Esaten da edozein arlotan ordu asko ematen direnean, frikzioa eta tentsioa sortzen dela pertsonen artean. Honako kasua, ostera, bestelakoa da: Ugaitz Basaras eta Larraitz Etxebarria rally pilotu eta kopilotua dira, eta autoan ordu asko ematen dituzte, bai txapelketetan, bai eguneroko bizitzan. Baina horrek, euren bizitza automobilismoaren inguruan eraiki izanak, banatu beharrean, gehiago elkartu ditu, eta poz-pozik bizi dira.
Ugaitz lezamarra da, 27 urte ditu eta ibilgailuen elektromekanika ikasketak amaitu zituenetik, Bilboko Portuan mekanikari egiten du lan. Larraitz Zamudion bizi da eta haur hezkuntzako teknikaria da, eta eskolako monitore egiten du lan goizetan, eta saltzaile bezala, arratsaldeetan. Lehendik elkar ezagutzen bazuten ere, 2013an lehen rallya egin zuten batera, Gernikan. Ugaitz txikia zenetik hasi zen motorraren munduan: bizikletatik motorrera arin egin zuen salto. Gainera, nekazal munduan hazitako gaztea da, eta etxean traktorea erabili du betidanik. “Aita rallyetan aritutakoa izan da betidanik”, azaldu du lezamarrak herriko tabernan kafea hartzen duen bitartean.
Zamudioko IV. Rallyan sustoa izan zuten azken txanpan eta tronpoa egin zuten. Hala ere, bosgarren postuak Euskal Herriko Rallyen txapeldunak bilakatu ziren: “Txorierrin badira pilotuak, eta hauen alde apustu egin behar da”, adierazi du Basarasek. “Euskal Herrian lan asko egin behar da, batez ere Federazioaren aldetik: ez dugu ia laguntzarik jasotzen; gustuko dugulako lehiatzen dugu”, azaldu du pilotuak. Bikoteak Iparralde Racing automobil taldearen kideak dira: “Urtebete daramagu bertan, autoaren alineazioa egiteaz gain lagunak dauzkagulako. Taldeko guztiek parte hartzen dute lasterketetan, presidentea bera barne”.
Lursail pribatuak izan edo alokatu ezean, zaila da entrenamendu saioak egitea automobilismoan: “Zirkuitu pribatuan ez bada, saiorik gabe goaz lasterketetara”, azaldu du Ugaitzek. “Lasterketa egin baino astebete lehenago, zonaldea aztertzera joan ohi gara”, aipatu du Larraitzek. “Normalean bizpahiru pasada egiten ditugu autoarekin. Lehenengoan Ugaitzek lur-gunearen nondik norakoak diktatzen dizkit, eta hurrengo bi pasadetan nik neuk kantatzen dizkiot”. Larraitzek Ugaitzen kopilotu ohia zen Ander Bikandiren gomendioak barneratu zituen 2013an, eta bestelako inolako klaserik jaso gabe (kopilotua izateko kurtsoak egon badaude-eta) Ugaitzekin lanean hasi zen: “Hiru urte hauetan ez dugu inolako penalizaziorik jaso txapelketetan”, goraipatu du pozik zamudioztarrak.
Rallyetan aritzeko, izena emateaz gain, azterketa psikoteknikoa egin behar da: “Gidatzeko baimena ateratzean egin beharrekoaren antzekoa izan ohi da”, azaldu du pilotuak. Horrez gain, mentalitate aldetik pertsona trebea eta erreflexuduna izatea komeni dela dio lezamarrak. Lasterketetan parte hartzeko buruarekin jokatu behar dela azaldu du Ugaitzek: “Ardura nagusia txapelketa osorik amaitzea da, pieza batean: autoa apurtu gabe, fin eta arin jokatuz”.
Zaletasun garestia
Erabilera arrunteko autoa mantentzeak lan asko eta inbertsio handia dakar: gastu finkoak (asegurua, erregaia, zergak...) eta aldakorrak (konponketak, mantentze lanak). Lasterketako autoek, bestelako mantentze-lanak dauzkate. Hasteko, segurtasunari arreta handia eskaini behar zaio: Ugaitzen kasua berezi xamarra da, mekanikoa izanda berak egiten dituelako mantentze-lanak: “Pneumatikoak eta alineazioa izan ezik, nik neuk egiten ditut mantentze-lanak: lasaierarik ez egotea, nibelak ikuskatzea, motorreko euskarriak doitzea...”.
Rally autoaren urteko kostu mekanikoak 1.000 euro ingurukoak izan daitezke, erraz-erraz. Horri guztiorri lasterketetan parte hartzeko izen emateak (250 euro txapelketako. Ugaitz eta Larraitzek lautan parte hartzen dute urtero), asegurua (400 euro inguru), erregaia (80-100 euro txapelketako) eta pneumatikoak gehitu behar zaizkio (800-1.000 joko bakoitza. Normalean bi joko izaten dituzte: lursail siku eta bustietarako). “Urtero 4.000 euroko kostua izan dezake autoaren mantentze-lanak: “Hori dela eta, babesleen eta iragarleen laguntza behar dugu”, argitu dute txorierritarrek: “Pilotu hasiberri batek egin dezakeen gauzarik onena zuhurtasunez jokatzea da, dirua edonola gastatzea baino: helburuak pixkanaka-pixkanaka lortu behar dira”. Lasterketatik kanpo badute beste Renault Clio Sport bat, eta euren esanetan, ez diote lasterketakoari besteko kasurik egiten mantentze-lanetan.
Larraitz bezalako neskek gero eta presentzia nabarmenagoa daukate automobilismoan: “2007an, rallyak ikustera nihoan garaian, ez nuen inolako emakume parte hartzailerik ikusi. Zorionez, gaur egun Zihara Esteban bezalako pilotuak daude, nahiz eta rallyetan aritzen diren emakume gehienak mutil lagunen kopilotu bezala aritu”, azaldu du kirolariak. “Kirol matxista iruditu arren, nire kasuan behintzat, harrera ezin hobea izan dut txapelketa guztietan. Edozein kopilotu bezala tratatu naute”, aitortu du.
Etorkizunari begira, pilotu eta kopilotuaren ametsak hainbat dira: “Estatu mailako lasterketen artean Llaneseko rallyan aritzea asko gustatuko litzaiguke, eta nazioarteko mailan, Kataluniako rally mixtoan, baina asko eskatzea da hori”, adierazi du Ugaitzek. “Hala ere, ez genuen pentsatzen Euskal Herriko txapeldunak izango ginenik, eta horra hor!” amaitu du Larraitzek.
DESPIECE: Hurrengo lasterketak
Apirilak 28-29: Lea Artibai
Ekainak 24: Bizkaiko Balkoia
Urriak 7-8 edo 14-15 (azokaren arabera): Gernika
Urriak 28-29: Kantabriako Milcruces