Herbarioa

Arrosa

Aikor aldizkaria 2024ko uzt. 2a, 11:46

Rosa spp. Maiatza izan da loreen hilabetea, eta artikulu hau lorategiko erreginetako bati eskainiko diot: arrosari. Omenaldia errezeten bidez egingo diot, eta, horrela, lore eder eta lurrintsu honen aukerak ezagutuko ditugu.

Basoko arosa-barietate asko daude eta guztiek dituzte antzeko propietateak. Lorategiko barietateek basokoen propietate sendagarrietako batzuk dituzte, baina hibridazioa dela-eta joan dira euren propietateak galduz. Basoko barietateek usain handiko lore-hostoak dituzte, eta propietate sendagarri handiak. Beharrezkoa bada, edozein arrosa-barietate erabili dezakezu, baina kontuan hartu usain handikoek propietate handiagoak dituztela.

 

Noiz batu

Inportanteena da seguru egotea arrosei ez dietela pestizidarik bota edo ez daudela gune kutsatuetan. Momenturik onena goizean da, ihintza oraindik arrosetan dagoenean. Udaberrian eta udaren hasieran, zabaltzen hasten direnean, 1-3 lore-hosto hartu ditzakezu landare bakoitzetik; utzi estamineak eta arkakaratsak, erleek loreak polinizatzeko.

Arrosa-marmelada: 500 ml ur, arrosen lore-hostoak, 400 g azukre, limoi baten ura eta laranja-lorearen ura (aukerakoa). Infusioa egingo dugu ura eta eskukada handi bat lore-hosto erabilita (lore-hosto freskoak eta usain handikoak); hozten utzi, eta iragaziko dugu. Beste eskukada handi bat lore-hosto gehituko dugu, azukrea, limoi-ura eta edalontzi erdi laranja-lorearen ur. Su motelean egosiko dugu, harik eta jarabe-itxura hartzen duen arte. Flaskoetan gordeko dugu eta etiketa ipiniko diegu.

Arrosa-ardoa: litro eta erdi Portoko ardo (edo antzekoa), usaina duten arrosa sikuak, 10 g mihilu eta 150 g laranja-lorezko eztia. Osagaiak hiru astean beratuko ditugu ardotan, eta egunero eragingo dugu. Iragazi, ontziratu, etiketa ipini, eta gordeko dugu. Bizigarri arina da, eta gosegarri moduan edo digestioari laguntzeko edan dezakegu.

Arrosazko eztia: 300 ml ur, eskukada bat lore-hosto eta 500 g laranja-lorezko eztia. Lore-hostoak uretan egosiko ditugu minutu batzuetan; hozten utzi, eta iragaziko dugu (saiatuko gara ahalik eta gehien aprobetxatzen). Laranja-lorezko eztia gehituko dugu, eta ondo nahasiko dugu; poto batean gordeko dugu. Gozo-gozo dago, eta, bere propietate sendagarriei dagokienez, erabili ahal dugu, eztarriko, anginetako eta hortzoietako mina arintzeko (infusioa edan dezakegu, edo gargarak egin).

 

Erabilera topikorako errezetak

Arrosa-olioa: jaso berriko lore-hostoak eta olio- edo almendra-olioa (nahiago baduzu, beste bat erabili dezakezu. Lore-hostoz beteko dugu ontzi esterilizatu bat, eta olioz ere beteko dugu; espatula bat erabilita, arinki eragingo dugu, ontzian egon daitekeen airea kentzeko. Lore-hostoak ondo estaliko ditugu, ontziari estalkia ipiniko dugu, eta bi astean beratzen izango dugu; egunero eragingo dugu. Gaza bat erabilita iragaziko dugu, eta prozesua berriro egingo dugu: lore-hosto berriak ipiniko ditugu eta bi astean beratuko dugu. Iragazi, eta ontziratuko dugu, eta leku fresko eta ilun batean gordeko dugu. Olioa bakarrik erabili ahal dugu, edo baltsamoak egiteko. Oso egokia da aurpegiko larruazalarentzat. Orbaintzailea ere bada, eta egokia, erredurak sendatzeko.

Ozpin aromatikoa: 500 ml ozpin eta eskukada bat lore-hosto (freskoak). Zazpi egunean izango dugu beratzen; iragazi, eta ontziratuko dugu. Larruazalaren gaixotasunak arintzeko erabili dezakegu, hala nola narritadurak, granoak, ziztadak, urtikariak eta erredurak. Larruazalean zuzenean ezarri daiteke, edo ozpina ur destilatuan urtuta. Era berean, gorputz-desodorante moduan erabili dezakegu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).