Loberak

t/a: IƱaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka 2024ko urt. 10a, 12:16

Gizakia eta otsoa ez dira lar ondo moldatu; behintzat abereak hazten hasi zenetik. Otsoak harrapatzea garrantzitsua zen garai batean, eta horretarako erarik zaharrenetarikoa loberak ditugu. Zer dira? Mendietan dauden harrizko hormatzar luzeak dira, v-formakoak; inbutu horren amaieran zulo handi bat dago. Harrizko horma hauek bizpahiru metroko altuera izaten dute, eta 200 metrotik 900 metrora bitarteko luzera. Noizbehinka ate bat dago abereak pasatu ahal izateko, eta lobera barruan harriz egindako ezkutaleku txikiak egoten dira.  

Artzain batek otsorik ikusiz gero edo abereren bat hilda aurkitzen zuenean, abisatzen  zuen eta hurrengo goizean inguruko herrietakoak biltzen ziren, 200-300 lagun. Zarata handia egiten zuten otsoa izutzeko eta loberaraino eramateko. Ezkutalekuetatik igarotzean zarata handiagoa egiten zuten otsoak atzera egin ez zezan; azkenean zulora jausi (jausten?) zen eta bertan akabatzen zuten. Zuloa adar meheekin eta hostoekin estaltzen zen sarritan.

Zuen garrantzia ulertzeko, aipatu daiteke Kuartangoko bailarako herri bat urteetan zigortuta egon zela ganadua goiko larreetara eraman ezinik. Zergatik? Bada, behin otsoen deia egin zelako eta euren postuetan agertu ez zirelako.

Mendiko ibilaldietan lobera batekin topatzeko, mesetara igo behar da: Araban eta Burgosera arteko mendietan dozena batetik gora daude, beti leku basati eta ikusgarrietan. 

 

Ibilbide proposamena

Hamabi kilometroko ibilbidea da, larre eta pagadi zoragarrien artean. Etxe ederrak dituen Abezia herrira joango gara, Izarra ondoan. Landetxe ondotik oinez hasiko gara, ezkerretara eginez goiko ermitaraino; laster asfaltoa pista zabala bihurtuko da, aldapa gora doan bitartean. Pista nagusitik aurrera egingo dugu, ezkerrean eta eskuinean agertuko diren beste pista batzuei jaramonik egin barik.

Bost kilometro eskasera, ur-putzu bat topatuko dugu heziaz inguratua. Hori pasatu, eta ezkerretara egingo dugu belar-pista batetik. Laster ate batetik pasatuko gara, eta pagadi eder batean sartu. Goroldio berdeak magia-ukitua ematen dio lekuari. Intuizioa lagun, bidetik jarraituko dugu pista handi batera heldu arte. Eskuinera apur bat egingo dugu, eta berriro eskuinera, ia-ia etorri garen lekurantz, hau ere belar-pista zabala dela. Kontuz ibili beharko dugu, zeren 200 bat metrora, ezkerretara, loberako horma hasten baita, adarren artean ezkutaturik. Behin horma aurkituta, sastraken artean jarraituko dugu leku garbienak aukeratuz. Hirurehun metro pasatxora aurkituko dugu zulo ikusgarria: heldu gara.     

Hemendik Nerbioi ur-jauzi famaturaino bi kilometro daude; eta bertan, beste lobera bat. Animatuz gero, joan-etorria egin daiteke. Guk lobera barrutik egingo dugu itzulera; 60 metrora harritzar bik ezkutalekua izandakoa iragartzen dute. Beste hormaren ondotik jarraituko dugu, garbien dauden lekuetatik. Hormaren amaieran pista dago; ezkerrera egingo dugu, eta laster eskuinera, ur-putzu handira heldu arte. Hemendik Abeziara itzultzeko, bide politago bat proposatzen dugu: hesia baino lehen ezkerretara egin, gorantz, gorostien lerroa jarraituta. Pagadian sartuko gara eta ate bat aurkituko dugu. Apurka-apurka zirkulua itxiko dugu eta pista nagusira helduko gara; eta handik Abeziara.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).