Trenbide zaharrak

t/a: IƱaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka 2024ko ots. 21a, 12:04

Gure mendi eta aranetan badaude gaur egun ibilbide ederrak, ia aldapa gabekoak, paseorako aproposak. Beste garai batean trenbideak zirenak; gaur egun bide berdeak bihurtu direnak. XIX. eta XX. mendeen artean, industrializazioarekin batera ferrokarrila etorri zen, meategietako mineralak, bidaiariak edota merkantziak garraiatzeko (Bilbotik Deriora, hilerrira, gorpuak ekartzen ziren).

Gerora trenbide horietako asko bertan behera geratu ziren. Batzuk aipatuko ditugu: Burdinmendi, 30 km-ko ibilbide galanta Enkarterritik, Gallartatik Traslaviñaraino doana; Itsaslur, hiru kilometro eta erdikoa, baina ikusgarria dena eta Pobeñatik Kobaronera itsas-bazterretik doana; eta Atxondotik, Anboto mendiaren itzalpean doan bost km-ko Arrazolako bide berdea. Apur bat urrunago joanez gero, beste hauek topatuko ditugu: Bergara-Gasteiz-Lizarra, 100 km pasatxoko ibilbidea, oso lur ezberdinak zeharkatzen dituena eta gaur egun ia osorik egin daitekeena; Plazaolako trena, Andoainen hasi, Leitzatik pasatu eta Saratsaraino heltzen den 42 km-ko ibilbidea (12 km falta zaizkio Iruñera heltzeko); Bidasoako trena edo “tren txikito”, Irunetik Elizondoraino 50 km egiten dituena; Arditurri bide berdea, Oiartzunetik Errenteriara… Gure inguruan ere baditugu: Lutxana-Sondika-Mungia linea izan zenetik Mungia-Zabalondo tartea gelditzen da gaur egun bidegorri bihurtuta, baita zati txiki bat, Aiartza auzotik (Loiu) Deriorantz doana; eta nola ez, hil honetako ibilbide-proposamena: Lezamako trenbide zaharra Artxandatik gora. Aikor! aldizkarian aurretik ere idatzi dugu bere historiari buruz eta ondoren laburpena egingo dugu. Lezama-Begoña lurrun-trena 1894. urtean ipini zen martxan, eta hurrengo urtean Bilboraino luzatu zuten. Trenbidea Lezamatik hasi, eta oraingo trenbidea doan lekutik zihoan, baina Derio pasatuta ezkerretara egiten zuen, Asua erreka gurutzatu, eta Artxanda igotzen zuen. Ia goian, tunel labur bat gurutzatzen zuen eta beste aldetik Begoñara eta Bilbora jaisten zen. 1895eko uztailaren 7an, trena Lezamatik irten, eta Zurbaran ingurutik jaistean errailetik irten zen; ondorioz, 13 lagun hil ziren. Aurrerantzean ibilbidea aldatu zen, eta Artxanda igo beharrean, Ola ondotik (Sondika) dagoen tunel luzeagotik heltzen da Bilbora. Lehengo trenbidea abandonatu zen eta paseo eder baterako geratu zaigu.

Ibilbide proposamena

Hamar kilometroko ibilbide eder hau Olako (Sondika) tren geltokian hasiko dugu. Ekialdera eginez Goietxa bidea hartuko dugu, eta autobia azpitik Usena Berri baserriaren parera ailegatuko gara. Ezkerrean, Larrondotik datorren errepidea ikusiko dugu; guk eskuineko estrata hartuko dugu eta bertan karkaba handi bat ikusiko dugu sasiz eta landaretzaz beterik. Gezurra badirudi ere, lurrun-trena hortik joaten zen aspaldian. Jarraitzea besterik ez dugu. Tren batek ezin du kurba handirik hartu; ezta aldapa handirik igo ere. Asfalto-zati labur baten ondoren, “oihana” dator, edo ia, baina ez da zaila trenbide izandakoari jarraitzea, edo, ezin denean, bazterretatik doazen bidezidorrei jarraitzea. Pinadi berde ikusgarri batera heldu, eta trenbidea zena amildegitxo batean amaituko da, erreka gainean. Uholde batek eraman zituen lurrak. Beraz, erreka gora joango gara, zubi bat gurutzatu, eta eskuineko lehen pista hartuko dugu. Be-rriro trenbidean gaudela, astiro-astiro, paraje ezin ederragotik joango gara. Ez da erraza, baina ahal izanez gero, merezi du bihurgune zabal batean errekara jaistea eta ura pasatzeko egin zuten zubi-tunela ikustea. San Roke errepidera heltzen garenean, zentzuak esan beharko digu nondik jarraitu. Lurra, asfaltoa eta harri-txingorrak tartekatuz, mahasti eder batzuen ondotik pasatuko gara, eta tunelera heldu. Lokatzez beteta dago, eta hortaz, ez da erraza bertara sartzea, eta are gutxiago gurutzatzea. Tunelera sartu-irten bat egin, eta atzean utzi dugun bidezidor batetik, hasieran beherantz zihoanetik, Pikeko bidera helduko gara (txirrindularitzak modan jarri duena). Artxandara igo, eta beste aldera jaitsita, etxalde batek ez digu tunelaren hegoaldeko ahoa ikusten utziko. Via Vieja de Lezama kaletik jaisten gabiltzan bitartean irudikatu dezakegu trena pasatzen dela eta maldak mahastiz beteta daudela, eta jendea, txakolindegietan. Begoñara helduko gara eta Mallonako eskaileretatik Bilbon amaituko dugu ibilbidea. Egokiena trenez itzultzea da. Oharra. Hainbat urte dira Lezamako trenbide zaharra bidegorri bihurtzeko asmoa dagoela, baina ez dakigu noiz bihurtuko den. Hala ere, “ibilbide basatia” egiteko aukera dugu orain. Hori bai, neguan edo euri asko egin badu, ondo prestatuta joan beharko dugu basari aurre egiteko.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).