Ibilbidea Villanueva de Valdegobian hasi dugu, GR1eko marka zuri-gorriei jarraituta. Herriko azken etxeetako fatxadetan harrizko irudi politak topatu ditugu. Laster ezkerretara egin dugu eta mendian sartu gara. Pista erosoetatik joan gara. Une batean Burgosen sartu gara, eta aurrean, beheko aldean, Valpuesta herria ikusi dugu. Biztanle gutxi batzuk ditu orain, baina garai batean garrantzi handikoa izan zen. Bere kolegiata gotzaindegia izan zen IX.-XI. mendeetan, eta batzuen iritziz, gaztelaniazko lehen hitzak bertako kartularioetan ida-tzi ziren. Herrira heldu, eta lehenengo eta behin kolegiata ederrarekin egin dugu topo. Bisitatzea merezi du, besteak beste, XVI. mendeko erretaula eta beirate famatuak ikusteko. Ondoko jauregi batean, “Vive bien que has de morir” leloa aurkitu dugu armarrian idatzita.
Aurrera jarraitu, eta menditik gora egin dugu: ibilbidearen aldaparik gogorrena da hau. Berriro Araban gaude. Pinedo herria pasatuta, marra zuri-gorriak utzi ditugu eta ezkerretara doan bidea hartu dugu, inguruko haitzulo rupestre ikusgarrietara hurbiltzeko. Behetik, goitik eta barrutik arakatzea merezi du. Hemen gaudela, atzera egin dezakegu, berriro bideraino, edo larreen bazterretik joan gaitezke, beherantz. Guk azken hori aukeratu dugu, laburragoa delako. GReko kilometroren bat egin dugu berriro, eta errepidera heltzear geundela, eskuineko bidezidorretik joan gara, beste hai- tzulo batzuk bisitatzeko: Corrokoak, oraingo honetan. Horiek ere ezin dira galdu!
Errepidera helduta, GRak hura guru- tzatu, eta menditik gora egiten du basotik, gero jaisteko. Hori egin beharrean, errepidetik egin dugu zati labur bat eta inguruan dagoen Santa Olallako nekropolia bisitatu dugu. Orain bai: errepidea gurutzatu dugu, markak aurkitu, eta Tobillaseraino heldu gara. Herri txiki horretan ere badago zer ikusi; adibidez, eliza erromaniko ederra eta antzinako batzarlekua. Bovedara heltzea besterik ez zaigu falta, non bi iturri-aska garbitegi eder nabarmen- tzen diren; biak ondo kontserbatuta daude. Ibilbidetik kanpo, Ribotako menhirra dago Tobillas eta Boveda artean.
Azken atal hau amaitzeko, aipatu nahiko genituzke Arabako lurretatik egin dugun abenturatxo honetako partaideak. Artikuluen egileoz gainera, hauek dira: Jabi Baez, Gabriel Etxebarria, Juantxu Bilbao, Jose Enrique Astobieta, Andoni Lekunberri eta Iñaki Beitia.