Hostoak loraldia baino lehen ba-tzen dira, udaberrian edo udaren hasieran. Landarea lurretik bost zentimetrora moztu behar da, eta azkar-azkar ernaberrituko da. Hostoak behin baino gehiagotan moztu daitezke urtean, horiek ere azkar-azkar eta indarrez ernaberrituko dira eta. Hirugarren urtetik aurrera, eta klimaren arabera, sei asterik behin moztu daitezke. Hostoak eta zurtoinak etengabe uztatu daitezke.
Hostoak sortetan sikatu behar dira, sokaz lotuta eta sabaitik zintzilikatuta, leku bero eta ondo aireztatu batean. Sustraia, bestalde, urte osoan uztatu dezakegu, fresko erabili nahi badugu. Hala ere, sikatzeko, udazkenetik udaberrira jaso behar dugu, hobe udaberrian. Bildu ondoren, garbitu beharko ditugu, eta txikitu, azkarrago sikatu daitezen eta onddorik ez agertzeko. Nahi izanez gero, labean sikatu ditzakegu, gehienez 35 gradutan.
Sukaldean
Ezin dira hostoak eta sustraiak jan, toxina-kantitate txikiak dituztelako eta kon- tsumitzeko egokiak ez direlako. Arrazoi horregatik ere ez da gomendagarria bere barne-erabilera.
Propietate sendagarriak
Zauri-belar eta belar orbaintzaile handienetako bat da, lagungarria baita zauriak osatzen eta orbaintzen. Era berean, leungarria (emolientea) eta lasaigarria da, antiinflamatorio eraginkorra, eta artikulazioetako eta muskuluetako mina aritzen laguntzen du.
Erabilera sendagarriak
Zaintiratuak, kontusioak eta hausturak
Sendatzea azkartzen du eta mina eta hantura arintzen du. Zehatutako sustraia erabilita baltsamoa, konpresa edo kataplasma egin daiteke, eta egunean lau aldiz ere ezarri. Erabili dezakegu orkatilako zaintiratuetarako, tendinitiserako eta artritiserako.
Bizkarreko mina
Egunean hiru aldiz ere ezarri daiteke, hezurretako eta artikulazioetako minak arintzeko. Mina arintzeaz gainera, artikulazioaren mugikortasuna hobetzen du.
Larruazaleko lesioak, erredurak, erupzioak, ekzemak, psoriasia eta zauri txikiak
Larruazala eta zauriak orbaintzea biz- kortzen du, bakterioak ugaritzea ekiditen du, eta, infekzioak ekiditen laguntzeaz gainera, orbanen itxura hobetzen du. Muzilagoak ditu, eta horiek zelulak ugaritzea eta birsortzea ahalbidetzen du.
Baltsamoa egunean hiru aldiz erabili daiteke. Zehatutako sustraia edo hostoak erabili ditzakegu, kataplasma egiteko eta artatu beharreko gunean ipintzeko. Erupzioak, aknea, ekzemak eta psoriasia arintzeko, eremua sustrai-infusioz edo egositako uraz garbitzeko gomendioa egiten da. Nolanahi ere, oso zauri sakonak edo zorrotzak badira, hobe da ez erabiltzea, zeren, zolda-belarra oso orbaintzaile azkarra denez, gertatu daiteke infekzioa guztiz ez sendatzea. Bestalde, sustrai freskoak eta birrinduak berehala arintzen ditu lehen mailako erredurak, eta, era berean, oso baliagarria da titiburuetako pitzadurak lasaitzeko eta orbaintzeko.