Inoiz Nafarroako Pirinioetara joaten bazarete, bunker hauetako bakar batzuk bisitatzea proposatzen dizuegu. Bilatzaile batean "P lerroko mapa" jarriz gero eta webgunera sartuta, milaka agertuko zaizkizue, bakoitzaren posizioarekin eta argazkiarekin. Gogoratu behar da Artxanda, Gorliz zein Luzueroko puntako antiaereo eta bunkerrak ere antzeko asmoekin egin zituztela, erasoa itsasoz etor zitekeen beldur.
Eskuratu hemen ibilbidearen track-a.
Ibañeta inguruko bunker batzuk: Auritz / Burgete eta Orreaga atzean utzi, eta Ibañeta gainean, ermitaren atzean, aparkatu dugu. Oinez hasi gara. Lehen bunkerra (1) bertan dago, bigarrena (2), berrehun metro ingurura. Horiek aztertu ondoren, Lepoeder eta Ortzantzurietara doan pista hartu, eta bide ondoan ikusiko ditugu beste hiru (3, 4 eta 5). Aurrera eginez, beti pistatik, kurba ebaki baten ondoan beste bi (6 eta 7) ikusiko ditugu. Bata ia osorik estalita dago, baina bestea ederra da eta osorik ikus daiteke. Pista beretik itzuli gara Ibañetara. Errepidea gurutzatu, eta aurrean dugun antena baterantz egin dugu. Heldu baino metro batzuk lehenago, apur bat basoan sartuta, beste bat dago (8).
Berriro Ibañetara itzuli gara eta Lindus eta Urepelera doan bidea hartu dugu orain; autoz egin daiteke azken zati hau. Kilometro pare bat egin ostean, bi bunker aurki daitezke. Bata argi ikusi dugu bide ondoan (9); bestera heltzeko, berriz, ehiz- tarientzako autokarabana antzeko bat hartu dugu erreferentziatzat. Ondotik igaro gara, eta metro batzuk aurrerago, basoan sartuta, aurkitu dugu. Ibañetara itzulita amaitu dugu 10 kilometroko ibilbide eder hau. Jakina, hemen bunker, antiaereo eta metrailadore-habi batzuk baino ez ditugu aipatu, baina asko daude, eta mapa baten laguntzaz edo lehen aipatutako webgunearen laguntzaz aurkitzen saia gaitezke. Ez da lan erraza, zeren asko erdi edo osorik estalita daude.
Hemen gaudela ezin dugu ahaztu Ibañeta ondoan dagoen Orreaga gune garrantzitsua eta sinbolikoa dela, 778. urtean frankoei irabazitako batailagatik (frankoen herriak, Karlomagno buru zutenak, ez geroago etorri zen Franco). La Chanson de Roland poema epikoaren bidez Europa osoan egin zen ezagun. Orreagara hurbildu gara, eta Santutegiko eliza gotikoa bisitatu dugu: klaustroa, non Nafarroako erregea Antso VII.a Azkarra lurperatuta dagoen; museoa; XIII. mendeko Santiago eliza eta Karlomagnoren siloa deitutakoa, non azken urteotan hainbat hezur atera eta azter- tzen dabiltzan –ez enperadorearenak, jakina–. Ez ahaztu hori ere Done Jakue Bidearen lekurik garrantzitsuenetarikoa dela. Beraz, badago zer ikusi.