“Berrikuntza oso garrantzitsua izan da beti; orain, funtsezkoa da”

Aikor aldizkaria 2020ko eka. 10a, 11:12

Joseba Urbieta, Bizkaiko Parke Zientifikoaren eta Teknologikoaren kudeatzailea

Bizkaiko Parke Zientifikoan eta Teknologikoan (Zamudioko eta Derioko Campusak) sektore aurreratuetako 271 enpresa, zentro teknologiko, elkarte eta fundazio daude, eta gehienbat arlo hauetan dihardute: IKTak, biozientziak/osasuna, I+G, energia eta ingurumena, aeronautika eta elektronikoa. Horietan 10.000 lagunek baino gehiagok egiten dute lan.

Nola eragin dio pandemiak Parkearen bizitzari?

Parkea kudeatzen duen sozietateak hasiera-hasieratik ulertu zuen enpresei eta pertsonei zerbitzu gehigarria eman behar zitzaiela, pandemiak sortutako ziurgabetasunei erantzuteko. Hortaz, zerbait jardueratan buru izateko eta hainbat zerbitzu emateko konpromisoa hartu du Parkeak. Enpresen % 90ekin etengabeko harremana izan dugu eta, besteak beste, komunikazio-kanal zuzena, konfidentziala eta noranzko bikoa sortu da, COVID-19aren kasuei buruzko informazioa eta kasuen trazabilitatea partekatzeko eta garbiketa-, segurtasun- eta mantentze-zerbitzuen berri emateko. Kanala higiene- eta segurtasun-protokoloak eta hainbat erakundek abian jarritako laguntzak zabaltzeko bidea ere izan da. Bestalde, ukimenik gabeko termometroak banatu dira eta Parkeko eraikin nagusiko sarbideetan tenperatura-arkuak ipini dira. Halaber, laneko babes- eta prebentzio-protokoloak idatzi dira eta enpresek oinarritzat erabil ditzakete barne-protokoloak osatzeko.

Eta enpresei?

Lehen aipatutako komunikazio-kanalari esker, 242 enpresarekin izan dugu harremana: 162 enpresatako langileak etxetik dabiltza lanean; 66 enpresetakoak, modalitate mistoan (telelana eta aurrez aurrekoa); lau enpresetako langileak, aurrez aurreko modalitatean; eta 10 enpresa itxita daude, hala nola hotelak, jatetxeak, haurtzaindegia, kirol-ekipamenduak eta heziketa-zentroak. Laburbilduz, Parkean 10.000 pertsonatik gora dabiltzan lanean, baina alarma-egoerako unerik murriztaileenetan 500 pertsona baino gutxiago etorri dira hona lan egitera. Beste aldetik, azpimarratu behar da 81 enpresak osasun-alarman funtsezkoak izan direla: batzuk, jorratzen duten arloagatik –osasuna, farmazia eta elikagaigintza kasu –; eta beste batzuk, azpiegitura kritikoen mantentze-lanetan aritzen direlako, esaterako, komunikazio-azpiegituren eta azpiegitura elektrikoen mantentze-lanetan.

Gainera, enpresa asko COVID-19ari aurre egiteko egitasmoetan dabiltza lanean.

Estatuan, aitzindariak gara COVID-19aren aurkako ekintzen eta konponbideen garapenean. Horrela, bada, Parkeko enpresa batzuek norbera babesteko ekipamenduak egiten dituzte; beste batzuek aplikazioak garatzen dituzte; eta beste batzuek, txertoak, tratamenduak, diagnostiko-probak… WEBINAR PARKEAK egitasmoaren bi edizioetan ere enpresetako pertsona askok hartu dute parte, COVID-19ari lotutako ekonomia- eta osasun-arloetako gaiak lantzeko.  

“Aitzindariak gara COVID-19aren aurkako ekintzen eta konponbideen garapenean”

Urratsak egiten gabiltza erabateko deskonfinamendurantz. Nola ikusten da “normaltasun berria” Parkean?

