Durangalde historikotik

t/a: IƱaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka 2024ko abe. 9a, 14:58

Durangalderantz egingo dugu oraingoan. Abadiño, Berriz, Garai eta Iurreta udalerrietan zehar hamar kilometroko ibilbide errazean zer ikusi badago-eta: Momoition egongo gara, bailarara jaitsi aurretik jendea non bizi zen ikusteko; Gerediaga bisitatuko dugu, herriak sortu ostean biltzarrak non egiten ziren ezagutzeko; Arrierreka edo Garai errekatik gora joango gara, uraren aprobetxamendu osoa ulertzeko; eta hilobi interesgarriak eta leiho prerromanikoak ere ikusiko ditugu, beti Anboto inguruko mendiak bistan ditugula.

Ibilbide zirkularra denez, edozein lekutik hasi daiteke; guk Matiena-Abadiño aukeratu dugu. Donostiara doan errepide nagusian San Blas hotela dago. Bertako aparkalekuan autoa utzi,  burdinazko zubitik errepidea gurutzatu dugu, eta eskuinetik autobide azpitik pasatu gara. Gutxira, Gerediagako Batzarretxe elegantea dago. Urteetan zehar, bertan egiten ziren Durangaldeko herrien batzarrak, inguruko paneletan ondo azalduta dagoenez.

Garaira doan bide nagusia utzi, eta hurrengo bide estuagoa hartu dugu. Bide lasaia da, etxez etxe doana. Bidea Arrierreka edo Garai erreka bazterretik doa, eta historian zehar hainbat ola, errota edo hidroelektrikoren lekukoa izan da. Badagoz ur-kanalak, anteparak... Une batean, Olazarko ola eta Makinetxea zaharrak aurkitu ditugu azalpen-panelak alboan. Etxalde handia pasatuta, esku- inetako pista hartu dugu erreka ondotik eta harrizko oso zubi elegantearekin egin dugu topo: Ola zaharrean gaude. Berriro errepidean zentral hidroelektriko bi behintzat aurkitu ditugu bata bestearen atzean, XX. mendean sortuak, uraren indarra aprobetxatzeko. Patalako zentral elektrikoa pasatu, eta laster ezkerreko pista hartu dugu. Aldapatxo baten ostean Garai herrira heldu gara.

San Juan eliza bisitatu, eta hemendik aurrera marka zuri-gorriei jarraitu diegu: Ardoa eta Arrainaren GR-38koak dira. Kilometro eskasean errepide nagusitik joan behar dugu, Santa Katalina ermitaraino, eta aurrean duen hilobi gaineko harritzarrean fijatu gara. Bide nagusia utzi eta ezkerrera eginez, laster heldu gara Momoitio auzoko San Juan ermitara. Leku garrantzitsua da, herrien sorrera ulertzeko. Hilobi asko aurkitu izan dira bertan, estela interesgarriekin. Ermitako leihoak museo txikia bihurtuta daude; merezi du lasai begiratzea.

Aurrera eginez asfaltoa utzi, eta markei jarraituz beherantz doan basoko pistak Amatzako San Martin ermitara eraman gaitu. Hemen aipagarriak dira ermitaren atzeko hormako leiho prerromaniko interesgarria eta ermita aurrean aurkitu daitezkeen Erdi Aroko hilobiak, bata iturriaren aska bihurtuta. Aurrera jarraituz, autobidera heldu baino lehen, markak utzi eta ezkerreko pista hartu dugu Santi Mami ermitaraino, bere bolaleku bereziarekin. Apur bat atzera eginez autobidea pasatu, eta ezkerretik paralelo doan pistatik hasieran, eta gero errepidea saihesteko bidezidor bati jarraituta, irteerara heldu gara. Bidaia aprobetxatu daiteke inguruan dagoen Garaiko zuhaitz erraldoia, artea berau, bisitatzeko, benetan ikusgarria da eta.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).