Huntza

a: @txiribita_mundi 2024ko abe. 20a, 10:50

Hedera Helix. Ohiko landare igokaria da, lurretik hainbat metrotara goratu, eta ia edozein azal-motatatik igo daitekeena, hala nola zuhaitzetatik, harkaitzetatik eta hormetatik. Mediterraneokoa eta Erdialdeko Europakoa da jatorriz. Hostoak distiratsuak dira gainaldean, eta mateak, azpialdean. Leku heze eta ospeletan izaten da, harresi edo zuhaitzen aldean.

Bakarrik hostoak erabiliko ditugu. Hostoak edozein sasoitan batu daitezke; hala ere, gomendagarria da loratu baino lehen batzea, udaren amaieran, urrian-edo. Erabiliko ditugunak bakarrik batuko ditugu, fresko erabiliko ditugu eta.

PROPIETATE SENDAGARRIAK

Hainbat gaitz arintzeko erabiltzen da, esaterako, kailuak, zauriak, erredurak eta zelulitisa. Batez ere kanpoko tratamenduetan erabiltzen da, izan ere, dosi egokia ezagutu ezean, beste erabilera-mota bat arriskutsua izan daiteke.

Baiak pozoitsuak dira, eta ez ditugu jan behar. Hostoak, aitzitik, eraginkorrak dira, adibidez, hilekoak, erredurek edo furunkuluek eragindako minak arintzeko, ur egosita, infusioa edo tintura edaten bada. Nolanahi ere, dosifikazioari eta toxikotasunari lotutako arazoak direla eta, barne-erabilera ez da gomendagarria.

KANPOKO ERABILERA

Sendagarriak

Analgesiko naturala da, eta laguntzen digu edozein min-mota arintzen: haginetako mina, belarriko mina, gota, min erreumatikoak… Era berean, erreduretarako eta hanturetarako erabili daiteke. Hostoek eta zurtoinak taninoak eta ga-tzak dituzte, eta oso baliagarriak dira zauriak eta ultzera barizedunak orbaintzeko. Saponinak ere badituzte, hodi-uzkur- tzaileak direnak eta, hortaz, barizeak eta zelulitisa arintzeko baliagarriak direnak. Batez ere modu topikoan erabiltzen da; ahoz hartzeko, oso dosi txikietan eta adituek prestatuta hartu behar da.

Zauri, erredura eta larruazaleko gaitzetarako, egosi eta erabili ura, eremua garbitzeko. Hosto galdarraztatuak kataplasma moduan erabili daitezke. Konpresak eta pomada ere erabili daitezke.

Erreumarako eta neuralgietarako, hosto freskoak irakin, eta kataplasma moduan erabili daitezke. Pomada ere lagungarria da.

Haginetako mina arintzeko, egosi eta erabili ura, ahoa garbitzeko.

ERABILERA KOSMETIKOAK

Oinetako gogorguneak eta kailuak biguntzeko, hostoak ozpinetan beratuko ditugu 24 orduan, eta kataplasma ipini.

Koipea disolbatzeko eta zelulitisari aurre egiteko, egositako uretan bustitako konpresak ezarri ahal ditugu eremuan, edo masajeen bidez pomada ipini.

Buruko ilea indartzeko, egositako ura erabili daiteke ileari xaboia kentzeko. Ilea ilunduko du.

Eguzkiak eta urteak igarotzeak lurrazalean eragindako orban ilunak ken- tzeko, egositako ura erabili daiteke larruazala garbitzeko. 

ERREZETAK

Kataplasma: zehatu hosto freskoak, eta ezarri mina erreumatikoa dugun eremuaren gainean.

Egostea: ur-litro bakoitzeko 30 g hosto fresko behar ditugu. Minutu batzuetan egosiko dugu. Zauriak garbitzeko erabili dezakegu. Gainera, zauriak orbaintzen lagunduko du. Era berean, zauria garbitu ostean, haren gainean ipini ditzakegu egositako hostoak, kataplasma moduan, ordubetez.

Konpresak: egosi eta busti uretan, esaterako, toalla bat. Bihurritu, eta ezarri tratatu beharreko eremuan, adibidez, zelulitisa dagoen eremuan.

Pomada: hosto freskoak txikituko ditugu, eta ordu pare batez egosiko ditugu 200 g oliba-oliotan eta 40 g argizari birjinatan. Gutxienez 12 orduan izango dugu jalkitzen. Ondoren, berriro berotuko dugu ondo iragazteko eta potoetan sartzeko.

KONTRAINDIKAZIOAK

Ederina da huntzaren osagaietako bat, bere toxikotasunaren eragile nagusia ere badena. Horregatik, ez da ahotik hartu behar. Bestalde, bere fruitua da beltz koloreko baia txiki bat, pozoitsua dena, eta hori ere ez da inoiz jan behar.

Landareak batzeko aholkuak

Orokorrean: hartu ondo ezagutzen duzuna; hartu neurriz eta soilik lekuan asko badaude; ez eraman dena, utzi beti zerbait; hartu bakarrik erabiliko duzun landarearen zatia; ez atera sustraitik, moztu ondo hazten jarrai daitezen; ez moztu loreen % 20 baino gehiago, zuhaitzak edo zuhaixkak badira; hartu bakarrik erabiliko duzuna, geroago itzuli ahal zara, edo beste leku batzuetara joan; ez jaso gune babestuetan edo parke naturaletan.

Non: larreetan eta autorik pasatzen ez den bide-ertzetan; goldatu gabeko basoetan; toxikorik erabiltzen ez den ortuetan eta lorategietan; inoiz ez areketan, fumigatutako lan­detan eta ibaiertz kutsatuetan. 

Noiz: goizean, ihintza sikatu ondoren; hartu hostoak erabiliko ditugun egunean bertan; hartu loreak goizean eta sustraiak arratsaldean; landareak gorde edo sikatzeko, hobe da ilbehera denean jasotzea.

Materialak: eskularruak, artaziak, paperezko oihalezko poltsa, zumezko saskiak…

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).