, 9,5 kilometroko paseo erraza egiteko, gehiena errepidetik. Frontoi ondoan aparkatu eta arotzen egurrezko lanaz gozatzen hasiko gara, bertan bolatoki eta ferratoki estaliak daude eta. Etxebarrirako bidea hartuko dugu eta laster, ezkerretara, Ibargureneko garaia ikusiko dugu, egurrezkoa, ederra, Bizkaian osorik gelditzen diren bakarrenetarikoa. Haren aurretik gorantz doan bidea hartuko dugu, PR BI-23 ibilbidearen markei jarraituz, eta 400 metro eskasera baserri bat topatuko dugu eskuinetara, egurrezko txabola aurrean beste garai bat duena, erdi jausia. Asfaltoa utzi, eta markak baserri bazterretik doaz. Kilometro erdia landa artetik eginda, San Martin ermitara bidaltzen duen seinaleari jarraituko diogu, eta PRa utzi: igoera txiki baten ostean ermitara helduko gara, eta errepidera.
Aurrera egingo dugu Iturrieta auzoko baserri ederren artean eta bidegurutze guztietan ezkerretara eginez; hiru kilometro eskasera San Kristobal ermitara helduko gara. Badago zer ikusi: probalekua eta proba-harriak. Ate gaineko inskripzioa berrerabilitako estela bat da. Ermitara sartuko gara. Era oso onean ez mantendu arren, barruko egurrezko lana ikustea merezi du. Baina horretarako, aurretik Markinako Udalarekin ipini beharko dugu harremanetan, udala@markina-xemein.eus helbide elektronikora idatzita.
Ermita ondo aztertu ostean eta errepidetik beti behera eginez, Galartza auzotik, Barinagara helduko gara; hau da, ibilbidearen hasierara. Hala ere, ez dugu ibilaldia amaituko: frontoi ondoko errepidetik, Illoroko Santa Marina ermita adierazten duten seinaleei jarraituz eta azken aldapa gogorra gaindituta, esandako ermitara ailegatuko gara. Egurrezko kanpandorre dotorea du, Bizkaian mantentzen den bakarra, eta barrualdea ere egurrezkoa da, ikusgarria, gaur egun biltegi moduan erabiltzen den arren. Ondoko baserrian gazta goxoa erosi daiteke itzulerako bidea hartu baino lehen.