Hiru mota daude:
-Palustrea: toxikoa da eta ez dugu hartu behar. Punta diferentea da eta perretxiko-itxura duen burua du.
-Soroa: erabilera sendagarria du.
-Handia: bere osagaiak hain kontzentratuak ez diren arren, erabilera sendagarria ere badu. Eraztun beltzak ditu zurtoinean, eta ohikoa da gure zonaldeetan.
Noiz batu / loraldia
Azeri-buztanak ez du lorerik eta, iratzeek bezala, esporen bidez ugaltzen da. Udaberrian batzen da, eta udazkenean landarea sikatzen hasten da.
Ezaugarri sendagarriak
Diuretikoa da, arazgarria, hanturaren kontrakoa, hemostatikoa eta orbaintzailea. Mineral asko ditu, haien artean silize-kantitate handia, hezurretarako eta tendoietarako oso inportantea dena. Hezur-arazoetarako edo gihar-minak ekiditeko, landarearen infusioak hartu daitezke (gehienez hilabete bat jarraian). Oso eraginkorra da sudurreko edo zaurietako odol-galera eteteko.
Erabilera diuretikoa eta odol-galerak eteteko. Egosketa
Diuretiko moduan erabili nahi badugu, ordu erdian 50 gramo belar egosi behar dugu; eta odol-galerak eteteko bada, 100 gramo. Iragazi behar dugu erabili baino lehen. Jatordu nagusien aurretik hartu behar dugu diuretiko moduan; eta odol-galerak eteteko, konpresak ipiniko ditugu zaurien gainean.
Sukaldean
Landarea garbituta eta ondo sikatuta, hauts bihurtu arte ehotzen bada, urte erdia baino gehiago irauten du pote hermetiko batean. Entsaladetan eta pureetan, esaterako, gatzaren ordez erabili dezakegu eta, horrela mineralak ere hartu.
Gatzaren ordezkoa: gatza, asuna eta azeri-buztana (kantitate berdinak): landareak ondo sikatuta, ehogailuan txikituko ditugu, hauts bihurtzen diren arte. Gatzarekin nahastuko dugu, eta potean sartu.
Belarrak eta landareak batzeko aholkuak
Orokorrean: hartu ondo ezagutzen duzuna; hartu neurriz eta soilik lekuan asko badaude; ez eraman dena, utzi beti zerbait; hartu bakarrik erabiliko duzun landarearen zatia; ez atera sustraitik, moztu ondo hazten jarrai dezaten; ez moztu loreen % 20 baino gehiago, zuhaitzak edo zuhaixkak badira; hartu bakarrik erabiliko duzuna, geroago itzuli zaitezke, edo beste leku batzuetara joan; ez jaso gune babestuetan edo parke naturaletan.
Non: larreetan eta autorik pasatzen ez den bide-ertzetan; goldatu gabeko basoetan; toxikorik erabiltzen ez den ortuetan eta lorategietan; INOIZ EZ areketan, fumigatutako landetan eta ibaiertz kutsatuetan.
Noiz: goizean, ihintza sikatu ondoren; hartu hostoak erabiliko ditugun egunean berean; hartu loreak goizean eta sustraiak arratsaldean; landareak gorde edo sikatzeko, hobe da ilbehera denean jasotzea.
Materialak: eskularruak, artaziak, paperezko oihalezko poltsa, zumezko saskiak…
Bitxikeriak
Azeri-buztan guztiak antzinako landareak dira, eta arraro samarrak. Gaur egungoak Triasikoko landareen ondorengoak dira; horiek dinosauroekin bizi ziren eta zenbait metro neurtu ahal zituzten.