500 lanpostu sortu eta 175 milioi euro fakturatu ditu BIC Bizkaiak 10 urtean

Aikor aldizkaria 2024ko abe. 20a, 11:10

a: BFA

Hamar urte bete dira BIC Bizkaia inkubagailua Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean inauguratu zuela. Zentroa balio erantsi handiko sektoreetan dago espezializatua, hala nola bio-mikro-nano teknologietan, manufaktura aurreratuan era teknologia garbietan. Era berean, azaldu denez, erreferentea da enpresa-proiektu berritzaileen sorreran eta azelerazioan.

BIC Bizkaia Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu dute, eta Beaz sozietateak kudeatzen du. Jakinarazitako datuen arabera, 10 urtean “oso berritzaileak diren 65 enpresa sortu dira, besteak beste robotizazio-teknologiak, fabrikazio gehigarria, adimen artifiziala, material berriak eta gailu medikoak erabilita”. Era berean, “500 lanpostu sortu ditu Bizkaian, eta taldeen % 20 doktoretza-titulua duten pertsonek osatzen dute”. Bestalde, ekintzailetza-taldeen % 48 emakumeek osatzen dute, “eta datu horrek azpimarratzen du BIC Bizkaiak enpresa-eremuan genero-berdintasunarekin duen konpromisoa”. Azkenik, enpresek “175 milioi euro fakturatu zituzten 2023. urtearen amaierara arte”.

BIC Bizkaia da 6.000 metro koadroko azpiegitura modernoa, eta bere baitan atondu dira areto zuriak, laborategi teknologikoak, prototipatze-tailerrak eta coworking-guneak. “Hamar urte hauetan, STEM talentuaren eta prestakuntza zientifikoa eta teknologikoaren aldeko apustua egin du”. Horrela, “DBHko eta Batxilergoko 800 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute Egin eta Ekin ekintzailetza sustatzeko ekimenean, eta zentroak EHUko Ekintzailetza Aurreratuko Masterrarekin kolaboratu du, 180 ekintzaileri laguntza eskainita”. Gainera, “Provider programa diseinatu du Tknikarekin lankidetzan, eta haren bidez 1.200 ikasle sentsibilizatu ditu, eta 59 enpresa-proiektu bultzatu”.

Beste alde batetik, “BIC Bizkaiaren startupak babesteko eta bizkortzeko ereduak erakarri du mundu osoko delegazioetako 8.500 pertsona baino gehiago –Txile, Kroazia, Estatu Batuak, Mexiko, Hego Korea–, eta beste lurralde batzuetako 12 startup. Hortaz, berrikuntza globaleko polo moduan finkatu da”.