Ibilbide historikoa eta kulturala Galdakaotik

t/a: IƱaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka 2024ko abe. 18a, 13:48

Oraingo honetan hurbileko leku bat proposatu nahi dugu, hain zuzen ere, Galdakaoko Elizalde ingurua. Zortzi kilometroko ibilbide erraza da, denbora guztian gora eta behera ibili arren. Bertan hainbat leku interesgarri aurkituko ditugu: eliza erromanikoa, iturri ederrak, gerra garaiko aztarnak, Erdi Aroko galtzada, erromatar garaikoak izan daitezken aztarnak, fosilak... Xabier Orue-Etxebarriak sortutako ibilbidea da eta informazio ugari batu du bere inguruan. Prestatu, zeren badago zer ikusi eta zer ikasi.

Andra Mari eliza erromaniko ederrean hasiko dugu ibilbidea. XII. eta XVI. mendeen artean eraikia, aipatzekoak dira bere dorre ederra eta portada ezaguna. Futbol-zelai ostean, ezkerretik doan errepide estua hartuko dugu. Laster, ezker aldean, hormigoizko eskailerari jarraituz, bi txorroko iturria dago: batak ur arrunta du, besteak burdin-ura. Eskuinetara bi aldiz eginez, aldapa gogorrean, basoko pistan sartuko gara. Track barik erraza da erratzea, zeren laster ezkerretara eta berriro eskuinetara eta beherantz egin beharko da bidezidor batetik. Errepidean gorantz, Uruburuko harrobiko sarreraraino joan-etorria egingo dugu, aldapa gogorretik. Garai batean garrantzitsua zen: Bizkaiko hainbat eraikuntza bertako harriz dago eraikita. Behera itzulita, baso ederrean sartuko gara bidezidorretik. Uruburuko iturri ederra pasatu, eta seinalean eskuinetara eta beherantz egingo dugu, errepidera heldu arte. Errepidea etxe baten ondoan amaitu eta lurrezko pista bihurtuko da. Laster, berau utzi eta eskuinetara egingo dugu, beherantz. Eskuinetara doan pista berriro hartuko dugu, Burdin Hesiaren seinaleei jarraituz, eta gerra garaiko lubakietatik paseo zirkularra egingo dugu, beti seinaleei jarraituta. Atzera egingo dugu kontu handiz eta goi tentsioko linearen azpian berriro aldatuko dugu norabidea. Betiere lurrezko pistetatik, beste iturri batera eta Santo Domingora doan errepidera helduko gara. Bertako merenderoko mahaien alboan, Gernikako haritzaren bi kume eder ikus ditzakegu, gerra aurretik landatuak. Errepidea gurutzatu, eta pistatik jarraituko dugu. Gerrako lubakien beste eremu batean gaude. Hemen aurkituko ditugu hainbat metrailadore-habia, babesleku-zulo… beti lubakiei jarraituz. Ondotik, galtzada bat suma daiteke, eta une batean hura oratzeko hormatzar bat, erromatar garaikoa ei dena. Apur bat aurrerago, errekatxo baten urak bideratzeko, garai bereko ubide interesgarria dago.

Errepidera irtenda, Altamira auzora igo eta hura gurutzatu ostean, ezkerretara bidezidor bat dago, Olabarri auzora eroango gaituena. Hori ere pasatuta, bidegurutze batean aurrera eginez, bidezidorretik joan-etorrian Etxabarria edo Isasitarren dorretxearen aztarna apurrak ikusiko ditugu. Beherago, errekan, ehun milioi urteko fosilen aztarnak dituen harkaitza dago. Itzulita eta bideari jarraituz,  eskuinaldean euskal labea edo haizeola baten aztarnak daude, burdina lortzeko erabiltzen zenarenak. Inguruan Erdi Aroko galtzada nabarmen ikusten da hainbat lekutan, baita erreka gurutzatzeko zubi zaharra ere. Aurrera egin eta zirkulua itxiko dugu, Andra Mari elizara helduta.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).