Gazteluak

t/a: IƱaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka 2024ko mar. 18a, 11:13

Inguruan gaztelu hitza aipatzen denean, Butroiko gaztelua etortzen zaigu burura; edo, beharbada, Arteagakoa. Baina horiek ez dira “benetako” gazteluak, izan ere, oso berriak dira, jabeen handikeriengatik XIX. mende amaieran eraikiak. Orduan, zeri esaten diogu “benetako” gaztelua? Bada, defentsarako eta lur-eremua kontrolatzeko, Erdi Aroan eraiki zirenei.

Gure inguruko gazteluak Nafarroako erresuma babesteko altxatu ziren. Bizkaian gaur egun aztarna askorik egon ez arren, gazteluak egon bazeuden, mendi gailurretan beti. Orozkon, esaterako, Untzuetako gaztelua zegoen, gaur egun antena batek itsusten duen lekuan. Anboto mendi lerroan Astxikiko gaztelua altxatzen zen, leku ikusgarri batean; eta Ereñon ere gaztelua zegoen gaur egun Ereñozar ermita dagoen lekuan, eta handik Urdaibai osoa kontrolatu daiteke. Era berean, gazteluak izan ziren Gaztelugatxen, Bermeon eta Malmasinen, eta apur bat urrunago joaten bagara, Leintz bailarara, bisita merezi du Aitxorrotx gaztelua zegoen harkaitzak. Uste denez, gaztelu horiek guztiak X.-XI. mendeetan eraiki ziren eta XII. mendean, Gaztelaren inbasioaren ostean, suntsitu edo abandonatu zituzten. Araban, Gipuzkoan eta batez ere Nafarroan altxatu zirenek gehiago iraun zuten, baina horiek ere suntsitzeko agindua eman zen 1512. urtean, Gaztelak Nafarroa inbaditu eta konkistatu ondoren. Olite/Erriberri eta Xabierreko gazteluak berreraiki ziren, baina badaude beste asko bisita merezi dutenak: Astulez, Portilla, Ocio, Amaiur, Irulegi, Murumendi, Monjardín...

Ibilbide proposamena

Ereñozarren zegoen gazteluaren aztarnak ikusteko errazena da Ereño herritik 3 km-ko joan-etorria egitea. Ausartak izanez gero, Santimamiñe koben ondoan hasten den bide “zuzena” hartu, eta gorantz egingo dugu; bide hori laburragoa da, baina 310 m-ko desnibela gainditu behar da distantzia laburrean. Hortaz, guk bide luzeagoa hartuko dugu, ederra eta errazagoa dena. Gautegiz-Arteagako udaletxeko plazatik hasita, 10 km eskaseko ibilaldia egingo dugu Erezoñar gaztelua egon zen tontorreraino. Ibarrekozubi bidetik joango gara hasieran; baserri eta armarri eder baten aurretik pasatu, eta 800 metro ingurura, Ereñozarreko mendi-konoa aurrez aurre dugula, kurba batean bidea utziko dugu eta mendi-pistatik jarraituko dugu. Bidegurutzera ailegatuko gara laster: eskuinaldetik “Santimamiñe-Ereñozar” jarri arren, guk ezkerretara egingo dugu: “Oleta-Ereño”. Oso bidezidor polit batetik pasatuko gara, Oma errekaren bazterretik eta hiru errota zaharren ondotik. Errotetako batek armarria du; besteak, antapara; eta errotarriren bat ere ikusi daiteke… beste garai bateko lantegiak. Bestalde, errotetako batek Oleta du izena, eta argi uzten du lehenago bertan burdina lantzen zela. Aurrera jarraitu, eta errekatxo bat gurutzatu aurretik, eskuinetara eta gora doan pista hartuko dugu: altuera hartuz basotik gora egingo dugu; euria egin badu, basatza egon daiteke aldapan. Pista Ereño herrira doa, eta beraz, utzi beharko dugu, eskuinetara eta apur bat behera doana hartzeko. Laster topatuko dugu Ereñotik Ereñozarrera doan pista. Eskuinetik hartuta, hasieran hormigoizko eta gero harrizko oso pista aldapatsuak gora eramango gaitu. Ulergarria da gaztelua bertan altxatu izana: handik Urdaibai osoa kontrolatzen da. Lekuan jarritako panel batzuek ederto azaltzen digute haren historia eta San Migel ermita eraiki aurretik han zer zegoen. Bistaz disfrutatu ostean, etorritako bidetik itzuliko gara beheko errekaraino; hala ere, oraingo honetan eskuinetik joango gara laburrago egiteko. Andra Mari eliza ikusiko dugu, eta ibilaldia amaitu. Nolanahi ere, bertan gaudela, ezin dugu inguruan dauden hurrengo hauek bisitatu barik alde egin: Arteagako gaztelu dotorea, Eugenia de Montijorentzat eraiki zena eta gaur egun hotel-jatetxe bihurtu dena; San Lorentzo ermitako leiho prerromanikoa; Santimamiñeko kobazuloa; eta, goian, Ereñoko marmol famatuaren harrobiak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).