NOIZ BATU
Haziak sikatu nahi baditugu, udazkenean jaso behar ditugu, goizean eta fruituak lorean heldu ahala. Lorea mozten da eta bere horretan lehor- tzen uzten da. Egun batzuk igarota, oihal baten gainean astintzen da eta haziak bil-tzen dira. Nolanahi ere, baliteke lehortzen jarraitu behar izatea. Ondoren, ontziratu eta ondo gordetzen dira.
PROPIETATE DIETETIKOAK
Aberatsa da C, A, B3 eta B5 bitaminatan, azido folikoan (B9), zuntzean eta mineraletan, esaterako, potasioan.
SUKALDEAN
Entsalada, zopa, krema eta arrain-errezetetan erabiltzeko moduko hostoak ditu: bikainak dira aipatutakoei gehitzeko. Erraboil gozo-gozoa du, eta txikitu ahal dugu, eta tipulin gozoa izango balitz bezala entsaladetan erabili. Era berean, labean egin ahal dugu, kreman edo purean. Horri dagokionez, aipatu beharra dago, bere erraboil jangarria dela eta, Florentziako mihilua edo mihilu gozoa dela gehien landatzen dena (Azoricum barietatekoa). Bere erraboila zuria eta kurruskaria da eta oso gozo dago. Loreak postreak eta edariak lurrintzeko erabiltzen dira.
PROPIETATE SENDAGARRIAK
Fitoterapian eta aromaterapian batez ere haziak erabiltzen dira, olio esentzial kantitate handia dutelako. Gehienbat tisanak prestatzeko erabiltzen dira. Olio esentzial kantitate handia duelako hain zuzen ere, mihilua espektoratzailea eta antiseptikoa da eta tisanetan edo xarabeetan erabil- tzen da, eztula, mukiak, hotzeria edo gripea kentzeko. Mihiluaren propietaterik handienetako bat da eragin karminatiboa duela, eta horregatik lagungarria da haizeak kanporatzeko. Gainera, digestioari laguntzen dioten propietateak eta espasmoak arintzen dituzten propietateak ditu, bai digestio-mailan, bai maila genitourinarioan zein arnasketa-mailan. Ezin hobea da digestioa errazteko, haizeak gutxiagotzeko eta heste suminkorraren sindromea arintzeko.
ERABILERA SENDAGARRIAK
Digestio astunak, sabel puztua eta haizeak.
Digestio-traktuaren nahasmendu espastikoak. Digestio-traktua lasaitzen du.
Heste suminkorraren sindromea. Egiaztatu denez, kurkuminarekin batera (kurkumaren printzipio aktiboa) erabiliz gero, sindrome horrek sortzen dituen minak arintzen dira.
Hotzeria, eztula eta eztul kronikoa.
Hileko mingarria (dismenorrea). Umetokia erlaxatzen du eta bere espasmoak arintzen ditu.
Konjuntibitisa eta begietako narritadurak. Kamamila erabilita egiten den moduan, begiak mihiluarekin garbi daitezke.
INFUSIOA
Hobe da hazia birrintzea edo ehotzea eta infusioa egitea, horrela olio esentzialak hobeto kontserbatzen direlako. Egunean, 5-7 g fruitu hartu behar da infusioan, eta gehienez hiru tisana. Fruituak txikitu behar dira, infusioa egin, eta 15 minutuan jalkitzen utzi. Bestetik, 4 urtetik 12 urtera bitarteko umeek kantitate txikiago (3-5 g) hartu behar dute egunean, eta gehienez jota aste batez. Digestio-arazo arinetan bakarrik erabiltzea gomendatzen da.
Fruituei hipersentikortasuna badiegu, hobe da ez hartzea. Apiazeoen edo umbeliferoen familiari alergia edo sentikortasuna dioten pertsonek ere ez dute hartu behar. Familia horietakoak dira, adibidez, anis berdea, ezamihilua eta aingeru-belarra. Mihiluz egindako prestakinak, batez ere olio esentziala badute, ez dira bi aste baino gehiago jarraian hartu behar. Denbora-tarte hori pasatuta, ondoezak jarraitzen badu, medikuari esan behar diogu.
ARRETA NEURRIAK
Ez da gomendagarria haurdun daudenek edo titia ematen dabiltzanek infusioa edatea, eta edatekotan, kantitate txikietan eta noizean behin izan behar da. Era berean, haurdun daudenek ezin dute inondik ere hauek hartu: olio esentziala, mihiluaren olio esentziala erabilita egindako prestakinak, tinturak eta estraktu alkoholdunak.