Oreganoa

t: @txiribita_mundi 2024ko mar. 13a, 10:10

Origanum vulgare. Ezkaia, menda eta izpilikua bezala, oreganoa lamiazeen familiakoa da (lehen ezpaindunak esaten zitzaien). Iberiar penintsulan hiru espezie sendagarri topatu daitezke: oregano konpaktua (origanum compactum), ore- gano arrunta (origanum vulgare) eta oregano maiorana (origanum majorana). Oreganoa uztailetik irailera bitartean loratzen da, eta hostoak eta loreak eguraldi lehorra dagoenean hartu behar dira; horretarako, ia landare osoa moztu behar da, baina zurtoinaren zati bat utzi behar da, kimatu dadin. Sikatzeko, sortak egingo ditugu, eta leku fresko eta sikuetan, itzalpean, zintzilikatu. Sikatu direnean, beirazko ontzietan sartuko ditugu.

Propietate sendagarriak

Bizigarria da eta digestioari laguntzen dio. Karminatiboa ere bada; hau da, haizeak botatzen laguntzen du. Era berean, espasmoen kontrakoa da, eta hilekoa etortzeko lagungarria. Toniko moduan erabili dezakegu, digestio-astuna edo sabeleko mina badugu; olio sendagarriaren infusioa edo tantak edan daitezke. Oreganoak immunitate-sistema sendotzen du eta antibirala eta espektoratzailea da. Arintzen ez den eztula badugu, erabili dezakegu; baita min hauek izanez gero ere: eztarriko mina, faringitisa, bronkitisa eta asma. Kasu horietan ere edan ditzakegu olio sendagarriaren infusioa edo tantak.

Beste alde batetik, oso eraginkorra da bakterioen kontra. Antiseptikoa ere bada, eta erabili daiteke onddoen, parasitoen eta birusen aurka. Oreganoa baliagarria da kandida zabaltzea ekiditeko. Egunean behin edo bitan edan daiteke infusioa edo tindura. Gainera, artatzeko guneak oregano-infusioz edo -olio diluituz garbitu ditzakegu. Olioa onddo-infekzioak arintzeko ere baliagarria da, adibidez, oinetako onddoak arintzeko.

Infusioa: koilarakada bat oregano fresko ur katilukada bakoitzeko, edo koilarakada txiki bat, oregano sikua bada. Egunean bat edo bi katilukada edan dezakegu, otorduen aurretik edo ostean. Gainera, eztia bota ahal diogu eztitzeko.

Infusioa baliagarria da gaixotasunak prebenitzeko edo azkarrago osatzeko; onena da gaixotasunaren lehen sintoma nabaritu bezain laster edatea. Halaber, zauriak eta ziztadak garbitzeko erabili dezakegu, baita mina eta hauntura arintzeko ere. Hortzoiko mina izanez gero, gargarak egin ditzakegu.

Olio sendagarria: oregano sikua eta oliba-olio birjina estra. Osagaiak pote batean ipiniko ditugu: % 60 izango da olioa; eta % 40, oreganoa. Ontzi batean ura irakingo dugu eta sua amatutako dugu. Potea uretan sartuko dugu eta bertan 15 minutuan izango dugu. Uretatik atera, eta armairu batean gordeko dugu bi astean; egunero eragingo dugu. Iragazi, eta olioa dosifikagailu batean sartuko dugu. Egunean, 1-3 tanta hartu ditzakegu, uraz nahastuta. Badaezpada erabiliz gero, gehienez bizpahiru astean erabili daiteke. Ezin da urte osoan erabili, izan ere, oso eraginkorra denez, komenigarria da atse- denaldiak hartzea. Olio sendagarria oso aukera egokia da, eskura oreganoaren propietate guztiak izateko.

Erabilera kosmetikoak

Orbaintzea errazten duten propietate antioxidatzaileak eta hanturaren kontrako propietateak dituenez, orbanak eta zahartze-zantzuak txikiagotzen ditu eta orbanen itxura hobetzen du. Gainera, erradikal askeak neutralizatzen ditu eta larruazalaren elastizitatea hobetzen du. Larruazala garbitzeko, infusioa erabili dezakegu, edo olio sendagarria dilui-tuta. Kasu horretan, oregano-olioa olio eramailetan diluitu behar da 1:3 proportzioan.

Kontraindikazioak

Ez da gomendagarria kantitate handiak edatea, eta kontu handiz ibili behar da esentzia-olioarekin. Haurdun edo titia ematen dabiltzanek neurriz hartu behar dute oreganoa, eta esentzia-olioa ez erabili.

 

Landareak batzeko aholkuak

Orokorrean: hartu ondo ezagutzen duzuna; hartu neurriz eta soilik lekuan asko badaude; ez eraman dena, utzi beti zerbait; hartu bakarrik erabiliko duzun landarearen zatia; ez atera sustraitik, moztu ondo hazten jarrai daitezen; ez moztu loreen % 20 baino gehiago, zuhaitzak edo zuhaixkak badira; hartu bakarrik erabiliko duzuna, geroago itzuli ahal zara, edo beste leku batzuetara joan; ez jaso gune babestuetan edo parke naturaletan.

Non: larreetan eta autorik pasatzen ez den bide-ertzetan; goldatu gabeko basoetan; toxikorik erabiltzen ez den ortuetan eta lorategietan; INOIZ EZ areketan, fumigatutako lan­detan eta ibaiertz kutsatuetan. 

Noiz: goizean, ihintza sikatu ondoren; hartu hostoak erabiliko ditugun egunean bertan; hartu loreak goizean eta sustraiak arratsaldean; landareak gorde edo sikatzeko, hobe da ilbehera denean jasotzea.

Materialak: eskularruak, artaziak, paperezko oihalezko poltsa, zumezko saskiak…

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).