"Oso estresatuta ibili gara. Etxean geratzeko agindua eman baino lehen, hasi ginen xaboiak eta desinfektatzeko produktuak gordetzen. Carrefourrek maskarak eta gela bidali zizkigun eta, gainera, tokian tokiko hornitzaileek ere lagundu ziguten: Zamudioko liburu-dendak plastikoa saldu zigun; Garrido Derioko enpresak, eskularruak… Baina gainezka ibili gara. Itzela izan da", esan du Aitor Fernandez Zamudioko Carrefour supermerkatuaren jabeak.
Koronabirusak eragin handia izan du merkataritzan. Denda gehienek itxi egin behar izan dute, baita tabernek ere. Supermerkatuak, aldiz, oinarrizkoak dira eta premiazko produktuak saltzen jarraitzen dute. "Gaur egun lasaiago gabiltza, jendeak neurriz eta arduraz erosten duelako. Gainera, bezeroak konturatu dira kontua larria dela eta seriotasunez jokatzen dute. Lehen, aldiz, segurtasun-neurriak ez ziren errespetatzen".
Zamudioko Carrefourrek arreta berezia eskaini dio segurtasunari, noski. Zorionez, Aitor erizaintzako laguntzailea izan da Osakidetzan eta segurtasun-neurriak ez dira kontu berriak berarentzat. “Inportanteena distantziari eta higieneari eustea da eta ez erlaxatzea. Bestela, jai dugu. Metakrilatozko panelak jarri ditugu kutxetan; han plastikozko geruza bat ere jarri dugu, kutxazaina erabat isolatzeko. Era berean, supermerkatuko tresnak lehen baino askoz maizago garbitzen ditugu: kutxak, erosketa-orgak, solairua… Gel pila bat erosi genuen eta bai langileek (komunean, biltegian), bai bezeroek (irteeran) banagailuak erabil ditzakete. Ozono-sorgailua erosi nahi dugu, gauean denda desinfektatzeko, baina momentuz ezin dugu topatu".
Egoera honen aurrean, Carrefourreko Zamudioko jabeak langileak goraipatu ditu. "Edozeinek hartuko zukeen baja egoera honetan; nire langileek, ez, ordea. Harro-harro nago euren jokabidearekin. Babesa eman diogu elkarri. Jendeak ez du ikusten, baina denda leku arriskutsua da kutsatzeko. Eta higieneari eta segurtasun-neurriei eustea ez da erraza; horrek tentsioa sortzen du eta dena pasatzen denean, oparitxoren bat egin beharko genieke, merezi dute eta".
"Edozeinek hartuko zukeen baja egoera honetan; nire langileek, ez, ordea. Harro-harro nago haiekin"
Politikaren txanda
Koronobirusaren krisiak onura ekarri dio Fernandezi neurri batean, salmentek gora egin dutelako. Hala ere, zamudioztarra kezkatuta agertu da eta laguntza politikariei eskatu die. "Egoera larria da arlo ekonomikoan guztiontzat, batez ere autonomoentzat. Denda txikiek itxita jarraitzen badute, langabeziak gora egiten badu, dirua ez bada mugitzen… Azkenean, egoera horrek miseria ekarriko digu guztioi. Eta hori politikariek konpondu behar dute. Nire ustez, alderdi guztietako politikariak batu beharko lirateke, euren arteko desberdintasunak alde batera utzi eta guztien artean hau erabaki: Koronabirusa pasatzen denean, nolako herria nahi dugu? Bizirik dagoen herria, ala hilda dagoena? Tabernaz eta dendaz beteta dagoena, ala denda bakar bat duena? Horretarako balio du politikak. Ostalaritzak eta tokian tokiko merkataritzak laguntza beharko dute".