Elorri zuria apirilean eta maia-tzean loratzen den arren, leku menditsuetan, ekainean ere azal litezke. Loreak zuriak dira eta usain atsegina dute. Bost petalo izaten dituzte, estamine asko eta estilo bakarra. Sortetan biltzen dira.
Loreak, zein hostoak eta fruituak erabiltzen dira. Loreak eta hostoak udaberrian eta udan batzen dira, lorea zabal- tzen dabilela. Lorea hostoa baino hobea bada ere, biak har daitezke. Leku aireztatu batean eta gerizpean sikatu behar dira. Siku daudenean, kontu handiz maneiatu behar dira, apur ez daitezen, eta hezetasunik gabeko leku batean gorde.
Fruituak abuztutik aurrera hasten dira heltzen. Biribilak eta gorriak dira, eta garbantzu baten tamainakoak. Mamiak, hala ere, zapore motela du, eta ez oso atsegina. Onena da fresko gorde eta jatea.
PROPIETATE SENDAGARRIAK
Loreak zirkulazio-aparaturako eta bihotzerako tonikotzat hartzen dira. Izan ere, bihotzaren funtzioa egonkor-tzen du eta bihotz-taupadak erregulatzen ditu. Era berean, odol-presioa erregulatzen du eta tentsio altua eta tentsio baxua orekatzen ditu. Eragin lasaigarria duenez, bihotz-erritmoari lotutako arazoak arintzeko erabil daiteke; hala nola, takikardietarako eta palpitazioetarako. Horrezaz gainera, insomniorako erabil liteke, baita urduritasunerako ere.
ERREZETAK
Infusioa egiteko, kikara batean koilarakada bat lore ipini, eta ia irakiten dagoen ura botako dugu. Hozten denean, loreak kenduko ditugu. Ur naturala ere erabil dezakegu infusioa egiteko. Kasu horretan, ordubetez izan behar dugu beratzen eta iragazi. Kikarakada bat edan behar da bazkarian eta beste kikarakada bat afarian. Zurrupada txikiak edan behar dira. Garraiskarekin nahas genezake, ezki-urarekin, pasio-lorearekin…
Tintura egiteko, vodka edo gradu askoko alkohola erabiliko dugu (45 gradutakoa). Litro bat alkoholetan 200 g landare siku ipiniko dugu, eta 300 g landare freskoa bada. Lo egiteko tintura egin nahi badugu, nahas liteke ezki-urarekin, pasio-lorearekin…
Elorri zuri-tintura: 300 g fruitu fresko, lore siku apur bat eta litro bat vodka. Leku ilun batean gorde behar dugu, eta egunero eragin. Bi asteren ostean, iragazi eta botilaratuko dugu. Bost urte inguru irauten du. Otorduen aurretik hartu behar da, urarekin nahasita, bizpahiru aldiz egunean: uretara 20 tintura-tanta botako ditugu. Lasaigarri eta espasmo-kontrako moduan erabili nahi bada, oheratu baino lehen 40 tanta edan behar dira.
KONTRAINDIKAZIOAK
Bihotzean eragina duten landareak kontu handiz hartu behar dira, zeren eta gehiegizko dosi batek eragin txarrak sor ditzake. Sintron hartuz gero, ez da kontsumitu behar.