Zeintzuk dira Zamudioren beharrizanak?
Herritar askok ezin diete gastu behinenei aurre egin, eta larrialdi sozialetarako laguntzak urteko lehenengo hilabeteetan agortzen dira. Zamudion langabezia dago eta langabezi tasa hori ezin da ulertu, berton dagoen lantegi-kopurua kontuan hartuta. Udalak inplikazio zuzena eduki behar du horretan. Gazteak ere baztertuta daude, lonjetan sartuta, eta nagusiek jasotzen dituzten laguntzak beren premien araberakoak izan behar dira, inor ez dadin benetako beharrizan bat ordaindu ezinik gelditu.
Eta zuen ildo nagusiak?
Horiek zehazteko, gure filosofia zehaztu behar da lehenik: beharrizanak dituztenen alde beti egin, eta ezkerretik. Udalaren funtzionamendua demokratizatu behar da, herritarron parte-hartzea bultzatu, eta, gai nagusietan, zamudioztarroi erabakitzeko aukera eman. Filosofia horri jarraituta, arloz arlo egingo dugu lan. Kulturan, adibidez, elkarteen arteko lana bultzatuko dugu, eta beharrezko dituzten baliabideak eskainiko dizkiegu. Eskola zaharra ere kultur gune bihurtzeko asmoa dugu. Udalak euskara ikastea eta erabiltzea bultzatu behar du, laguntzen bidez zein antolatzen diren ikastaroetan. Lagatzuren lana sustatzea ere ezinbestekoa da, eta Aikor! aldizkariari behar duen sostengua eman behar zaio. Bestalde, alokairuaren alde egiten dugu. Zamudiok ez ditu Arteaga sektoreko etxebizitzak behar. Plan hori eskariak kontuan hartu barik bultzatu da eta zulo beltz batean sartu gaituzte, etxebizitza politika urteetan markatuko duena. Eta Uxinalde ere ez genuke ukituko. Beste industriguneak ez daude beteta, beraz, zertarako berriak?
Udalak enpresekin inplikazio zuzena izan behar du, zure ustez.
Kudeaketa publikoko lan-poltsa bat sortu behar da, eta enpresa publiko bat Udalaren menpeko zerbitzuetarako. Hala, bitartekariak kenduko lirateke eta diru asko aurreztu. Gainera, enplegurako aukeren berdintasuna bermatu eta entxufismoaren kontra egingo genuke. Komertzioa ere ezin dugu ahaztu. Tabernak, dendak… zaindu behar ditugu; osterantzean, herri hil egingo zaigu.
Proiekturik buruan?
Gure lanaren ardatza ez da izango obrak egitea, zamudioztarron eguneroko bizitza hobetzea baino. Baliabide ekonomikoak behar ditugu horretarako, eta lehenengo eta behin geuk izan behar dugu adibide. Kargu publikoetan gastatzen den dirua lotsagarria da. Alkate-ordearen soldata kenduko genuke, legegintzaldian 180.000 euro inguru aurreztuz, eta alkatearena ere asko gutxituko genuke. Baita zinegotzien dietak ere. Era berean, auditoria bat egingo genuke, kudeaketaren gardentasuna beharrezkotzat jotzen dugulako.
Nolako lantaldea da zurea?
Plurala, eta hori arazoa baino, aberastasunaren seinalea da. Lantalde kapaza da eta bakoitzak zer esan handia du arlo ezberdinetan. Zamudioren alde lan egiteko ilusio handia duten herritarrak dira eta ni harro nago haietaz.
Hurbiletik
Irakaslea da eta 53 urte ditu. Zamudioztar hau gazte-gaztetik dabil politikan, 16 urterekin gazte mugimenduetan hasi zen-eta. Ondoren, Zamudioko ezker abertzalean ibili da. EH Bilduk hautagaiak proposatzeko aukera eman zien herritarrei eta zerrenda-buru bera aukeratu zuten. “Ohore moduan hartu dut Zamudio abertzaleago eta ezkertiarrago egiteko konpromisoa”.