Propietate dietetikoak
Oso aberatsa da flavonoideetan, taninoetan, muzilagoetan eta azido glikolikoan. Jateko ohiturarik ez badugu ere, landare jangarria da eta pepinoaren antzeko zaporea du. Gero eta gehiago erabiltzen da, diuretiko aparta delako, eta likido-erretentzioari, gainpisuari edo zelulitisari aurre egiteko egoki-egokia delako.
Sukaldean
Egosita har dezakegu, barazkiekin batera, zopan edo gordin entsaladetan. Hostorik politenak, freskoenak eta gazteenak aukeratu behar dira beti.
Horma-belarra tortilla: perretxikoak zatitu eta berakatz samurrekin batera salteatuko ditugu. Gorritzen direnean, horma-belarra, zatituta, gehituko dugu; nahastu, eta salteatuko dugu. Sobera dagoen olioa kendu, arrautza irabiatuak gehitu, gatza bota, eta tortilla egingo dugu.
Propietate sendagarriak
Landare hepatikoa da, lagungarria gibelaren hantura gutxitzeko eta bere zelulak babesteko. Diuretikoa denez, likido-erretentziorako erabiltzen da, txiza egitea eragiten du eta. Gernu-traktuko organoen hantura gutxitzeko ere bada gomendagarria.
Infusioa: ur-litro batean 30-40 g hosto egosiko dugu bost minutuan; iragazi, eta hozkailuan gordeko dugu. Ezti apur bat bota dezakegu gozatzeko, edo limoi-ura, ontzeko. Edalontzi pare bat infusio edan dezakegu egunero. Nolanahi ere, gomendagarria da goizero, baraurik, edalontzi bat infusio bero edatea; tratamenduak bederatzi egun irauten du eta hobe da denbora-tarte horretan alkoholik ez edatea.
Bestalde, infusio kontzentratua igurtziak egiteko ere erabili dezakegu. Odol-zirkulazio txarrak eragindako arazoak arintzeko erabili dezakegu, hala nola hanka nekatuak, hipertentsioa, barizeak eta edemak, edo artritisak eta erreumak eragindako minak eta hantura arintzeko.
Kataplasma orbaintzailea eta antiseptikoa: 35 hosto fresko eta garbi zehatu, eta oihal batez bilduko ditugu. Kataplasma egunean bizpahiru aldiz ipiniko dugu artatu beharreko aldean, behar beste egunetan. Zauriak orbaintzeko baliagarria da, eta erredura txikiak edo furunkuluak sendatzeko.
Erabilera kosmetikoak
Aknerik edo larruazal lehorrik edo narritaturik badugu, horma-belarra erabili dezakegu larruazala freskatzeko. Lozioa egiteko, 30 g horma-belarra har dezakegu, eta urtean sartu; gau osoan beratzen izango dugu. Hurrengo egunean, iragazi, eta aurpegia ura erabilita garbituko dugu; egunero egin dezakegu.
Bitxikeriak
Horma-belarraren izena latinetik dator, paries hitzetik hain zuzen, horma esan nahi duena. Izan ere, Erromatar Inperioaren sasoian ere landare honek hormak apaintzen zituen.
Belarrak eta landareak batzeko aholkuak
Orokorrean: hartu ondo ezagutzen duzuna; hartu neurriz eta soilik lekuan asko badaude; ez eraman dena, utzi beti zerbait; hartu bakarrik erabiliko duzun landarearen zatia; ez atera sustraitik, moztu ondo hazten jarrai dezaten; ez moztu loreen % 20 baino gehiago, zuhaitzak edo zuhaixkak badira; hartu bakarrik erabiliko duzuna, geroago itzuli zaitezke, edo beste leku batzuetara joan; ez jaso gune babestuetan edo parke naturaletan.
Non: larreetan eta autorik pasatzen ez den bide-ertzetan; goldatu gabeko basoetan; toxikorik erabiltzen ez den ortuetan eta lorategietan; INOIZ EZ areketan, fumigatutako landetan eta ibaiertz kutsatuetan.
Noiz: goizean, ihintza sikatu ondoren; hartu hostoak erabiliko ditugun egunean berean; hartu loreak goizean eta sustraiak arratsaldean; landareak gorde edo sikatzeko, hobe da ilbehera denean jasotzea.
Materialak: eskularruak, artaziak, paperezko oihalezko poltsa, zumezko saskiak…