Oiz mendiko hego hegala

Oiz mendiko hego hegala 2025ko api. 14a, 13:41

Oraingoan Oiz mendira hurbilduko gara eta bere hegoaldeko magaletik ibiliko gara. Ibilbideak baditu harrituko gaituzten gauzak: historiaurreko aztarna ugari, mendiko ganadua babesteko hainbat basakorta, errotarriak lortzeko harrobi itzelak... Eta dena haize-errota erraldoi modernoen begiradapean.

Goiuria eta Garai herrien artean, Oizera doan bidea hartu dugu. Beste lau kilometro egin, eta bidea bitan banatu egiten da. Ezkerrekoa San Kristobal ermitara doa; guk eskuinekoa hartu dugu eta 400 bat metrora dagoen aparkalekuan utzi dugu autoa, Undakorta aterpe txikiaren ondoan. Oinez hasi gara hormigoizko pistatik. Kilometro pare batera, ezkerretara, pista bat dago, “Undakorta/Ipiñarrieta” jartzen duen seinalea duena. Gerorako utzi, eta aurrera egin dugu errepidetik. Amaitzen denean hainbat dolmen daude, hobeto esanda, haien hondarrak. Oraintsu aztertu dituzte, eta K.a. IV mendetik K.a. I mendera arte erabili ziren ustea dago, hainbat etapatan. Ondoan, haize-errota erraldoiaren azpian, mendien panela begiratzea merezi du, bistak itzelak dira eta. 50 metro beherago gurutze bat dago, bertan 1793an eroritako Lasueneko ermitaren testigu moduan jarrita.

Eskuratu hemen ibilbidearen track-a.

Atzera egin, eta lehen aipatutako pista hartu dugu, orain eskuinaldean dagoena. Laster irten gara basotik, eta Oizeko malda osoa agertu zaigu biluzik. Aurrera egin ahala, goiko haize-erroten begiradapean beti, harri zatien itsaso batean murgilduko gara. Inoiz errota-harrien harrobia izandakoa da toki hau. Hiru kilometrotan zehar milaka eta milaka harri puska agertu zaizkigu. Batzuk erdi amaituta zeudenean apurtu zirelako bertan behera utzita. Ez da lan makala horiek aurkitzea. Hainbat aurkitu ditugu, baina ederrena, zuloa eta guzti, pistatik 100 bat metro beherago aurkitu dugu. Ez da batere erreza aurkitzea, baina artikulu honetako wikilock-eko koordenadek lagundu dezakete. Aurrera jarraituz heldu gara errepidera. Informazio gehiago Javier Castrok idatzitako Oizko errotarri-harrobiak liburuan (interneten eskuragarri pdf formatuan) aurkituko dugu.

Errepidera helduta panel batek Ipinarrieta tumulua seinalatzen du. Animo izan eta safarirako prest izanez gero, basakortak bisitatu daitezke. “Menditik patxadaz” atal honekin hasi ginenean, aikor aldizkariaren 223. zenbakian hain zuzen, basakorten gaia jorratu genuen (aikor.eus webgunean aurkitu daiteke). Azaltzen genuenez, mendian abereen egonaldiak mugatzeko eremu zirkular handiak ziren, erdian harritzar bat zeukatenak. Bertan egonda ez ditugu zirkulu horiek ikusiko, baina tokiaren aire-argazkia begiratzea merezi du. Gauden lekutik ez oso urrun hiru zirkulu handi horiek daude, basakortak. Lehenaren bila joan gara. Erdiko harria kontserbatzen du, eta Txoriakorta-Olajeria du izena. Aurkitu dugu. Ez da batere erraza izan, landaretzaz erdi estalita dago eta. Hemen ere koordenadak jakitea ia ezinbestekoa da.

Errepidetik behera egin, eta aparkalekurantz goazela, eskuinean kartel txiki batek "Ama Birjinen Baso" dolmena seinalatzen du. Oraindik aztertu barik dago. Autoa utzi dugun aterpeak Undakorta du izena. Zergatik izen hori? Begiratu aire-argazkia. Esan beharra dago 13 kilometroko ibilbide osoan bistak izugarriak direla eta Anbotoko mendi-katea beti presente izan dugula. Bidaia amaitzeko merezi du San Kristobal ermitara igo eta beste aldeko bistaz gozatzea, Urdaibai eta inguruak.