Ezkaia

t: @txiribita_mundi 2024ko urt. 4a, 13:49

Thymus sp. Usain biziko mulu lurrintsu txikia da eta ohikoa da ingurune mediterraneoan; hala ere, ondo jasaten ditu tenperatura hotsak. Leku harritsu, siku eta eguzkitsuetan hazten da, eta udaberrian loratu. Izan ere, udaberria da hain zuzen sasoirik egokiena ezkaia bildu eta sikatzeko. Hostoak eta loreak erabiltzen dira, eta ezinbesteko landarea da nekazaritzako inguruetako familien botikinean.

Sukaldean

Digestio-sistemari onura handiak ekartzen dizkio eta, beraz, gisatuetan, zopetan,  adoboetan… erabili daiteke. Otorduen ostean ezkai-infusioa hartzeak digestioa egiten laguntzen du eta jakiak asimilatzen; gainera, haizeak arintzeko ere lagungarria da (eragin handiagoa izateko, gehitu daiteke garraiska, menda edo mihilua). Katilukada bakoitzeko koilarakadatxo bat infusio hartu.

Ardoa: ardo zuri litro batean 25 g lore siku beratuko dugu 15 egunean; iragazi. Digestio astunak izanez gero, otorduen ostean basokada txiki bat edango dugu. 

Propietate sendagarriak

Ezkaiak eragin suspergarria du eta horregatik onuragarria da ahul bagaude. Antibiotiko natural itzela da, antiseptikoa, birusen aurkakoa eta oso espektoratzaile eraginkorra; hori dela eta, kontuan hartzekoa da hotzeria, gripea, eztula, bronkitisa… arintzeko.

Ezki-jarabea: 30 g hosto siku eta litro erdi ur behar dugu infusioa prestatzeko. Kazola batean berotuko dugu, su eztian, eta irakiten hasten denean sua amatatuko dugu; estalkia kendu barik 10 minutuan izango dugu jalkitzen. Iragazi, eta zenbat likido dagoen neurtuko dugu: 500 ml bakoitzeko 250 g ezti gehituko dugu; ondo eragingo dugu eztia erabat desegin arte. Saiatu behar dugu nahasia bero-bero ez egoten, eztiaren eta ezkiaren propietate sendagarriak galdu ez daitezen. Nahi izanez gero, koilarakada bat ron edo pattar gehitu dezakegu, jarabea hobeto kontserbatzeko. Jarabea botilaratu, eta hozkailuan gorde dezakegu zenbait astetan. Edari honek lagunduko digu gripeari eta hotzeriari aurre egiten: koilarakadatxo bat edo bi hartu daitezke egunean hiruzpalau aldiz; bronkitisa badugu, koilarakadatxo bat orduero.

Neguan goizero ezki-infusio bat hartuz gero, ondorio osasungarriak nabarituko ditugu egun osoan zehar. Eskura hurrengo landare siku hauen nahasia izan dezakegu: ezkia, erromeroa, plantaina eta intsusa-loreak; poto batean gordeko ditugu, landare bakoitzeko kantitate bera ipinita. Hori izerdiarazteko erremedioa da, antiseptikoa eta espasmoaren aurkakoa; gripeari, hotzeriari, samako minari, bronkitisari… aurre egiten ere baliagarria dena.  

Bestalde, landare antiseptikoa eta infekzioen eta bakterioen kontrakoa denez, besteak beste, zauriak eta ultzerak osatzeko erabiltzen da: gunea oso infusio kontzentratua erabilita garbitu. Era berean, oso erabilgarria da aho-infekzioetarako: infusioa erabilita gargarak egin edo hortzetako ezki-pasta erabilita garbitu.

Hortzetako ezki-pasta: nahastuko ditugu hiru koilarakada buztin berde edo zuri, koilarakada bat ezki-hauts mehe (kafe-errota batean ezki-hosto sikuak eho daitezke), itsas gatz mehe apur bat, bi tanta menda-olio esentzial eta bi tanta salbia (aukeran). Osagaiak ondo nahastuko ditugu, olioak eta hautsak ondo uztartu daitezen. Hortzetako eskuilan apur bat ipini, eta hautsa dagoen moduan erabili dezakegu; bestela, ur destilatua gehitu dezakegu, pasta egiteko (baina aste gutxi iraungo du; hautsak, berriz, gehiago iraungo du, modu egokian kontserbatzen badugu).

Erabilera kosmetikoak

Olioa: pote batean ezki-loreak eta hostoren bat ipiniko ditugu eta oliba-olio birjina estra gehituko dugu loreak erabat estali arte; 30 egunean beratzen izango dugu eta potea egunero astinduko dugu; iragazi eta ontziratuko dugu.  

Larruazalaren gaixotasunak arintzeko baliagarria da, esaterako, sarna eta onddoak; baita zorrien kontra ere. Odol-zirkulazioa bizkortzen du, eta erabili daiteke erreumarako, bihurrituetarako, lunbagorako, zaintiratuetarako eta kolpeetarako. Intsektuak uxatzeko ere balio du, eskuak eta aurpegia olioz igurtzita.     

Belarrak eta landareak batzeko aholkuak

Orokorrean: hartu ondo ezagutzen duzuna; hartu neurriz eta soilik lekuan asko badaude; ez eraman dena, utzi beti zerbait; hartu bakarrik erabiliko duzun landarearen zatia; ez atera sustraitik, moztu ondo hazten jarrai dezaten; ez moztu loreen % 20 baino gehiago, zuhaitzak edo zuhaixkak badira; hartu bakarrik erabiliko duzuna, geroago itzuli zaitezke, edo beste leku batzuetara joan; ez jaso gune babestuetan edo parke naturaletan.

Non: larreetan eta autorik pasatzen ez den bide-ertzetan; goldatu gabeko basoetan; toxikorik erabiltzen ez den ortuetan eta lorategietan; INOIZ EZ areketan, fumigatutako landetan eta ibaiertz kutsatuetan.

Noiz: goizean, ihintza sikatu ondoren; hartu hostoak erabiliko ditugun egunean berean; hartu loreak goizean eta sustraiak arratsaldean; landareak gorde edo sikatzeko, hobe da ilbehera denean jasotzea.

Materialak: eskularruak, artaziak, paperezko oihalezko poltsa, zumezko saskiak…

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).