Ziurgabetasun asko dakarzkigu, protokoloak ezarri behar dira eta. Protokoloei jarraituta, pertsonak pixkanaka itzuliko dira euren lanpostuetara, baina jakin badakigu enpresa batzuetako langile guztiak ez direla irailera arte bulegora itzuliko. Egoera honetan, ezinbestekoa da enpresa-jarduera pixkanaka berreskuratzea ahalbidetuko duten jarduketa-formulak ezartzea, langileen erabateko babesari lehentasuna emanez. Pertsona asko batzen diren ekintzak nola egingo diren ez dakigu, adibidez, bilerak, kongresuak edo ikastaroak. Ekintza horiek ahalbidetzen dituzten tresna informatikoen erabilera orokortu da, eta teknologiak eskaintzen digun aukera aprobetxatu behar dugu, eta indartuta atera. Horren harira, Parkeak baditu lekua eta teknologia, eta bezeroek horiek erabili ahalko dituzte. Izan ere, lan-jardueran aurrez aurreko harremana eta teknologiaren bidezkoa batuko dira. Gu pertsonak babesteko eta prebentziorako protokoloak garatzen gabiltza, jarduera berreskuratzen joateko. Parkean, enpresak 21 eraikinetan kokatzen dira eta horietan pertsona asko batzen dira: zerbitzu komunei eutsi behar zaie, jarduera ekonomikoari berriz ekin diezaiogun.

“Teknologiak eskaintzen digun aukera aprobetxatu behar dugu, eta indartuta atera”

Zein neurri hartu edo hartuko dira enpresei laguntzeko?

Martxoaren 24an, euskal enpresa-sarerako beste neurri orokorrez gainera, Eusko Jaurlaritzak berariazko neurri bat bultzatu zuen Parke Teknologikoen Sarean alokairu-erregimenean dauden enpresetarako. Hori dela eta, enpresek 3-6 hilabete atzeratu dezakete alokairuaren eta mantentze-gastuen ordainketa. Gaur egun, 33 enpresak heldu diote neurri horri eta, ondorioz, milioi bat euro inguruko atzerapena egongo da datozen urteetan. Era berean, enpresek segurtasun-tarteak betetzea ahalbidetzen duten guneak izango dituzte eskura; gune horiek modu egokian hornituko dira: segurtasun-neurriak, tenperatura neurtzea, maskarak, eskularruak, gelak… Argi dagoenez, Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan egotea abantaila da, eta enpresek kontuan hartu beharko lukete non konkatu erabakitzeko orduan.

Zein erronkari egin beharko diete aurre Parkeak zein bertako enpresek, gaur egungo egoeratik onik ateratzeko?

Pandemiak hainbat estatistika emango dizkigu: zenbat enpresa kaltetu diren, zainketa intentsiboetan zenbat dauden, zenbat itxi dira… Hala ere, baikorra izan nahiko nuke, eta etorkizuneko bilakaera gako nagusi bitan aurkeztu. Alde batetik, Parkeko enpresak sektore aurreratuetakoak eta dibertsifikatuetakoak dira eta, hortaz, ez dute kalte bera jaso. Esaterako, hegaldirik egon ez direnez, sektore aeronautikoan eragin negatibo argia egon da, baina hori sektore farmazeutikoak eta bioteknologikoak izandako gorakadarekin oreka daiteke, baita sektore aeroespazialean egon den eragin txikiarekin ere. Beste aldetik, enpresa gehienek I+G saila dute eta mehatxua aukera bihurtzeko dabiltza lanean, COVID-19aren aurkako borrokan egindako garapenek erakusten dutenez. Gure erronka enpresen ondoan egotea da, orain arte moduan, entzuten eta elkarrekin irtenbide bateratuak bilatzen. Ingurunea kudeatzen duen sozietatea den heinean, Parke Teknologikoak enpresekin eta pertsonekin konektatu behar du, deskonfinamenduan zein euren garapenean laguntzeko.  

“Enpresa gehienek I+G saila dute eta mehatxua aukera bihurtzeko dabiltza lanean”

Batzuen ustez, krisiek aukera ekartzen dute, eta horrelakoetan irudimena ezagutza baino garrantzitsuagoa da. Hala da?  

Berrikuntza oso garrantzitsua izan da beti; orain, funtsezkoa da. Digitalizazioa, telelana… di-da sartu dira eta, gainera, geratzeko iritsi dira. Parkeko enpresek talentu handia dute eta, gurea bezalako ingurune batean, hori banakako gaitasuna biderkatu dezakeen ezagutza-ekosistema bihurtzen da.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).