“Zoriontasuna kontzientzia handiagaz bizi dot”

Aikor aldizkaria 2017ko mai. 30a, 10:44

Nerea Izurieta Torre, yoga irakaslea

Zamudioztarrak zen meditaziora jo eban, bere burutik kontrol barik ebiltzan ideak eta pentsamentuak baretzeko. Erlaxazio-tekniketan sakontzen joan zan, eta El Salvadorren euki eban yogagaz lehen ikutua. Gaur egun irakaslea da.

Enpresa ikasketak egin eta yoga ogibide bihurtu. Zelan izan da hori?

Kontabilidade eta auditoriari lotutako lanak egiten nebazan Bilboko enpresa baten, eta han nengoala sei hilabetetako beka bat jaso neban El Salvadorreko kooperatibei-eta aurrera egiten laguntzeko. Bertan hasi nintzan yogan, 2011n. Meditazioa eta arlo fisikoa lotzea biribila zan niretzat eta etxera bueltau nintzanean jarraitu neban eskolak hartzen eta yogan sakontzen. Lan barik nengoala – Bilbokoa itxi behar izan neban El Salvadorrera joateko-, yoga irakasle izateko ikastaro baten emon neban izena, eta orduan buru belarri sartu nintzan han eta hemen inbestigatzen. Gaur egun beste ikastaro bat egiten nabil Exeter urian, Inglaterran. Han hiru erretiro egin behar dira derrigorrean, eta gainontzekoa etxean bertan egin daiket.

 

Zure berbetan, zer da yoga?

Filosofia bat da, gure burua, gure esentzia, fazeta guztietan ezagutzen laguntzen deuskuna. Fisikoki, mentalki, fisiologikoki... Horretarako, teknikak lantzen dira, asanak (jarrerak), erlaxamendua, arnasketa... Horreek guztiek onura handiak ekarten deuskuez nor garen jakiteko bidean. Gorputz fisikoaz gainera, zerbait sakonago bat be bagarala ulertzen dogu eta halan ikasten dogu egunerokotasunean gertatzen jakuzan gauzak beste era baten onartzen.

 

Hatha yoga, Asthanga yoga, Vinyasa Krama... yoga mota asko dagoz. Nahaste-borrastea da batzuontzat.

Bai, egia da. Yoga orain dala 5.000 urte sortu zan Indian eta gero, abiapuntu berberatik, eskola ezbardinek garatu dira. Aitatutako hiru horreek, esate baterako, guru bera daukie komunean: Krishnamacharya, yoga barriaren aitatzat hartzen dana. Bere dizipuluek behar ebena ikasi eben berarengandik, eta hiruk esandako yoga motak garatu zituen. Horrek adierazoten deusku yogak malgutasun handia daukala eta persona bakotxarentzat estilo ezbardin bat egon daitekeala. Betiere oinarria mantenduz: nor garen jakitea.

 

Zuk Vinyasa Krama irakasten dozu. Zelangoa da?

Gorputza mobimenduen bitartez “zabaltzen” dala ulertzen da. Beraz, gorputza osasuntsu egon eta jarrera estatikoak mantendu ahal izateko, mugiten gara. Hiru aldiz sartu eta ateraten gara asana batetik gero geldirik egoteko. Bitartean, arnaste nasaia egiten dogu, astiro...

 

Edonork praktikau daike?

Jakina, bere adina, egoera fisikoa... edozein dala be. Baina lesinorik badago, komenigarria da klase espezifiko bat jasotzea, lesino hori kontuan hartuta. Yogan malgutasun fisikoa eta mentala lantzen doguz eta onurak, ondorioz, asko dira.

 

Batez be azkar baino azkarrago bizitzen bagara...

Duda barik. Asko buruko nasaitasun bila datoz. Izan be, kontzentrazinoa lantzen da, modu nasai baten, eta zure burua zure arnasketan eta gorputzean ardazten da, sentitzen zabilzanean, egunean gertatu jatzuna albo batera itxita. Bestetik,  mina daukagunean, edo, adibidez, ezin dogunean lorik egin, ba, pilulak hartzeko ohitura dogu, eta yogak horretan be lagundu deikegu, tresnak emoten deuskuzalako, min edo egoera horreei aurre egiteko. Hartzen dan ahalmena ikaragarria da; zure gorputza guztiz kontrolau daikezu.

 

Modan ipini da.

Bai, oso harrera ona euki dau. Ikasleak harritu egiten dira yogan hasten diranean. Uste dabe yoga aspergarria dala, ez dala esfortzurik egiten, baina sorpresa hartzen dabe izerdia botatzen dabenean, ez dakielako yogan indarra lantzen dala, gorputza mugitzen dala, luzatze-ariketak egiten dirala... Eta egin behar da, meditatzen denpora luzea emoten danez, gorputz osoa landu behar dalako, arazorik ez izateko.

 

Zoriontsuagoa zara yoga egiten dozunetik?

Beti izan naz zoriontsua, baina egia da zoriontasuna kontzientzia handiagaz bizi dozula, eta oso eskertuta zagozala.

 

Proiektuak

 

Bere lan ibilpidea yogaren inguruan egitea gustauko litxakio Nereari. Horren haritik, Santosha Euskal Herria proiektua sortu dau Garazi Oar zamudioztarragaz. “Gizarte sareen indarra aprobetxau eta yogari, pilatesari, janariari, osasunari, naturari, espiritualtasunari... lotutako gaien gaineko informazinoa konpartituko doguz. Guri asko laguntzen deuskuelako. Yoga eta pilates klaseak ez ezik beste ekintza batzuk be antolatu gura doguz: mantrak abestu, meditatzeko ibilpideak...”. Gaur egun, Humaning (Derio) eta Onura (Zarautz) zentroetan dabilz.

Eta Zarautzera hain zuzen be eroan dau bizitzak Nerea. Surf zalea izanda, bainujantzi lerro bat sortu dau ahizteagaz, Joanagaz. “Hegoamerikatik nenbilela, mauka luzeko bainujantzia eukan neska bat ikusi neban surf egiten, eta oso polita iruditzeaz gainera, pentsau neban oso erosoa izan behar zala. Eta holangoak egiten doguz. Ur epeletan eta eguzkiak gogor joten dauenean erabiltekoak dira, bidaietara-edo eroateko”. Bainujantziez gainera, harri naturalezko lepokoak be egiten dabez eta biak Etoile Coco izenagaz merkaturatzen dabez. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).