Uda hasieran loratzen da. Hostoak bigarren urtetik aurrera batzen dira, loraketa baino lehen, konposatu guztiak dituztela bermatzeko. Gomendagarria da bildu baino 15 egun lehenago ez ureztatzea: horrela bermatuko dugu aroma bizia eta esentzia-olioen kontzentrazio handia duela. Zurtoinak luze moztu behar dira, eta leku ilun eta siku batean buruz behera eskegi. Hostoak, bestalde, sikatzeko erretilu batean sikatu daitezke. Sikatzen direnean, poteetan edo paperezko poltsetan gorde ditzakegu. Nolanahi ere, hosto freskoak ere gorde ditzakegu, eta gure beharrizanen arabera erabili.
Sukaldean
Hosto freskoak erabili ditzakegu ortuariak, arrainak, hegaztiak eta postreak –marmeladak, jeleak, budinak…– usaingozatzeko. Infusioak oso zapore atsegina du, eta otorduen ostean edaten badugu, lagunduko digu digestioa egiten. Infusioa bero edan dezakegu, edari aromatiko moduan, edo hotz, edari freskagarri moduan.
Berbena limoiusain-likorea: 50 g hosto siku, litro bat pattar/vodka/ron eta 150 g azukre edo ezti (bakoitzaren gustuaren arabera). Hostoak pattarrean beratu beharko ditugu bi astean, eta egunero eragin. Iragazi, eta ondo sakatu beharko dugu. Azukrea gehitu, eta ondo nahastuko dugu. Botilaratuko dugu, etiketa ipiniko diogu botilari, eta 15 egunean izango dugu jalkitzen.
Propietate sendagarriak
Digestioari laguntzen dio. Kolikoak eta haizeak arintzeko baliagarria da: egunean hiru katilukada edatea gomendatzen da. Era berean, lasaigarria da, eta urduri gaudenean ere gomendagarria da hiru katilukada edatea. Azkenik, hilekoaren mina arintzeko lagungarria da, tintura edo infusioa edaten badugu.
Hilekoaren mina arintzeko tintura: 600 ml graduazio handiko alkohol (uxuala, vodka…) eta 100 g berbena limoiusain-hosto siku. Hostoak alkoholean beratuko ditugu bi astean, leku ilun eta siku batean. Egunean bi aldiz eragingo dugu, osagaiak ondo nahasi daitezen. Bi asteak pasatzen direnean, iragaziko dugu eta ontzi opaku batean gordeko dugu, leku ilun eta siku batean. Egunean 15-20 tanta edan behar dira.
Berbena limoiusaina batez ere infusio moduan hartzen da. Oso gustu ona eta zapore atsegina du. Gainera, zapore desatsegina duten edo mingotsak diren infusioak hobetzeko erabili daiteke.
Infusioa: ura eta hiru hosto. Lapiko batean katilukada bat ur berotuko dugu. Irakiten denean, sua amatatuko dugu eta hiru hosto gehituko ditugu. Edan baino lehen, hamar minutuan izango dugu jalkitzen.
Erabilera kosmetikoak
Limoi-aroma duenez, oso preziatua da kosmetikoak eta perfumeak egiteko. Almendra-olioarekin nahasten badugu, bikaina da masajeak egiteko. Usain lasaigarria du, eta, gainera, eltxoak uxatzen ditu.
Beste erabilera batzuk
Aroma biziko landarea denez, erabili daiteke autoa, poltsikoak edo etxea usaingozatzeko.
Ortuan
Bere loreak oso erakargarriak dira erleentzat eta laboreetarako onuragarriak diren beste intsektu batzuentzat. Gainera, hostoak erabili daitezke izurriak kontrolatzeko uxagarriak egiteko.
Kontraindikazioak
Ez da gomendagarria epe luzean erabiltzea, arazo gastrikoak sortu ditzake eta. Haurdun daudenek neurriz erabili behar dute.