XIV. mendean ikasi zuten erreketako uraren indarra erabiltzen. Ur-jauziei esker, haizea hauspoen bidez kontrolatu zitekeen; eta besoen indarraren ordez gabia, mailu handia, erabili. Orduko “industria” nagusia ibaiertzetara jaitsi zen, eta, jauntxoen menpean, burdinolak sortuz joan ziren han eta hemen. Inguruan hainbat langile mugitzen ziren: minerala lortu eta garraiatzeko, egur-ikatza basoan egin eta garraiatzeko, eta jakina, olagizonak. Egitura aprobetxatuta, burdinola gehienetan gari- eta arto-errotaren bat ere atxikita zegoen. Burdin mearen leku berezia da Bizkaia, eta garai batean Europan oso preziatua zen hemen lortutako burdina. Txorierriko erreketan ere hainbat burdinola sortu ziren; baserrien toponimia begiratzea besterik ez dago: Ola, Olaetxe, Olaoste, Olabarri, Olabide, Goikolea...
XIX. mendean, koke-ikatzarekin batera labe garaiak etorri ziren, eta erreka inguruko burdinolak desagertuz joan ziren pixkanaka-pixkanaka, edo errota bihurtuz. Batzuk museoak dira gaur egun, eta bisitatu daitezke: Bizkaian, El Pobal (Muskiz); Gipuzkoan, Agorregi (Aia), Mirandaola (Legazpi) eta Igartza; eta Nafarroan, Orbaizeta eta Eugikoa, itzelak direnak. Dena den, erreka bazterretan oraindik hainbat topa ditzakegu, garai bateko arrastoak besterik ez badira ere.
Muskizko El Pobal burdinolako aparkalekuan hasiko dugu ibilbidea. Bide bazterretik joango gara; beraz, kontuz ibili beharko dugu. Berrehun eta berrogeita hamar metro egin ostean, mendirantz doan lurrezko pista ikusiko dugu beste aldean. Hura hartuko dugu eta Montellano auzora doan bidera irtengo gara; Galdamesko lurretan izango gara orain. Bertara helduta, eliza, Antonio Trueba idazlearen jaiotetxea eta bailarako bista ederra duen balkoia bisitatuko ditugu. Auzoko azken etxeak igaro, eta ezkerretara jaisten den pista hartuko dugu; urtegi eder baten ondotik, berriro aterako gara errepide nagusira.
Barbadun ibaia gurutzatu ostean, ezkerretara egingo dugu. Laster, ur-kanal bat eta antapara bat ikusiko ditugu, Valdibia errota iragartzen dutenak. Aurrerantz, ibai ondotik, oso paseo polita dago La Olla olako arrastoetaraino. Orain, mendirantz egiten du bidezidorrak, eta baso-lanek eragindako kalteengatik kostatzen da El Pobalera doan bidexkari jarraitzea. Zubi eder batetik erreka gurutzatuko dugu eta burdinolara helduko gara, 10 kilometro inguru egin ostean.
Eta jakina, behin hemen egonda burdinola bisitatuko dugu, merezi du eta; zapatuetan martxan jartzen dute.