Otsailaren 22an, Markinara joan ginen eguna pasatzera. Egun ezin politagoa irten zitzaigun, Markinara heldu orduko tenperatura epeldu zelako. Herriko plaza zeharkatu genuen: umeek futbolean jokatzen, algarak, tabernetako terrazak jendez beteta, eguzkia gure buruaren gainean, zeru urdinean... Kale estu batetik sartu ginen: trapuak balkoietan, aspaldiko ateak atarietan... Eta konturatu barik gure lehenengo helmugara heldu ginen, Jose Pablo Arriaga artistaren dendara.
Zurez landutako hainbat altzari ikusi genituen, baina Jose Pablorekin baino, beste artista batekin egin genuen topo: Enrike bere anaiarekin. Astiro kontatu zizkigun Pabloren gorabeherak, haren bidaiak eta lanak. Harrigarria izan zen luma baten antzeko gizon honi entzutea. Bazirudien berba bakoitza botatzeko, egundoko lana egiten ari zela, eskultura bat lantzen egongo balitz bezala, berba bakoitzean askatasun kolpe bat emanez.
Jarraian, Arretxinaga ermitara abiatu ginen, paganismoa eta kristautasuna batzen diren gunera. Harri ingurutik buelta eman eta gure arbasoen akelarretara hurbildu ginen; sua baino ez zen faltatu.
Eta handik Axpe sagardotegira. Txotx! Upeletako sagardoa, gure edalontzietara. Bide luzea, buelta pare bat, kolore polit horri begiratu, ahora hurbildu eta barrura. Prozesu hori nahi beste errepikatu ostean, Axperen inguruko istorioak entzun genituen. Mendiak, haitzak eta sagarrondoak aurrean genituela sagardoa ekoizteko prozesua ezagutu genuen. Hileko irakaskuntza ere eman ziguten sagardotegikoek. Hala, Eusko Labela lortzeko, behin “aditu” batzuk joan ziren sagardotegira haien ekoizpen prozesua aztertzera; ENTENDIDUAK. “Entendiduak” bai, baina jakin, ezer ez. Zer esan nahi ziguten honekin? Bada, praktika gutxi duten teoriko asko daudela, eta jakintza praktikak ematen digula. Hau edozein eremutara eraman dezakegu. Adibidez, euskaldunen artean nork ematen dio gehiago gure kulturari? “Entendiduek” ala euskaraz hitz egiten dutenek? Eta maitasunean? Hainbat teoria, hainbat bide daude, baina egin barik ez da ikasten. Beraz, epaitu barik, eman dezagun gure onena.
Datorren hilabetean...
Sukalki ikastaroa egingo dugu Lagatzu Zamudioko euskara elkartearekin batera. Ikastaroa Maite Lekerika sukaldariak emango du apirilaren 12an, Torrelarragoitin, eta 15 euroko prezioa izango du. Ikasitakoa bazkalduko dugu gero. Beraz, adi egon! Ikastaroan parte hartu nahi baduzue, badakizue zer egin.
Hurrengo atalak berbalaguneko kideek euskaraz idaztea du helburu, nahi dutenari buruz eta modu errazean.
Nagusien egoitza
Nik nagusien egoitza batean lan egiten dut. Erizain laguntzailea naiz.
Egoitzak lau solairu ditu. Solairu bakoitzean 53 atso eta agure daude. Goizean zortzi erizain laguntzaile daude, bi erizain eta medikua. Arratsaldean sei erizain laguntzaile eta erizain bat. Gauean bi erizain laguntzaile eta erizain bat.
Nik uste dut bai atsoak eta baita agureak ere oso ondo daudela han. Hogeita lau ordutan zainduta daude. Langileok oso jatorrak gara. Gure lana asko gustatzen zaigu. Gu asko inplikatzen gara lan honetan, baina nik uste dut familia ere oso inportantea dela. Guk ez daukagu denborarik haiek paseatzeko. Orduan, egun osoan eserita daude eta ez da hoberena beraientzat. Zarakar asko ateratzen zaizkie eserita egoteagatik. Denon artean bizitza hobeago egiten diegu.
Politikariek langileoi orain dela lau urte baino bizitza ezinezkoago egiten digute. Gero eta jende gutxiago gara. Zerbitzua okerragoa da. Ni bezalako ordezkariak euskara ikastera behartzen gaituzte. Momentu haietan sindikatuak ez zeuden gurekin. Haiek bazekiten jende asko kalean geratuko zela, baina sindikatoei langileak bost axola. Beraien interesei soilik jartzen diete arreta.
Horregatik, urte honetan ikasten hasi naiz, nire lana asko gustatzen zaidalako eta ez dut nahi galdu.
Euskara jakinda ate asko zabaltzen zaigu.
Jarduerak:
1. Esan edo idatzi beste modu batean, sinonimoa edo erabiliz eta Txorierriko erara:
Nagusien egoitza:
Zainduta daude:
Eserita daude:
Ez da hoberena:
2. Testuaren ulermena:
Noiz daude langile gehiago, goizean, arratsaldean ala gauean?
Langileek zergatik ez dituzte paseoan eramaten zaharrak?
Zer kritika egiten zaie sindikatuei?
3. Azaldu berba honen esanahia:
Zarakar:
ERANTZUNAK:
1. Zaharren egoitza; jagonda daude; jesarrita daude; ez da onena.
2. Goizean; denborarik ez dutelako; sindikatoei langileak bost axola..
3. Zaurietan sortzen den azal gogortua.