Zer aldatuko litzateke Zamudion EH Bilduko Alkatetzarekin?
Kudeaketa eredua goitik behera aldatu behar da. Herritarrak ikusle hutsak dira udalaren erabakietan. Hasiera-hasieratik inplikatu behar dira herritarrak erabakiak hartzeko prozesuan: nola parte hartu nahi den erabakitzeko, parte hartzearen moduek nolakoak izan behar duten, zein gaitan…
Kudeaketa-ereduaz gain, beste ezer hobetu daitekeela uste duzu?
Bai, gauza asko hobetu daitezke. Argi daukagu alderdi guztiok ez ditugula balio berberak defendatzen. EH Bildun zalantzarik gabe ikusten dugu udala ez dela enpresa pribatu bat: erakunde bat da eta ordezkatzen dituen herritar guztien bizi-baldintzak hobetzearen alde egin behar du. Udala ez da izan behar herritarren beharrizanen eta eskubideen gainetik dauden interes pertsonalen eta proiektu ekonomikoen defendatzaile.
Oposizioko alderdiekiko erlazioan nola jokatuko zenuke?
EH Bilduk herritarrek aukeratutako ordezkari guztiek euren lana traba, atzerapen eta bazterketa barik egin ahal izango dutela ziurtatuko du, euren eskubide politikoak eta euren boto-emaileenak goitik behera errespetatuz. Badakigu zer garrantzitsua den aipatutako hori, legislatura honetan horixe pairatu behar izan dugulako gure ekimenetan, eskaeretan eta informazioa eskuratu nahietan.
Zer proposatzen duzue parte hartzea hobetzeko?
Munduan zehar esperientzia ugari dago erakusten dutena parte hartzeko bide horien diseinua bera modu kolektiboan egin behar dela, parte hartu nahi duten herritarrekin batera. Hori ondo eginez gero, prozesu parte-hartzaile zehatzak sortzen dira modu naturalean, aldez aurretik planteatutako beharrizanei erantzuten dietelako. Seguru Zamudion horrek prozesu parte hartzaile zehatzetara eramango gintuzkeela, denon beharrei erantzuteko.
Ez duzu uste zaila dela benetako prozesu parte-hartzaileak sortzea?
Ez. Errealitatean oinarritzen gara, eta udal hauteskundeetarako gure zerrenda egiteko prozesuan erakutsi dugu. Zamudioko herritar guztiei aukera eman diegu hautagaiak proposatzeko, eta ondoren, behin betiko zerrenda bozkatzeko ere bai. Aurreko udal hauteskundetan ere gauza bera egin genuen. Parte hartze handia lortu dugu.
Nolakoa da aurkezten duzuen taldea?
Gaitasun handiko talde plurala da, Zamudioko herriarekin konprometitua. Gutariko asko eta asko herriko hainbat taldetako partaideak gara eta ohituta gaude modu kolektiboan erabakiak hartzen. Horretan egingo dugu indar: erabaki kolektiboetan oinarritutako Zamudion. Bide horretan erakutsiko dugu gure gaitasuna, konpromisoa eta lan egiteko gogoa.