Jorge Barriuso I ELA sindikatuko ordezkaria ITP enpresan

"Negoziatzen hasteko, eskatu diegu 600 kaleratzeak atzera botatzea"

t/a: Aitor Aspuru Saez / araialdea.eus 2020ko ira. 24a, 10:23

Barriuso ITPk Zamudion duen zentroan lan egiten du eta ELAko ordezkaria da langile batzordean. Pasa den astean 194 behargin kaleratuko dituztela iragarri zien zuzendaritzak eta grebak antolatu dituzte asmo horien kontra.

Zein da ITP enpresaren egoera?

Abuztuaren 31n zuzendaritzak jakinarazi zuen langileen kopurua murriztuko zuela % 15ean talde osoan. Lau mila beharginetik 600 kaleratu nahi dituzte. ITP SAU Zamudioko enpresari eta Madrilgo beste biri eragingo lioke erabakiak. Zamudion 1.269 gara eta Madrilgoekin, guztira, 2.000 langile baino gehiago gara. Negoziazio-mahaiaren lehen bileran esan digute 194 lankide botako dituztela Zamudion. Gu horren aurka gaude. Uste dugu behin-behineko egoera dela eta ez estrukturala. Bestelako neurriak har daitezke, beharginak bota ordez.

 

"Zamudion 194 langile kaleratuko dituztela esan ziguten lehen bileran"

 

Nola doa negoziazioa?

Hasteko, esan behar dut enpresak negoziazio-mahaia sortu duela hiru lantegiekin eta guk ez dugu uste hori zuzena denik. Zamudiotik ezin ditugu ordezkatu Madrilgo langileak eta eurei buruz erabaki eta alderantziz. ELAk Zamudion gehiengoa dauka, 23 ordezkaritik 10 ditugu, baina mahaian hiru ordezkari besterik ez dugu eta 13 dira guztiak. Argi eta garbi indarra galdu dugu.  Zuzendaritzak argudiatu du sozietate gisa eratu behar dela mahaia.

Zein sindikatu daude zuekin ma­haian?

CCOO eta UGT. Zamudion CCOOK bost  ordezkari ditu eta UGTk, aldiz, zortzi. Madrilgo ordezkari guztiak Ajalvirreko zentrokoak dira eta UGT eta CCOOekoak. Horrez gain, Alcobendasen beste zentro bat dauka enpresak, baina ingeniari eta bulegoko langileak direnez, ez dute ordezkaririk.

Zeintzuk dira zuen proposamenak krisialdiari aurre egiteko?

Gure ustez enplegua erregulatzeko espedientea luzatu daiteke eta aukera egokia izango litzateke ikustea tarte horretan zerbait hobea negoziatu daitekeen. Egia da COVID-19aren ondorioz, lan karga jaitsi dela, baina badakigu jarduera berreskuratuko dela. Horrez gain, enpresak sekulako irabaziak izan ditu azken urteotan, eta horien zati bat bideratu daiteke kaleratzeak ekiditeko. Horregatik deitu ditugu sei greba egun. Mobilizazioak arrakastatsuak izan dira, bereziki, tailerretan. Bulegoetan ez dakigu zein den jarraipena, jendeak telelana baitauka.

 

"Egia da COVID-19aren ondorioz lan karga murriztu dela, baina jarduera berreskuratuko dugu" 

 

Nolakoa da giroa enpresan?

Zuzendaritzak 194 langile botako dituela iragarri ostean, badirudi motibazioa igo dela mobilizatzeko. Pozik gaude, esan bezala, tailerretan greben jarraipena handia izan delako. Nahiago genuke CCOO eta UGT grebara batuko balira, hori bai.

Abuztuan kaleratzeak egongo zirela esan zuten eta pasa den astean Zamudion 198 izango zirela adierazi zuten, zeintzuk dira zuen aurreikuspenak gatazka honetan?

Gu grebetan zentratzen ari gara eta ez dugu baztertzen mobilizazio gehiago deitzea eta hori indartzea. Ez dakigu nola erantzungo duen enpresak, guk hau guztia negoziatu nahi dugu, baina mahai gainean kaleratzeak egon gabe. Amildegi hori kendu nahi dugu eta dauden aukerak aztertu, egon badaude eta. Irtenbidea adostu daiteke.

 

 

Langileen % 15eko murrizketa

Aikor! aldizkaria harremanetan jarri da ITP enpresarekin, baina ez digu erantzunik eman. Hala ere, uztailaren 23an lan-gatazkaren inguruko oharra eskegi zuten euren webgunean, www.itpaero.com helbidean, alegia. "COVID-19k sortutako pandemiak inoiz ez bezalako eragin izan du hegazkintzaren merkatuan. ITP Aero enpresa sektore horretako kidea da eta guk ere galdu dugu lan-karga handia. Esate baterako, aurten Rolls Royce enpresak 450  motor egiteko asmoa zuen, baina azkenean 250 baino ez ditu egingo", azaldu du enpresak. 

ITP Aeroren hitzetan, "egitura-aldaketera" eta "txikiagoa den merkatu berri batera" egokitu behar dute. Beraz, "tamalez", lantegi guztietako langileen kopurua % 15 gutxitzea proposatu dute. "Hegazkingintzaren krisi okerrenari aurre egin behar diogu eta, atsekabe handiz, doikuntza hori iragarri behar dugu. Krisia hasi zenetik, lan-kargaren beherakada ahal den neurrian arintzeko neurriak lantzen ibili  gara. Neurri horiek erabilgarriak izan dira epe laburrean enplegua babesteko, baina ez dira jasangarriak epe luzera. Gaur iragarritako kopurua ITP Aero enpresa indartsua eta lehiakorra izaten jarraitzeko epe ertainerako plan baten barruan dago. Inpaktu soziala mugatzeko eta enpleguak ahalik eta gehien babesteko gabiltza lanean. Industria berreskuratzeko eta teknologian inbertitzen jarraituko dugu", esan du Carlos Alzola ITP Aeroko CEOak. Era berean, ITP Aerok adierazi du eskura dauden enpleguaren aldi baterako babes-planak erabiliko dituela, "zamaren beherakada koiunturala denean".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).