Jengibrea

Aikor aldizkaria 2024ko mai. 17a, 12:13

a: Freepik / Azerbaijan_stockers

Zingiber officinale. Jengibreak Asian du jatorria. Kurkumaren eta kardamomoaren familiakoa da, eta Txinan Kristo baino 200 urte lehenagotik erabiltzen dute: oinarrizkoa da euren fitoterapian eta sukaldean. Fitoterapian bere sustraia edo errizoma erabiltzen da. Jengibrearen sustraia hura landu eta 8-10 hilabete beranduago jaso behar da. Errizoma gaztea bada, fresko erabili daiteke; sustraia zaharra bada, sikatu eta birrindu behar da.

Ur zaporeduna. Egokia da egun beroetan edo udan edateko. Jengibre freskoaren bizpahiru xerra zatituko ditugu, eta limoiaren edo limaren bi xerra lau zatitan ebakiko ditugu (ekologikoa bada, azala ere erabili dezakegu); gutxi gorabehera litro bat ur beharko dugu. Mazerazioa hotzetan egingo dugu: kristalezko botila batean jengibrea eta limoia ipini, eta ura botako dugu. Tapoia ipiniko diogu eta 4-8 orduan izango dugu jalkitzen (gau osoan ere utzi daiteke). Hozkailu barruan zein kanpoan izan ahal dugu beratzen. Ura amaitzen denean, gehiago bota dezakegu eta beratzen berriro ipini, jengibrea eta limoia gehiago aprobetxatzeko.

Propietate sendagarriak

Gosegarria da eta digestioa egiten laguntzen du, baita aireak botatzen ere (karminatiboa da). Bere ezaugarririk preziatuenetako bat da gonbitoa eta goragalea ekiditen dituela, bereziki bidaiek sortzen duten zorabioarenak. Azken kasu horretan, xerra mehe bat hartu behar da, eta mihi azpian ipini; eragina denbora-tarte laburrean nabaritzen da. Umedunek zein umeek erabili dezakete. Beste aldetik, digestio astunak arintzeko, infusioa edan daiteke, bakarrik edo mendak, kamamilak, mihiluak… lagunduta.

Espektoratzailea da, mikrobioen kontrakoa, eta lagungarria, sukarrak behera egiteko. Hortaz, hotzeria, gripea eta katarroa arintzeko erabiltzen da. Infusioa edan dezakegu ekinazeak, intsusa-baiek edo ezkaiak lagunduta. Jengibreak bizkortze-propietateak ditu, eta pertsona hozberek neguan edan dezakete hotza astintzeko. Hanturaren kontrakoa eta rubefazientea da: mukosa narritatu eta gorritzen du; ondorioz, zirkulazioa areagotzen da eta analgesia da emaitza. Erreuma-minak arintzeko erabiltzen da, hala nola artritisa eta lunbagoa. Kurkumarekin nahasi daiteke.

Zirkulazio-sistema bizkortzen du, eta berakatza eta aspirina bezala, antikoagulatzailea da; azken hori lagungarria da odolak era jariakorragoan zirkulatzeko. Bihotza zein zirkulazioa bizkortzen ditu, eta barizeak eta hanka nekatuak arintzeko erabili daiteke. Emakumeen kasuan, hilekoa etortzea eragiten du, eta mina arindu eta hanturak behera egiten laguntzen du. Hilerri-liliarekin, salbiarekin, zizare-belarrarekin edo kurkumarekin nahasi daiteke. Beste landare batzuekin nahasiz gero, hala nola ekinazearekin, intsusa-landareekin eta ezkaiarekin, handitzen da bere efektu antibiotikoa, antiseptikoa eta mikrobioen kontrakoa.

Infusioa. Modu egokian egingo dugu, ezaugarri lurrunkorrak aprobetxatzeko. Berakatzak sakatzeko gailua erabilita, zati txiki pare baten zukua aterako dugu kikara batean (gailurik ez badugu, apur bat zapalduko dugu). Ur beroa gehitu, eta jalkitzen utziko dugu estalkia ipinita. Limoi-zurrusta txiki batekin eta ezti apur batekin edan dezakegu. Egokia baino egokiagoa da katarroa eta gripea arintzeko, edo infusio digestibo moduan, neguan hotza astintzeko.

Kontraindikazioak. Jengibre sikua eta bere olio esentziala ezin da kasu hauetan hartu: haurdunaldian, edoskitzaroan, ultzera gastroduodenala badugu edo botika antikoagulantea hartzen bada. Larruazalean erabiliz gero, zukuak sor dezake erreakzioa, azkura edo lehortasuna.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).