Araban ehundik gora aurkitu dira; haietako asko, Trebiñu inguruan. Aipagarrienak dira Faidoko, Lañoko eta Markinezeko kobak. Gaubea inguruan ere ederrak daude, esate baterako, Pinedon eta Corron. Batzuk gela bakarrekoak dira, eta beste batzuek gela txikiagoetara zabaltzen den gela handia dute. Hormak zulatuta daude, eta hori da garai batean egurrezko egituraren bat zuten seinale.
Koba askotan, edo zuzenean harkaitzetan, gorpuak ere hobiratzen ziren, harrian bertan zizelkatutako hobietan hain zuzen. Baliteke garai batean hobiei estalkia ipini izana, baina horiek aspaldian desagertu ziren. Tamaina guztietakoak aurkitu ditzakegu: handiak, ume txikienak… Sarritan gizaki-forma dute, eta, ahal dela, oinak ekialdera begira.
Aurreko lerroetan aipatu dugun moduan, gure inguruan ez dago horrelakorik. Adibidez, Argiñetakoak (Elorrio) ez daude harkaitzean bertan landuta; hara eraman ziren. Bizkaian, Gamiz-Fikan dago salbuespen bakarra: Atxispeko San Pedro ermita izan zenaren ondoan bi hobi ikusi daitezke gaur egun, nahiz eta indusketa arkeologikoetan besteren bat aurkitu zen; adituen arabera, IX.-XI. mendeetakoak dira. Lekua bisitatzea merezi du.
Ibilbide proposamena
Fikako elizaren aurrean hasiko dugu zortzi km-ko ibilbidea. Hegoalderantz egingo dugu, Mungiatik Larrabetzura doan errepidea gurutzatu, eta beste aldetik jarraituko diogu bideari. Burdin Hesiaren Memoria Ibilbidea adierazten duten seinaleak topatuko ditugu noizbehinka; guk Atxisperako bidea seinalatzen dutenei jarraituko diegu, hura gure lehen helmuga da eta. Bide asfaltatuetatik beti ezkerretara eginez, kilometro eta erdira, errepide nagusian agertuko gara berriro. Bertatik eskuinetara 100 m egin ostean – kontuz, trafikoarekin!–, ezkerreko bidea hartuko dugu; 800 metrora gurutze bat topatuko dugu. Kartelak adierazten duenez, eskuinetik, erreka gurutzatu eta erdi jausita dagoen baserri baten ondotik, lurrezko pista hasten da, aldapan gora 700 metro eginda amaituko dena. Eskuinetara begiratu, eta goian harkaitz batzuk eta Atxispeko San Pedro ermitaren arrastoak ikusiko ditugu.
Azken igoera malkartsua da, astiro egitekoa. Ate dotoretik sartuko gara ermita barrura; bertan ikusten diren zuloak indusketa arkeologikoek eragindakoak dira. Kanpoaldean, apur bat gorago, lehen hobia aurkituko dugu harkaitzean zizelkatuta. Aurrera egin, gorago, eta bigarren hilobia topatuko dugu. Normalean urez beteta izaten dira; eta oinak, jakina, ekialdera begira. Hasierako ermita eta hilobiak IX.-XI. mendeetakoak ei dira, eta indusketetan beranduagoak diren hezurrak, txanponak, zeramika… aurkitu dituzte. Baita 36ko gerraren arrastoak ere.
Etorritako bidetik egingo dugu atzera, kontu handiz, bereziki bustita badago. Asfaltora helduta aurrera egingo dugu, eta 300 metrora, eskuinetara. Ez da erraza imajinatzea bertan, eskuineko soloaren erdian, aspaldian San Joan eliza zegoela; gaur egun landarediak estalita dago. Aurrera egin, eta erreka pasatzerakoan ezkerretara begiratuko dugu: metro gutxira harrizko zubitxo ederra dago, zutik oraindik. Errepidez errepide jarraituko dugu, Fruizeko lurretatik. Bidegurutzeetan ezkerreko bidea hartuko dugu beti, Botiola auzotik pasatuko gara, eta Fikan amaituko dugu. Eliz aurrean ikusten dugun ermita kanposantua izan zenaren kapera da. Eliza barruko apalategi batean daude auzokideek Atxispeko San Pedro ermita garbitzen zebiltzala topatutako zenbait objektu. Marik eliza gogoz zabalduko digu, 946 153 261 telefono-zenbakira deituta.