Haritz Petralanda: “Ondo goaz, aurrerantz”

Aikor aldizkaria 2014ko urt. 27a, 14:38

Joan dan urteko urrian hasierea emon jakon 40 gazte independentistaren aurkako epaiketeari. Gazteei Segi erakundeagaz loturea izatea leporatzen deutsee, eta, ondorioz, erakunde armatuagaz. Hareetako bakotxarentzat, sei urteko espetxe-zigorra eskatu da. Haritz Petralanda zamudioztarra gazte horreen artean dago. Zein izan da zuk egindako beharra? Politikoa. Bai Zamudio mailan, bai Txorierri mailan. Bestalde, txikitatik herriko talde askotan hartu dot parte: dantza taldean, Bertokon, Gazte Asanbladan, Arroeta mendi taldean, jai-batzordean... Konpromiso bat dot herri honekiko, gurasoengandik ikasitakoa, eta beti egin dot behar herriaren alde. Gabezia batzuk ikusten nitualako, zelango herria gura neban argi nebalako, eta hori lortzeko, lan egin behar dalako, zure denporea eskaini. Zertan oinarritzen da akusazinoa? Gure jarduerearen segimentuan; hau da, nogaz edo zein erakundegaz edo alkartegaz batzartu garen, prentsaurrekoren baten parte hartu dogun, beste ekitaldiren baten... Ez dau sentidurik. Hori bada terroristea izatea? Argi dago epaiketa honek ez dauela oinarri juridikorik, politikoa baizik. Epaitzen dabilzanak gure ideak dira. Epaiketea urtarrilean bertan amaituko da, eta, esan deutsueenaren arabera, baliteke epaia martxorako edo apirilerako jakinarazotea. Zer espero dozu? Batek daki zer gerta daitekean, lehen esan dodan moduan, hau epaiketa politiko bat dalako. Estaduari ez jako gagozan konponbide-garai hau gustetan, ez jako interesaten, eta gutariko batzuk kartzelaratzea aukerea izan daiteke egoereari beste kolpe bat emoteko. Sorpresak izaten dira, baina ez dogu espero epaia gure aldekoa izatea, eta are gitxiago azken hilabeteetako gertakariak kontuan hartuta. Beno, hori irakurketa negatiboa da... Irakurketa positiborik egiten dozu, bada? Bai, epaiketak berak eta gaur egungo egoerak ekarri deuskuezan alkartasuna eta animoak, bai Euskal Herrian, bai Estaduko hainbat lekutan. Barrura goazen ala ez, hori beste kontu bat da; guk azpimarratu gura dogu Euskal Herriak esan dauela nahikoa dala, eta danok batera behar egiteko eta aurrera joateko unea dala. Eta guk horretan lagundu badogu, ba, pozik goaz barrura, harro egindako beharraz. Epaiketea hasi zanetik hilabetean lauzpabost aldiz joan behar zarie Madrilera. Zelango eragina dau horrek zuen egunerokotasunean? Gutariko batzuk lanean gabilz eta beste batzuk ikasleak dira. Jakina, zure jarduerea eten egiten da; nik, esate baterako, lanean hasi baino lehen jakinarazo neban zein zan nire egoerea, badaezpadan. Bertan ditugun gastuak be kontuan hartu behar dira, gure boltsikotik ordaintzen ditugulako. “Libre, epaiketa politikorik ez” egitasmotik laguntzen deuskue horregaz, ekitaldiak antolatzen dira gastuakaz laguntzeko. 2009. urteko azaroan atxilotu zinduezan. Hogeta bost urte zenduzan, eta hainbat proiektu, suposatzen dogu. Zelan aldatu jatzu bizitzea? Lo nengoan eta txirrina jo eben. Polizia zala esan eben eta bale, badatoz, gertatu da pentsau neban. Eta ahalegintzen zara egoereari aurre egiten. Inkomunikauta emoten dituzun hiru egunak ez dagoz zure esku; eurek dabe egoerearen kontrola. Eta kartzelara eroango zaituztela esaten deutsuenean lasaitua sentiduten da. Kartzelan zagoz eta egoera barrira moldatu behar zara. Familia eta lagunak dituzu buruan, noski, baina kanpoko gauzetan lar ez pentsetea erabagiten dozu, eta zure eguneroko errutinea sortzen dozu: kirola egin, irakurri, idatzi... Halan izan zan nire kasuan, behintzat. Egia da zure bizitzea eten egiten dala, baina aurrera jarraitu behar da. Kartzelan, urtebete eta hilabete bi emon zenduzan, gitxi gorabehera. Gogorra izan zan barriro kanpokoagaz topetea? Halakorik esatea gogora iruditu daitekean arren, hurrengo egunean kaleratuko ninduela jakinarazo eustenean, nik egun horretan egiteko nituan gauzak nituan gogoan. Eta pentsau neban, ba ez dakit ondo jatordan... Izan be, zuk zure eskemea dozu buruan, egoera batera ohitu zara, arau batzuetara, erritmo batera... eta badator beste aldaketa bat. Kalean dana da azkarragoa eta erritmo horretara moldatu behar zara barriro. Gainera, bizi izan dozun guztiaz konturatzen hasten zara, eta, ondo zagozala esaten dozun arren, badakizu ez zagozala ondo, zure ingurukoekiko dozun jarrerea ez dalako normala... Beno, hau bizi izan dot pentsaten dozu, ezin dot ahaztu, eta, gainera, ez dot ahaztu gura. Eta gertatutakoagaz bizi behar dozu. Baliteke barriro kartzelara sartu behar izatea, bost urte inguruko zigorra betetea. Gogorragoa, orain? Bai. Alde batetik, aurrekoan hara beste batzuek eroan zaituelako, eta orain epai batek zigortuta, zeure kabuz aurkeztu behar dozulako bertan. Bestetik, kalean egon zaran bitartean zure bizitzeagaz jarraitu dozulako, zure planakaz... Egia esan, ez dot asko pentsau horretan, eta ez dot pentsau gura. Ez da erraza asimilaten... Baina aurre egingo deutsagu, badakigu familia eta lagunak hor ditugula. Epaiketan, oso momentu hunkigarria bizi izan zenduen tratu txarren inguruko deklarazinoa egin zenduenean. Zuk ipinitako salaketearen haritik zabaldutako prozesuari igaz emon eutsan amaierea Auzitegi Nagusiak, proba nahikorik ez egoala argudiatuz. Egia esan, ez dozu espero euren aldetik oso ikerketa sakona egotea. Izatez, salaketearen haritik nik ez dot inon deklarau, eta inork ez deust galdetu. Egin dodan deklarazino bakarra espetxean izan zan. Euren ikerketea egingo eben, baina nigaz ez dabe berba egin. Gauza asko gertatu dira azken hilabeteotan: Herriraren aurkako operazinoa, EPPKren adierazpena, presoen bitartekariak atxilotzea, Bilboko manifestazinoa... Zelako balorazinoa egiten dozu? Pausuak emoten gabilz Euskal Herrian. Konponbide garaia da eta horretan egin behar da behar. Halanda be, argi ikusten da Estaduak ez dauala ezer konpontzeko interesik. Nire ustez, gu ondo goaz, aurrerantz, eta Estaduak gero eta arrazoi gitxiago dau. Urtarrilaren 11ko manifestazinoa legez kanpo ixteagaz aurrekoetan egon ez dan erantzun bat izatea lortu eben, eta jentetza handiak egin eban bat ondoren antolatu zan manifestazinoagaz. Lehen esan dodan moduan, konponbide garaia da eta hausnarketea egin behar da hainbat gairen gainean, eta konponbideak topau.