GESTAMPek Zamudioko lantegi bi ixteko asmoa du

a: gestamp.com 2020ko ira. 30a, 13:26

GESTAMPek taldeko ordezkariek sindikatuei atzo iluntzean jakinarazi zietenez, Zamudioko lantegi bi –Matriceria Deusto eta GTS– ixteko asmoa du eta, ondorioz, 230 langile kaleratuko ditu. Sindikatuek, bestalde, adierazi dute lantegi biak bideragarriak direla eta ez dutela lanpostuak suntsitzea onartuko. Urkullu lehendakariaren hitzetan, “ez da zilegi diru publikoa jasotzen duen enpresa batek kaleratzeak besterik gabe iragartzea”.

LAB sindikatuak esan duenez, enpresak 258 milioi euroko irabazi garbia izan zuen 2018an, eta 212 milioi eurokoa, 2019an. Gainera, dirulaguntza publikoak jasotzen ditu, eta “Euskal Herrian egindako aberastasuna munduan lanpostu prekarioak sortzeko erabili du”. Beraz, “ezin du hau bezalako erabakiak egun batetik bestera hartu”. Halaber, erakunde publikoei leporatu die emandako dirulaguntzak ez kontrolatzea. Horren harira hain zuzen ere galdetu diote gaur goizean Iñigo Urkullu lehendakariari Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta GESTAMek hitzarmena sinatu dute aurten auto elektrikoaren inguruko ikerketa-zentroa egiteko. Hitzarmenari esker, taldeak zortzi milioi euroko dirulaguntza jasoko luke. Urkulluk erantzun du Gestampekin hitz egingo duela, “ez baita zilegi diru publikoa jasotzen duen enpresa batek kaleratzeak besterik gabe iragartzea”.  

Beste aldetik, ELA sindikatuak adierazi du GESTAMP burtsan kotizatzen duen enpresa-taldea dela eta azken urteotan etekin aberatsak izan dituela. “Akziodunek milioika euro banatu dituzte dibidenduetan. Orain, krisi sanitarioaren egoera aprobetxatuz, munduan 112 lantegi dituen euskal multinazionalak bi lantegi horiek itxi nahi ditu Euskal Herrian, eta 200 langile baino gehiago kaleratu. ELAk GESTAMPen jarrera arbuiatzen du, eta argi diogu lanpostu guztiak eta planten etorkizuna defendatzeko borroka egingo dugula. Argi daukagu eraso honi gogor erantzutea tokatuko zaigula. Borroka da bidea”.  

Salatu dutenez, GESTAMP euskal langileak mespretxatzen dituen beste industria-enpresa handi bat da. “Bere interesa akziodunen etekinak maximizatzea da, ehunka familiaren sufrimenduaren kontura”. Sindikatuak Eusko Jaurlaritzaren Industria Saila interpelatu du beste albo batera begiratu ez dezan eta lantegiak ixtea eta langileak kaleratzea eragotzi ditzan.  

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).