Lehenengo zerrendan Gasteiz agertzen zen, baina Gobernuaren Ordezkaritzak esan zuen akatsa izan zela eta Arabako hiriburuaren ordez Zamudio izendatu zuen hautagai. Hauek dira besteak: Cabanillas del Campo (Guadalajara), Cebreros (Ávila), Ciudad Real, Elx (Alacant), Lizarra (Nafarroa), Huelva, Jerez de la Frontera (Cádiz), L’Hospitalet de Llobregat (Bartzelona), Las Palmas/Agüimes/San Bartolomé de Tirajana (Kanaria Handia), León, Ourense, Palentzia, Puerto del Rosario (Kanaria Handia), Puertollano (Ciudad Real), San Javier (Murtzia), Isla de Tenerife (Santa Cruz Tenerifekoa), Sevilla, Teruel, Tres Cantos (Madril) eta Yebes (Guadalajara). Hiriak aukeratzeko, hainbat ezaugarri hartu dira kontuan: besteak beste, garraiobideak, inguruko hotelak eta enpresa- eta hezkuntza-sektorea dinamikoa izatea.
Eusko Jaurlaritzak babesa adierazi dio Zamudiori. “Espazio-industria eta ekosistema zientifiko-teknologiko garrantzitsua dugu Euskadin, eta horregatik gurea egoitza egokia izango litzateke”, aipatu zuen Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak. Tapiaren esanetan, Euskadik apustu sendoa egin du espazio-ikerketaren alde. Izan ere, ITP enpresaren % 6 erosi du eta hitzarmena sinatu du Airbus enpresarekin, digitalizazioa eta jasangarritasuna lantzeko. Era berean, lehen mailako gaitasun eta azpiegitura zientifiko-teknologiko garrantzitsuak ditu, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen kasu. HEGAN Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Kluster Elkarteak ordezkatzen du euskal espazio-sektorea eta bertan 68 elkarte eta 14.000 langile daude.