Zainbelarra

Gure larreetan dago eta erraz antzeman daiteke, hosto berdeetan nerbiazio zuzenak ditu eta. Erroseta-itxura du eta bere loreak, txikiak direnak, buru zilindriko baten gainean hazten dira. Lurzoru hezeetan erraz hazten da. Hiru mota daude: zainbelar edo plantain handia, zainbelar edo plantain erdia eta ezpata-plantaina. Hosto txikiak eta samurrak errezetak egiteko erabili daitezke, eta hosto handiak eta helduak, erabilera medizinalerako. 

Sukaldean

Jateko ona da, zapore apur bat mingotsa eta gazia duena. Zainbelar-patea egiteko, hosto txikiak edo ertainak batu, eta uretan garbituko ditugu ozpin-zurrusta batekin. Olibekin eta baratxuriarekin nahasiko ditugu eta irabiagailuaz txikituko dugu harik eta ore bat lortzen dugun arte. Azenarioa, pipita erreak… ere gehitu ahal ditugu. Patea ogi-opiletan igurtziko dugu, edo kalabazin gordinaren xerretan.   

Ezaugarri sendagarriak

Irakuzketa lasaigarriak egiteko: 10 g hosto 250 ml uretan sartu eta infusioa egingo dugu. Gaza bat edo kotoia ur horretan bustita garbitu ditzakegu begi gorrituak, zauri txikiak eta azalaren azkurak edo urtikariak. Bestalde, kataplasma leungarriak egiteko, hostoak ur apur batean txikituko ditugu orea lortu arte. Azkurak eta erredurak arintzeko erabiltzen da, eta lehen, hemorroideek eragindako ondoezak ere bai. Lagungarria da azalaren hanturak tratatzeko eta azaleko ultzerak eta zauriak orbaintzeko.

Erabilera kosmetikoak

Bere eraginak direla eta, ona da azal sentikor edo handitutarako. Zainbelar-olioak ezaugarri antiinflamatorioak ditu, eta azal atopikoa duten umeek erabili ahal dute. Fardelak eragindako narritadurak osatzeko erabili daiteke, baita hotzak sortutakoak ere. Olioa egiteko, beirazko poto handi batean 50 g zainbelar-hosto (sikuak eta txikituak) ipiniko dugu eta 250 g almendra-olio birjina gehituko dugu. Potoari estalkia ipiniko diogu eta aire zabalean utziko dugu, baina eguzkitik babestuta. Hamabost egunean egunero eragingo dugu. Oihalezko iragazki batek lagunduta iragaziko dugu eta beirazko flasko batean ontziratuko dugu. Zuzeneko argitik babestuko dugu.       

Belarrak eta landareak batzeko aholkuak

Orokorrean: hartu ondo ezagutzen duzuna; hartu neurriz eta soilik lekuan asko badaude; ez eraman dena, utzi beti zerbait; hartu bakarrik erabiliko duzun landarearen zatia; ez atera sustraitik, moztu ondo hazten jarrai dezaten; ez moztu loreen % 20 baino gehiago, zuhaitzak edo zuhaixkak badira; hartu bakarrik erabiliko duzuna, geroago itzuli zaitezke, edo beste leku batzuetara joan; ez jaso gune babestuetan edo parke naturaletan.

Non: larreetan eta autorik pasatzen ez den bide-ertzetan; goldatu gabeko basoetan; toxikorik erabiltzen ez den ortuetan eta lorategietan; INOIZ EZ areketan, fumigatutako landetan eta ibaiertz kutsatuetan.

Noiz: goizean, ihintza sikatu ondoren; hartu hostoak erabiliko ditugun egunean berean; hartu loreak goizean eta sustraiak arratsaldean; landareak gorde edo sikatzeko, hobe da ilbehera denean jasotzea.

Materialak: eskularruak, artaziak, paperezko oihalezko poltsa, zumezko saskiak…

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).