HERBARIOA

Zolda-belarra (II)

Aikor aldizkaria 2025ko mai. 13a, 12:06

a: Wikimedia / anro0002

Symphytum officinale. Izen zientifiko hori eman zaio, hausturak, zauriak eta ultzerak osatzeko propietateak dituelako. Borrajen familiakoa da, eta erraz landatu daiteke lorategietan. Leku askotan belar txarra moduan hazten da.

ERREZETAK

Dekokzioa. Sustrai freskoa erabiliko dugu. Hura ondo garbitu ondoren, ur irakinetan egingo dugu, kanpoko azala errazago kentzeko. Ondoren, xehatuko dugu. Nolanahi ere, sustrai freskoaren ordez, sustrai sikua erabili genezake, oso dekokzio kontzentratua egiten badugu. Horretarako, ur litro bakoitzeko 200 g sustrai siku eta txikitu erabili behar dugu. Hogei minutuan irakin behar dugu estalkia duen kazola batean (ezin da ez burdinazkoa, ez aluminiozkoa izan), su motelean. Zauriak eta ubelak garbitzeko erabili dezakegu, edo konpresetan eta enplastuetan.

Baltsamoa. Zolda-belarraren sustraia erabili behar dugu oso ondo garbituta eta kanpoko azalik gabe. Fin-fin ebaki behar dugu, edo irabiagailuan xehatu. Sustrai freskoa erabili dezakegu, edo leku bero batean zenbait egunetan egurastu. Poto batean nahasiko ditugu 50 g sustrai eta 250 ml olio; nahi izanez gero, hostoak gehitu ditzakegu. Potoa oihal batez estaliko dugu, eta goma batekin lotu. Ostean, Maria bainutan egosiko dugu, olioa irakin barik, eta 60 minutuan-edo egingo dugu. Sua amatatu, potoa Maria bainutatik atera, eta trapu batez estaliko dugu harik eta hozten den arte. Bizpahiru astean izango dugu aire zabalean mazeratzen. Leku babestua izan behar du, adibidez, leiho batean. Mazerazioa azkarrago egin nahi badugu, potea Maria bainutan ipiniko dugu 90 minutuan eta etengabe eragingo dugu, olioa gehiegi berotu ez dadin (tenperatura egokiena da 35-45ºC). Sua zenbat eta motelagoa izan eta Maria bainuak zenbat eta denbora gehiago iraun, hainbat eta kalitate eta kantitate handiagoko produktua lortuko da. 

Baltsamoa egiteko, olioa iragazi behar dugu, eta hosto eta sustrai guztiak kendu. 80 ml olio eta 20 g erle-argizari nahastu behar ditugu; baskularik ez badugu, 4 zati olio eta zati bat argizari nahasi di- tzakegu. Maria bainutan berotuko dugu, argizaria urtu arte. Sutatik kendu, eragin eta kristalezko potoetan sartuko dugu, ondo itxita eta etiketa ipinita.

Prestakina oso lagungarria da giharretako minak arintzeko eta zauriak orbain- tzeko. Era berean, zauriak, erredurak, ubelak eta hematomak osatzen laguntzeko erabili dezakegu, eta ekzemetarako eta esku siku eta pitzatuetarako. Animaliek ere erabili dezakete.

 

ORTUAN

Altxor handia da lorategietarako eta ortuetarako, erleak eta erlastarrak erakar-tzen dituelako, zeinek polinizazioan lagunduko baitute. Hostotza ugariak hainbat erabilera du, hala nola ongarri likidoa egitea eta konposta aktibatzea.

Ongarri likidoa. Bidoi batean –plastikozkoa edo beste material batekoa izan daiteke, baina ez metalezkoa– kilo bat zolda-belar fresko eta zatituta ipiniko dugu euri-ur 10 litro bakoitzeko. 10-15 egunean izango dugu beratzen, eta egunero eragingo dugu deskonposizioa aktibatzeko. Nahasia belztuz joango da, eta hondarrak hondora joango dira. Hondar guztiak hondoan daudenean eta nahasia beltz-beltza denean, iragazi, eta likidoa uretan diluituko dugu (zati bat estraktu eta sei zati ur). Potasio-kantitate handiko ongarria da, eta oso gomendagarria da fruitua duten landare guztientzat: tomatea, marrubia, kalabazina… Dena dela, egokia da ortuko labore guztien- tzat, batez ere loraldian eta fruitua emateko sasoian.

 

KONTRAINDIKAZIOAK

Bakarrik erabilera topikoa egin behar da, substantzia toxikoak dituelako. Haurdun edo titia ematen daudenek ezin dute erabili, ezta gibeleko gaixotasuna edo arazoak dituztenek ere.