Miriam Herbón, feminista eta prestatzailea, jabekuntza-prozesuetan :“Gizonei eskatu behar diegu haiek aldaketaren eredua izateko”

Aikor aldizkaria 2011ko abe. 15a, 15:01

Zamudioko Udalak En tierra de hombres zine-foruma antolatu zuen Azaroaren 25-aren haritik. Ekimena Miriam Herbónek zuzendu zuen. Miriamek Sortzen emakumeen jabekuntza eta gero-indarkeria arloetan diharduen kontsultoretzan egiten du lan. Filmean azaltzen diren gaiak indarrean daude edozein gizarte eta testuingurutan. Erabat. Enpresa askotan dago laneko jazarpena, sexu-jazarpena, soldata eta ordutegi arloetako desabantailak, zailtasunak lanpostua hobetzeko edota ama izateko... Gainera, beste mota bateko urrakortasun-egoerak ere aztertzen dira pelikulan: bortxaketa, adibidez. Eta hori gure gizartean, babesten gaituzten lege asko egonda; pentsa ezazue zer gertatuko den munduko beste latitude batzuetan. Jakin badakigu gizonen lurraldean bizi garela? Nik uste dut ezetz. Emakume gazteok, batez ere, emozio-jabekuntza lortu dugula pentsatzen dugu, baina ez da horrela. Mutilekin batera ikasi dugu, lan egiten dugu, ez dugu gure sexualitatea ezkutatu behar edo amatasunari ez diogu mugarik jartzen... Hala ere, estu gabiltza, ezin diogu lanari eutsi, senarraren beharra dugu... Eta ondoez horri izena ez jartzearen deserosotasunean gabiltza murgilduta. Banako arazoa dela uste dugu, baina sintomak kolektiboak dira, horiek emakume askok dituztelako. Eta sufritu egiten dugu, hezi gaituzten moduak sufritzera eramaten gaituelako. Ondoeza, nire ustez, arazoaren errora zuzentzen ez diren errebindikazioez osatzen saiatzen gara. Adibidez? Gizonek dituzten eskubideak eskatzen ditugu guretzat, baina ez dugu aztertzen zelan jokatzen dugun emozio-munduan. Benetako arazoa hau da: maitasuna zelan bizi dugun bikotearekin, seme-alabekin, familiarekin, lagunekin... Besteengandik maitasuna eta esker ona lortzeko egiten dugu hau edo bestea, eta geure burua lehen pertsonan maite arte, ezin izango gara osatzen joan. Eskubidea dugula sentidu behar dugu. Zer da jabekuntza? Emakumeok indarra eta gaitasuna dugu, historikoki eta sozialki ukatu zaigun boterea geure buruari emateko. Baina, ez baduzu hori hartu nahi, ez du ezertarako balio nik zuri emateak; zuretzat onuragarria dela pentsatu behar duzu, eta legitimoa. Gainera, sintoma berberak dituzten emakumeak elkarrekin aritzen badira, ahalmen kolektiboa sortzen da, eta indarrak batuz aldaketa sakonari ematen zaio bidea. Helburua ez da gizonei boterea kentzea, baizik eta haiek duten, eta berez ez dagokien tartaren zatia emakumeoi itzultzea. Eta negatibotzat hartzen dituzten gauzak abantailatzat jotzen has daitezela, seme-alabekin haiek ere baduten ardura, esate baterako. Zelan lortu? Emakumeok geure burua baloratzen dugu besteekin dugun harremanaren arabera: alaba onak bagara, emazte, ama edo lagun onak. Gizonek, berriz, existitzeagatik soilik baloratzen dute euren burua. Guk orduak eta orduak ematen ditugu lan egiten, etxean, lanean..., musu-truk gainera, besteek balora gaitzaten. Eta guk ere existitzeagatik soilik inportanteak garela barneratuko bagenu, ez ginateke egongo hain deprimituta eta larri, norbaitek aurpegi txarra jartzen digunean. Barneratzen joan garen ereduek eragina dute horretan. Maitasun erromantikoaren eredua aldatu behar dugu, ahul bihurtzen gaituelako eta indarkeria sinbolikora eramaten gaituelako. Eredu hori ipuinen bitartez, umeei helarazten jarraitzen dugu. Adibidez, Edurnezurik etxea apaintzen du ipotxentzat, eta gatazkan sartzen da beste emakume batekin, eta sagar pozoitua jan ondoren, lo gelditzen da, eta printzeak baino ezin du esnatu. Eta noski, printzea berak nahi duenean ailegatzen da. Ipuinetan azaltzen diren rolak konturatu gabe errepikatzen ditugu, eta balio horiek albo batera utzi beharko genituzke, benetan inportantea denari garrantzia emateko. Guk geure buruaren erantzule izan behar gara, eta besteekin dugun harremana erantzukizun horretan oinarritu behar dugu. Gure zoriontasuna geuk eraikitzen dugu, ez beste inork. Genero-indarkerian ere bai. Elkarrizketa hau egin orduko, 65 emakume hil dira Estatuan aurten. Baina hiltzear daudenak edo hilda baleude bezala bizi direnak ere badaude. Eta etorkizunean genero-indarkeria jasoko dutenak ere bai. Are gehiago, nik uste dut emakume guztiak emakumeak izateagatik soilik bagarela genero-indarkeriaren biktimak: gizon batek isiltzeko esan digunean, nahi ez dugun bezala begiratu digutenean, dagozkigunak baino betebehar gehiago hartzen ditugunean, gauean etxera bakarrik goazela atzera begiratzen dugunean... Genero-indarkeria zaplastako bat baino zoliagoa da. Gehiago exijitu behar zaie erakundeei eta gizarteari? Nik uste dut gizonei eskatu behar diegula haiek aldaketaren eredua izateko. Gizonek helarazitako mezuak hobeto ailegatzen dira gizonengana, eta haiek ere hasi behar dira emakumeon errebindikazioen bozeramaileak izaten. Iraultza emakumeok egiten bagabiltza ere, onurak guztiontzat direlako. Azaroaren 25a hausnarketarako eguna izan beharko zen, beste terrorismo mota batzuekin alderatzen badugu, genero-indarkeriak mundu osoan biktima gehien sortzen dituena delako. Izan ere, lege soziala egon arren, arazo pribatutzat hartzen jarraitzen du gizarteak.