Etxagueneko eliza ondoan aparkatu dugu eta oinez hasi gara iparralderantz. Laster iturri eta garbitoki eder bat ikusi ditugu, ur barik bada ere. Horiek igarota, eskuinetik doan bidexka hartu dugu. Bidexkatik goazela, ez diogu utzi apurka-apurka altuera hartzeari eta Arabako bista ederraz gozatzeari. Kilometro pare bat egin, eta ezkerrean Laminiturri harrobia topatu dugu. Gaur egun harri-zati pila bat besterik ez dago, zuhaitz artean eta goroldioz beteta, baina garai batean –X. mendetik aurrera, uste denez–, errotarriak ateratzen ziren hemendik, eta ez gutxi. Non arakatu egon arren, ez dugu ezta errotarri bat ere erdi osorik aurkitu.
Apur bat egin dugu aurrera, eta eskuinetara, metro batzuetara, putzu handi bat topatu dugu, sasoi honetan laku txikia dena. Bideari ekin diogu, eta berriro eskuinetara sartu-irtena eginda Kanteratxikerrera ailegatu gara. Han ere ibili gara harri bila. Garai batean herrixka bat izandakoaren aztarnak daude nahiko hurbil; beharbada, herrixka zen harrobietan lan egiten zutenentzat. Pistari jarraitu diogu eta tumulu bat topatu dugu, historiaurreko hilobi-mota bat. Gorago, Oketa harrobia aurkitu dugu eskuinaldean, eta haren atzean, errotarri eder bat, oso-osorik, milaka harri-pusketa artean. Imajinatu daiteke beste garai batean inguru hau zer zen. Oketa mendi-tontorra ez dago urrun; eguna lagun, bista itzelak izango ditugu handik.
Eskuratu hemen ibilbidearen track-a.
Etorritako bidetik behera eginda, laster hura utzi, eta eskuinetara egin dugu bidezidor batetik. Zabaldu begiak, zeren Askor 1 deitutako beste errotarri oso bat baitago bidearen ezkerraldean, metro batzuetara. Aurrera jarraitu dugu menhir bat aurkitu arte, “El gizon” deitutakoa. Ezkerretara eta aldapa behera eginez heldu gara hasierako pistara, baina bidean Askor 2 errotarria aurkitu dugu. Gehiago ei daude, baina hurrengo batean aurkitzeko utzi dugu. Etxaguenera helduta, eliza ondoan “In Memoriam” harria dago, bertan hildako milizianoei eskainia. Izan ere, 1936ko gerra hasieran frontea zegoen inguru hauetan, eta ez da harritzekoa egindako ibilbidean ere errotarri, herrixka eta abarren artean lubakiekin topatzea.
Egindako ibilbidea 10 kilometro eskasekoa den arren, komeni da patxadaz hartzea eta harrobiak izandakoetatik ibiltzea ahalik eta errotarri gehien aurkitzeko; hala ere, ez da lan erraza. Amaitzeko, Akosta herritxotik pasatu gara, eta Gopegi bitartean Humilladero izeneko lekuan egin dugu geldialdia, bertako XVI.-XVII. mendeen arteko gurutzea bisitatzeko. Ez dugu amaituko esan barik Zigoitiako Udalak webgune oso interesgarria duela eta aipatutako ibilbideaz gain beste hainbat ibilbide eta informazio aurkituko dugula bertan.