Iñaki Atxutegi, Bardintasun zinegotzia: “Aurrea hartu behar deutsagu arazoari”

Aikor aldizkaria 2011ko ira. 22a, 10:35

Zamudioko Udalak sexu-jazarpenari aurre egiteko protokolo bat osatu dau. Testua aurreko legealdian jarri zan martxan, 2010-2012 urteetarako Bardintasun Planaren haritik, eta urriaren hasieran emongo da argitara. Zein da proiektuaren oinarria? Udalaren barne-jardueran ezarriko dan protokoloa da, eta helburu hau dau: sexu-jazarpenik antzemanez gero, langileek zein politikariok zelan jokatu behar dogun zehaztea eta zelango neurriak hartu behar diran finkatzea. Bera inoz erabili beharrik ez izatea gurako geunken tresnea da; halanda be, aldarrikapena egiteko be badago planteauta: personen arteko hartu-emonak errespetuan oinarrituta egon behar dirala uste dogu Udaletik, eta badagoz jokaera batzuk onartzen ez doguzanak. Eta portaera ez egoki horreen aurrean, era zehatz hone-tan jokatuko dogu. Besteak beste, zein puntu batzen dira testuan? Lehenengo eta behin, sexu-jazarpena zer dan aztertzen da, eta hiru jazarpen mueta zehazten dira: arina, larria eta oso larria. Hareetako bakotxa zein egoeratan emoten dan be zehazten da. Bestetik, legeak arazo honen inguruan zer dinon eta hari aurre egiteko zein erreminta dituan batu da dokumentuan, eta langileen eretxiak be bildu dira han. Protokoloa osatu baino lehen, enkuesta batzuk zabaldu genduzan langileen artean, sexu-jazarpenaren gainean eben eretxia ezagutzeko. Bardintasun teknikariak eta adituak gugaz ibili ziran beha-rrean, eta lagundu euskuen jarraitu beharreko urratsak zehazten. Zertan datza protokoloa? Jarrera ezegokirik salatu edo antzematen bada, bitartekaritza-beharra egingo da eta jazarpena egiten dauana ezagueran sarrarazoten saiatuko da: honek ezin dau holan jarraitu, konpondu beharra dago... Bitartekaritza-beharra nagusi batek, talde-buruak edo teknikari batek egin leike, eta idatzirik itxiko da zein dan arazoa. Jazarpenak jarraituko baleu edo ha jasoten dauanak egindakoa nahiko ez dala pentsauko baleu, espedientea irekiko litxakio erasotzaileari. Kasu horretan, alkatea bera arduratuko litzateke espedienteaz. Halanda guztiz be, esandako guztia nahiko izango ez balitz, legeetara eta Justiziara joko geunke. Lehen aitatu bezala, protokoloa Udalaren barne-jardueran erabiliko da, baina badozue kanpora be zabaltzeko asmoa. Bai, herritarrei, kultura eta kirol taldeei, eskola-alkarteari... emongo deutsegu protokoloaren barri. Besteen etxean sartu ezin bagara be, gura dogu herritarrek argi izatea Udalean ez ditugulako halango jarrerak onartzen, eta hareen aurrean oso jokabide beligerantea dogula. Jarrera sendoa hartu dau Udalak, beraz, sexu-jazarpenari jagokonez. Izan be, proaktiboak izan behar garala uste dogu. Hau da, arazoen aurrean, gauzak gertatu ostean hartzen dira neurriak askotan. Eta arazoari aurrea hartu behar jakola pentsaten dogu, haren atzetik ibili beharrean. Protokoloa Bardintasun Planaren barruan egindako ekimena da, gehiagorik etorriko da? Urte honeetan hainbat ekimen egin dira: ikastaroak, hitzaldiak... Protokoloa beste ekarpen bat da. Baina Bardintasun Planak dauan arlorik garrantzitsuena kontzientziazio-beharra da. Guk ezin dogu gizartea eta ha osatzen daben lagun guztien mentalidadea goitik behera aldatu, baina ekarpen txikiak egin ahal doguz, gizartearen mentalidadea pixkanaka-pixkanaka aldatzen joateko eta balio barriak ezarteko. Kontzientziazio-beharra guri jagokun heinean, geu be izan behar gara kontzientziauta. Horren haritik, eta beste ekimen batzuen artean, asmoa dogu zinegotziak bardintasunean hezitzeko ikastaro bat antolatzeko.