Lakuntza Zamudion izan da, greban dauden Novaltia enpresako langileei elkartasuna adierazteko

Aikor aldizkaria 2020ko mar. 4a, 12:22

Novaltia enpresa Zamudion dago eta bere langileetako 21 uztailetik daude greban. Hau da eskatzen dutena: euskal hitzarmena berreskuratzea, azpikontratazioa mugatzea eta behin-behineko langileen lan-baldintzak hobetzea. Atzo, martxoaren 3an, Mitxel Lakuntza ELA sindikatuaren idazkari nagusiak langileak bisitatu zituen, euren egoeraren berri izateko eta haiei elkartasuna adierazteko.

Lakuntza langileekin elkartu zen Zamudion, Novaltiako enpresaren egoitzaren aurrean. Langileek bertan batzen dira egunero, greba ikusgai egiteko. “Langile hauek sei hilabete daramatzate prekarietatearen kontra borrokatzen. Badakigu borroka luzea izango dela, baina gauzak borrokatu behar dira. Eta leku askotan gertatzen den bezala, gaur egungo lan-baldintzak greba eta borrokaren bitartez lortu egin dira. Eta Novaltiako langileak grebari eusteko prest daude”, adierazi du.

“Salatu behar da enpresaren jarrera, itxia delako, grebalariekin hitz egin nahi ez dutelako. Bestalde, lan-ikuskaritzaren jarrera ere bada salatzeko modukoa, oso astiro dabiltzalako. Langileek esan zuten enpresak grebaren kontrako neurriak hartu zituela eta hori egiaztatzeko teknikaria etorri zen abuztuan, baina oraindik ez du txostena argitaratu. ELA sindikatuak langileen esanetara dago. Eskerrak erresistentzia-kutxa horrelako egoerei aurre egiteko sortu zen. Sindikatuaren gauzarik onena borrokatzen duten langileak dira”, esan du Lakuntzak.

 

Egoera ez da aldatu

Langileek berretsi dute gauzek berdin-berdin jarraitzen dutela. “Ez dago mugimendurik, enpresak gurekin hitz egin nahi ez duelako. Hasieran bilerak izaten genituen, baina azken hiru hilabeteotan ez da bilerarik egon, nork bere jarrerari eusten diolako. Azaroan, eskera ekonomikoa % 20 gutxitzeko prest azaldu ginen, baina horrek ez zuen ezertarako balio izan. Enpresak, aldiz, ez digu eskaintza hoberik egin. Euren ustez, haien eskaintza zoragarria da, baina guk eskaintza hori egonda deitu genuen grebara uztailean, eta sei hilabete pasatu eta gero are gutxiago onartuko dugu”, esan digute langileek.   

Euren esanetan, enpresak hainbat neurri hartu ditu, grebaren eragina murrizteko. Esate baterako, txandak aldatu ditu eta aldi baterako laneko enpresa baten bidez kontratatu ditu langileak. “Ez dakigu zergatik, baina horiek  guztiek urtarrilean utzi zioten lan egiteari. Gure ustez, neurri horiek ez dira legezkoak, greba-eskubidearen kontrakoak direlako”. Langileek salaketak jarri dituzte, baina Eusko Jaurlaritzaren txostenen zain dabiltza.    

Gogorra dela esan arren, langileek eutsiko diote grebari eta datozen asteotan ekintza gehiago antolatuko dituzte. “Pegatinak jarri ditugu farmazietan, Bilbon, eta hainbat protesta eta elkarretaratzeak egin ditugu bai hemen, bai Zaragozan, enpresa bertakoa baita eta, gure ustez, erabakiak bertan hartzen direlako. Haiek eroso daude, urrun daudelako, eta gure aurrean dabiltzan nagusiek, Zamudiokoek, aurpegia eman baino ez dute egiten. Eta haiek dabiltza gure lana egiten, hain zuzen ere. Erabakiak Aragoi aldean hartzen dira”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).