Txorierri iparraldetik (I)

Aikor aldizkaria 2025ko mai. 19a, 13:57

Txorierritik ibiliko gara oraingoan, bere iparraldeko mendilerrotik hain zuzen. Bi etapatan banatuko dugu ibilbidea. Lehenengoa Martiartun hasi, eta Artebakarran amaituko dugu, Erandio, Loiu eta Derio herrietan zehar ibiliz; azken bi herriak, ertz-ertzetik. Bigarren etaparako utziko dugu Larrabetzuraino heltzea. Etxetik hurbil egon arren, badago zer ikusi: dorretxeak, historia luzea duten ermitak, errotak, karobiak, bunkerrak...

Eskuratu hemen ibilbidearen track-a.

Martiartun hasi dugu ibilbidea, dorretxe galantaren ondoan. Ematen ez badu ere, leku estrategikoa da hau, itsasotik, Getxotik, datorren aranaren buruan dago eta. XIV. mendean eraikia eta XVI. mendean berreraikia, 2,4 metroko hormak ditu, eta Butroi eta Martiartu leinuen arteko ezkontza baten ondoren altxatu zen. Berriztatu behar den arren, garai bateko itxura ederra badu oraindik Martiartuko dorreak. Ondoan San Antonio ermita dago, eta ate gainean duen armarrian Martiartu, Asua eta Getxotarren armak daude. Goierrirantz doan errepidea hartu dugu, eta laster, ezkerretara, errota zaharra eta bertara doan harrizko ur-bidea ikusten dira. Apur bat aurrerago goazen bidea utzi, eta ezkerretara egin dugu, laster eskuinetara egiteko, beti errepidetik.

Aldapa nahiko gogorra igo ondoren, Andramariturrira heldu gara. Bere izena duen iturria lokalizatu dugu; ez da erraza izan. Gaur egun nahiko egoera kaskarrean dago, baina beste garai batean urrunetik etortzen zen jendea bertara edateko ura hartzera. Uribetik luzatzen den GR-280 ibilbideko markei jarraituz, aparkaleku handian errepidea utzi dugu, eta eskuinetik, egurrezko zubitik abiatu gara, eta jarraian ezkerretara biratu lurrezko pistatik gora.  Gorantz goazela, bide ertzean, eskuinean, lehen karobia aurkitu dugu. Aurrerago GRa utzi, eta eskuinetara egin dugu. Laster eskuinetara doan bidezidor baten ondoan beste karobi bat dago. Bertan egon arren, ez da erraza topatzea. Batzuen ustez karea egiteko baino lehen burdina lortzeko erabiltzen ziren zulotzar hauek.

Gorago bistak ederrak dira, itsasotik Aiz- korriraino, eguna argia izanez gero. Laster ezkerretara haitz batzuk ikusi ditugu, buzoia dago gainean, Karabezu mendiaren tontorra da. Bertokoen esanetan tontorra karobi ondoan utzitako bidezidorretik aurrera dago. Aurrera egin, eta berriro GRaren markak aurkituko ditugu. Jarraituz, txaleten ondora helduta, ezkerretara aldapa gora hormigoizko pasillotik gora eginez, Unbe mendiko buzoia eta behatokia daude. Bidetik aurrera eta behera eginez, Lauroetara heldu gara. Horma bakarreko frontoiaren ostean Arbilduko San Migel ermita dago. Horrek ere badu bere historia, Uribe merindadeko batzar-lekua zen eta. Merindade hori Basauritik Plentziaraino luzatzen zen. 1427an bertan, batzarrean zeudela, korrejidorea hil egin zuten bandokideen arteko borroketan. Bestalde, hiru apaiz euskaltzalek harreman berezia izan dute ermita honekin: Mikel Zarate, Xabier Amuriza eta Martin Orbe.

Beti markei jarraituta, errepidea guru- tzatu eta hormigoizko pistatik gora egin dugu. Amaieran, alanbrezko hesia pasatuta, ezkerretik doan bidezidorra hartu dugu eta apur bat behera eginez, gerra garaiko bunkerra aurkitu dugu. Handia da, metrailadore habia osorik du, fusilekin tiratzeko leihatilak... Barrutik pasatu eta beste aldetik irten gara lehen utzitako pistara heldu arte. Mendi gailurretik jarrai- tzea besterik ez da falta, Txorierriko bista ederraz gozatuz, Artebakarrara heldu gara 11 kilometroko ibilbidea egin ostean.